Edurne Elizondo
Udazkenak hartu du Zilbeti. Etxarro errekako ur gardena hostoz beteta heldu da herrira, menditik. Pagadian zuhaitzek atzean utzi dute jantzi berdea, eta kolore gorrixkek eta horixkek aldarrikatzen dute, orain, haien garaia. Eskinosoak oihu egin du zuhaitz artetik atera denean. Okil gibelnabarrak, berriz, ez du non den iragarri.
Etxetik atera, eta mendiari so egin dio Roberto Huartek. Bizitza oso bat dute Zilbetiko herritarrek pagadiari lotuta. Horregatik, lasaitua hartu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia ezagutu eta gero. Ezezko biribila eman diolako ebazpenak Zilbetiko pagadian harrobia egiteko Magnaren proiektuari: argi utzi du enpresak egin nahi duen harrobiak “kalte onartezina” eginen lukeela Natura 2000 sareak babesten duen eremu horretan. Enborrek zutik jarraituko dute, beraz, baina hozkak agerian dituzte. “Auzi honek bitan zatitu du herria; eta zauria oraindik ez da itxi”.
Harrobia egiteko aukerak erabat baldintzatu du Zilbetiko egunerokoa azken urteotan. 2010ean onartu egin zuen Nafarroako Gobernuak Magnak aurkeztutako proiektua. Aldude Koordinakundeak aurre egin zion, hasieratik. Pirinioetako hamaika herritako bizilagunak badira elkarte horretan; Zilbetikoak ere bai. “Enpresa izan dugu aurrean; gobernua bera; bai eta bertze hamaika herritar ere”, nabarmendu du Ronces Martinezek.
Zilbetin jaio zen, eta Zilbetin bizi da. “Sententziak erakutsi du guk ez dugula gezurrik erran; urteotan, konfiantzarik eza ikusi dut herritar anitzen aurpegietan; bai eta 21 urteko nire alabarenean ere. Jendeak uste zuen oinarririk gabeko gauzak erraten genituela, baina epaileek argi utzi dute ongi ari ginela”. Hori da Martinezentzat garrantzitsuena. Ebazpenak erakutsi du gobernuak hainbat tramite egin gabe utzi zituela, eta berandu aurkeztu zituela proiektuak eraginen lukeen kalteari buruzko zenbait txosten.
Pagoen artean, Huarterekin bat egin du Martinezek. “Basoa beti izan da gure bizitzaren parte. Gurea landa herri bat da. Naturarekin eta mendiarekin bat eginda bizi izan gara beti, eta argi dut egun batetik bertzera harrobiarekin lotutako herri bilakatu nahi izatea ez dela garapena; atzera egitea litzateke”.
Epaileek pagadiaren defentsarekin bat egin dute. Nafarroako Gobernuak berak zaintza bereziko eremu izendatu zuen Aldude mendia, 2005. urtean. Haren barruan da Zilbetiko pagadia. “Nik beti pentsatu dut proiektu honek ezin izanen zuela aurrera egin; eta ziur naiz oraingo sententziak behin betiko hutsean utziko duela harrobia egiteko aukera”. Huarterenak dira hitzak. Magnak bere asmoen berri eman eta gero, etxe ondoko borda konpontzen hasi zen. Ia amaituak ditu etxea atontzeko lanak. “Landa etxea izanen da”. Zilbetin gelditu nahi du Huartek. “Gure altxor nagusia inguratzen gaituena da; gure mendiak, eta gure basoak”. Mendi eta baso horien artean ikusten du gazteak bere etorkizuna. Sorterrian.
Baztan, Zilbeti, Aurizberri
Aldude mendian da Zilbetiko pagadia. Herri horretako basoak ez dira harrobiaren mehatxupean izan diren bakarrak. Izan ere, Magnaren lehendabiziko asmoa harrobia Baztanen egitea izan zen, Erdiz izeneko eremuan; Aldude mendian hura ere. Han bat egin zuten herritarrek proiektuari ezetz errateko; bere asmoak bertan behera utzi zituen Magnak, eta Zilbetira jo zuen.
Epaileek itxi dute orain ate hori, Aldude Koordinakundeko abokatuek “sendo, eredugarri eta eztabaidaezintzat” jo duten sententzia baten bidez. Ebazpen horrek Pirinioetako bertze toki batean ere eragina izanen duela espero dute koordinakundeko kideek. Izan ere, Geoalcali enpresak silizea ustiatzeko proiektua jarri du mahai gainean, Aurizberrin. Non, eta Aldude mendiko lurretan, berriz ere.
Jokin Martinez eta haren iloba Joseba Martinez koordinakundean ari dira egitasmo horren aurka, lanean. Zilbetiko basoan, hagitz berri ontzat jo dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak argitaratu duen ebazpena. Poztu dira Zilbetiko lagunengatik. Eta poztu dira, halaber, sententzia horrek Aurizberriko proiektua ere hutsean utz dezakeela uste dutelako.
“Aldude mendiari egin diote eraso azken urteotan martxan jarri diren proiektuok; finean, Pirinioetako eskualdeei egin diete kalte, eta haien garapen eredua jarri dute arriskuan”, azaldu du Jokin Martinezek. Ez du zalantzarik: “Zilbetiko proiektuak jaso duen ezezkoa funtsezkoa da guretzat; zabaldu nahi zuten ate bat itxi egin du, erabat”. Bat egin du haren ilobak. “Aurizberriko egoera Zilbetiko bera da; Natura 2000 sareko eremu batez ari gara, babestutako eremu batez alegia”.
2007an egin zituen lehendabiziko urratsak Aurizberrin silizea ustiatzeko proiektuak. Baina urte hartan Nafarroako Gobernuak berak erabaki zuen zundaketak egiteko aukera ez baimentzea. Enpresak berriz aurkeztu zuen bere egitasmoa, 2010ean. Orain, ingurumen eraginaren adierazpena jaso zain dago.
Naturaren alde borroka egin behar izatea zer den ederki dakite Pirinioetako eskualdeek. Itoitz galdu zutela gogoratu du Jokin Martinezek. Zilbeti irabazi dute orain.