Edurne Elizondo
Eneida Idiakez altsasuarraren bizitza erabat aldatu zen duela zortzi urte, 20 baino ez zituenean. Auto istripu larria izan zuen, eta buruan jasotako kolpeak utzi zion arrastoa. Ahoskatzeko arazoak baditu, bertzeak bertze. Ez du amore eman nahi, ordea, eta zailtasunei gogor lan eginez aurre egiten die, egunero, Adacen elkarteak Mutiloan duen zentroan.
Idiakezek aitortu du hasieran ez zuela han egon nahi. “Beldur nintzen; ez nuen inor ezagutzen, eta egoera erabat berria zen niretzat. Denak sortzen zidan kezka”. Istripua izan eta gero, Ubarmin klinikan egin zuen errehabilitazioa, lehendabizi. Hainbat hilabete eman zituen han, eta Ubarminetik eraman zuten Mutiloako egoitzara. Astelehenetik ostiralera egunero joaten da, goiz eta arratsaldez.
Hasierako Eneida gogoan du Itziar Dolz logopedak. Altsasuarra laguntzen du ahoskatzeko dituen zailtasunei aurre egiten, eta elkarrizketan ere haren ondoan izan da. “Kosta egiten zitzaion. Eta normala da: 20 urte zituen; ez zuen inondik inora gurearen gisako zentro batean egon behar”. Baina istripuak erabat aldatu zuen altsasuarraren egunerokoa. Zentroko lana bilakatu zen haren errutina. Ordura arteko bere bizitza amaitu, eta etapa berri bat hasi behar izan zuen, halabeharrez.
Idiakezek eman dio buelta egoerari, hala ere. “Aurrera egiteko indar handia du; lan eginez hobera egiten zuela konturatu, eta hori izan da Eneidarentzat pizgarririk garrantzitsuena”, azaldu du Dolzek. Idiakezek berak halaxe onartu du: “Hemengo lanak on egin dit. Nire egoera berean diren beste pertsonak ezagutzeak eta haiekin hitz egiteak ere egin dit mesede”.
Euskara taldea
Hobera egiteko lanaren ardura bere gain hartzeko gai ere izan da Idiakez: euskara taldea osatu du zentroan. Bost ikasle ditu, eta haietako bat da Dolz. “Sekulako pazientzia du gurekin. Hamaika aldiz errepikatu behar dizkigu gauzak. Hori harentzat ere ona da, eskolak ematen dituen bitartean ahoskatzeko lana egiten duelako”.
Kontent da Idiakez bere euskara taldearekin. Ahizpak laguntzen dio eskolak prestatzen. Familiaren babesa hagitz garrantzitsua izan dela argi utzi du altsasuarrak. Lagunena ere bai. “Egoten naiz haiekin. Istripua gertatu eta gero, dena aldatu zen. Baina denborak aurrera egin du, eta sumatzen dut babesa”.
Segundo bakar batean dena alda daitekeela ederki daki Idiakezek. Istripuaren ingurukoak ez ditu gogoan, baina argi du zer mezu zabaldu nahi duen: “Kontuz ibili errepidean”. Aitortu du ez dela erraza aurrera egitea. “Baina egin daiteke”. Horixe nabarmendu du. Euskara eskolak emateak hori erakusten dio, astelehenero, bere ikasleekin bat egiten duenean. “Ardura hori hartzeko gai dela sentitzen du, eta bada; horrek bultzatzen du lanean jarraitzera”, erran du logopedak.
Proiektu gehiago ditu Idiakezek. Harago joan nahi baitu. Pianoa jotzen du, adibidez, eta idaztea ere biziki gustatzen zaio. “Asko idazten dut. Ideia bat bururatu, eta berehala idazten dut. Idazle izan nahi dut”. Hasierako etsipena atzean utzi du Idiakezek. Dolz izan da altsasuarraren garapenaren lekuko, eta bide luzea egin duela nabarmendu du. “Aurrera egiteko gaitasun handia du; eta gogoa”.