Franco diktadorea bizirik zen Irati ibaiko ura urtegi batean jasotzeko aukera lehendabizikoz aipatu zutenean. 1980ko hamarkadan eman zioten bultzada Itoizko proiektuari, eta 2004ko urtarrilean hasi ziren betetzen. Nafarroako Gobernuak hasieratik sustatu zuen ur hori hegoaldera eramanen zuen ubidea, urtegiaren osagarri, eta 2001. urtean, azpiegitura horren lehendabiziko harria jarri zuen orduko Espainiako Ingurumen ministro Jaume Matasek.
Hamalau urte joan dira, eta denborak eta datuek agerian utzi dute Nafarroako eta Espainiako gobernuen azpiegitura horren aldeko diskurtsoak oinarri ahula zuela. Uraren Kultura Berria Fundazioko kide Rosario Brinquisek Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren “bideragarritasunik eta errentagarritasunik eza” agerian utzi zuen 2012an, proiektuari buruz Zaragozako Unibertsitatean egindako analisi ekonomikoan. Lan horrek UNEDeko Ekonomia falkultateko Aquae fundazioaren saria jaso du orain. Bere analisiaren emaitzak berretsi ditu Brinquisek, eta ezbaian jarri du, gainera, Kontuen Ganberak egin eta asteon Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako txostena.
Nafarroako ubidearen lehen fasea egina dago; eta lehen fase horren hedapena egiteko proiektua ere martxan da. Kolokan, berriz, bigarrena. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak erran du bigarren fase hori berraztertzeko beharra dagoela. “Ez dago bermatuta, egun duen diseinuarekin, kalitatezko ura emanen duenik, herritarrak zigortuko ez dituen prezio batean”, erran du Uxue Barkos presidenteak. PSNk, UPNk eta PPNk ohiko diskurtsoari eutsi diote, eta funtsezkotzat eta estrategikotzat jo dute ubidea Nafarroarentzat.
Negozio txarra
Estrategikoa. Hitz hori da Nafarroako ubidearen auzian giltzarri nagusietako bat. Parlamentuko oposizioko taldeekin bat egin du Brinquisek, eta azpiegitura estrategikoa dela onartu du. Ez, ordea, Nafarroarentzat. “Enpresa pribatuentzat baizik”. Nafarrentzat, ehunka milioi jaten dituen zulo beltza. “Herritarrek ez dute batere negozio onik egin Itoizko urtegiarekin eta ubidearekin”.
Brinquisek 30 urteko eperako azterketa egin zuen bere txostenean. Haren arabera, urtegia eta ubidearen lehen fasea kontuan hartuta, 1.359 milioi eurokoa izan da eraikuntza lanak egiteko inbertsioa. 625 milioi euro urtegiari dagozkio; 594,5 milioi euro, ubidearen lehen faseari; eta 383,7 milioi euro, berriz, lehen fase horretako ureztatzeko eremuari. Ubidearen lehen fasea kontuan hartuta, gainera, kostuen %27 berreskuratzeko gaitasuna baino ez du proiektuak.
Binomio gisa garatu diren azpiegitura horiek piztu dute enpresa pribatuen interesa, ordea, administrazio publikoak lagun. Brinquisek argi eta garbi erran du. “Lehen fasea zabaltzeko proiektua martxan da, eta bigarrena bertan behera utziko dutenik ere ez dut argi, nahiz eta dirurik eta urik ez dagoen. Proiektuak eutsi dio, hura bultzatzeko interesa izan duelako enpresa publiko batek; ura aberastasunarekin eta garapenarekin lotzeko diskurtsoak arrakasta izan ohi duelako herritarren artean; eta enpresa pribatuen interesa piztu duelako porlanaren eta uraren pribatizazioaren negozioak”.
Proiektua bultzatu duen enpresa publikoa Intia da. Erakunde horrek ubidearen garapenean bete duen rola aztertzea ezinbertzekotzat jo du Brinquisek, egungo egoera ulertzeko. “Intiak interes ekonomiko zuzena du. Enpresa horretako ureztatze sailak ubideari esker ateratzen du bizimodua”. Brinquisek nabarmendu du, hain zuzen, Kontuen Ganberak Intiako datuak hartu dituela bere txostena osatzeko. “Bere horretan eman ditu”. Onartu du “harritu” egin duela txosten horrek. “Batetik, datuak falta direlako, adibidez, kostuei buruz; eta jasotako datuen analisia ez dutelako egin, bertzetik”.
Horri buruz adibide bat aipatu du Brinquisek. “Intiako datuen arabera, ubideak 360 lanpostu ditu urtean, lehen fasean; 22.000 hektareako eremua da; hor, lehorrekoak ziren lehen lur zati guztiak, eta ureztatzekoak dira orain; hor sortu beharko litzateke lanpostu gehien, beraz. Proiektua martxan jarri zutenean, hain zuzen, 8.000 izanen zirela erran zuten ubidearen bultzatzaileek. Lehen faseko hogei ustiategi aztertu ditu Nafarroako Gobernuak, eta ondorioa alderantzizkoa da, ordea. Lanpostuak suntsitu direla”.
Kontuen Ganberak txosten horren berri eman duela onartu du Brinquisek. “Baina aipatu bertzerik ez dute egin. Datu horiek ez dituzte bertzeak bezainbertze nabarmendu; eta ez dute aztertu, gainera, agindutako 8.000 lanpostuekin zer gertatu den”. Nekazarien etekinei buruz ere, zalantzak mahai gainean jarri ditu Brinquisek: “Kontuen Ganberaren txostenak Intiak emandako datua jaso du: hektarea bakoitzeko mila euroko etekina. Inongo nekazarik ezin du horrelako datu bat onartu. Haien estatistiketan ere ageri da —egungo prezioen arabera— 100 edo 150 eurokoa dela etekina, hektarea bakoitzeko”.
Uraren giltza
Ubideak Itoizko ura garraiatzen du; ur hori nekazarien lurretara eramateko, hala ere, azpiegitura hori ez da nahikoa. Ubidetik ureztatzeko sarera eraman behar da ura, hain zuzen ere, eta hor aurkitu dute enpresa pribatuek bilatzen zuten aukera. Hor dago Brinquisek aipatu interes estrategikoa. “30 urterako kontzesioa jaso dute; uraren pribatizaziorako giltza haien esku dute. Finean, enpresa pribatu batek saltzen du ura. Lanak egin dituzte presio bidezko banaketa sarea osatzeko. Haien gain dago ureztatu beharreko eremua, eta haiek egin eta bideratu behar dituzte hango obrak eta dagozkien mantentze lanak”.
Lan horiek ordaintzeko, itzalpeko ordainsari sistemaren alde egin zuen Nafarroako Gobernuak. Lehen fasean gobernuak berak jarri zuen martxan proiektua, eta lur zatiak batu zituen. Lehen bi sektoreetako obrak egin zituen, gainera. Enpresen esku gelditu zen gainerakoa: lehen fasea amaitzea, bai eta lehen fase horren hedapeneko lanak egitea ere. Azken hori martxan da, oraindik.
Lan horiek ordaintzeko, itzalpeko ordainsari sistemaren arabera urtean kanon bat pagatzen die gobernuak enpresei: batetik, ureztatze eremuan dagoen hektarea kopuruaren arabera; eta, bertzetik, kontsumitutako uraren arabera. Nekazariek ere ordaindu behar diete enpresa horiei: “Legez, presio bidezko banaketa sarearen balioaren %15 aurreratu behar dute”, azaldu du Brinquisek.
Ez da hori nekazariek ordaindu beharreko bakarra: “Nekazariek, hasteko, Ebroko Ur Konfederazioari ordaindu behar diote 34 euroko kanon bat; bertzetik, Canasari ordaindu behar diote, kopuru zehatz bat hektarea kopuruaren arabera, eta bertze bat kontsumitutako uraren arabera; azkenik, ureztatze eremuen kontzesioa duten enpresei ordaindu beharrekoa dago. Ureztatzen ez duen nekazari batek urtean 140 euro inguru ordainduko ditu, hektarea bakoitzeko; ureztatzen duenak, berriz, 240 inguru”. Enpresek, hala ere, gobernutik jasotzen dute diru gehien: “Gobernuak urtean 13 milioi inguru ordaintzen badu, ureztatzaileek 500.000 euro inguru”.
Ubideak gehiago kendu die nekazariei, hala ere, Brinquisen hitzetan. “Bertze hainbat arlotan murrizketak eragin dizkie, dena ubideak eraman duelako”. Herritar guztiek galdu dutela erantsi du. “Paisaia, kohesioa, zoriontasuna galdu dugu obra honekin”.