Errepresioak badu izenik

Errepresioak badu izenik

Edurne Elizondo

Liburu hau kolpe moral, politiko eta etiko handia da Nafarroako gizartearentzat”. Horixe nabarmendu du Fernando Mendiola NUPeko irakasle eta historialariak, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores lanari buruz. Fernando Mikelarena Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta historialariak idatzi du (Bera, 1962), Pamiela etxearekin. 557 orritan, izen-abizena jarri die 1936ko errepresioaren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei. Hamaika artxibotan eta iturritan arakatu du, bost urtez, eta herritarren esku jarri du emaitza. Ezagutu beharrekoa delako, haren hitzetan.

Bat egin du iritzi horrekin NUPeko irakasle eta Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian katedradun Gregorio Monrealek. Zer gertatu zen jakiteko beharra nabarmendu du. Eta erantsi du horretarako balio duela Sin piedad liburuak. “Jauzi kualitatiboa egin du Mikelarenak lan honekin. Ez die bakarrik basoko zuhatzei erreparatu; zuhaitz bakoitzak basoan duen tokiari ere bai. Liburu hau irakurtzen duzunean, erantzuleen berri jasotzen duzunean, eta biktimen babesgabetasunaz eta haienganako krudeltasunaz jabetzen zarenean, zure sentimenduak azaleratzeko beharra sentitzen duzu; garbiketa politikoa jasan zutenenganako elkartasuna azaltzekoa”.

1936ko altxamendu militarraren ondotik, errukirik izan ez zutenei egin die so Mikelarenak bere azken liburuan. Lan mardula da. Gogorra. Bai eta beharrezkoa ere. Gerra fronterik gabe, 3.000 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten Nafarroan, eta bertze milaka eraman zituzten preso, gainera. Mikelarenak errepresioaren intentsitatea aztertu du, hain zuzen ere, eta zehaztasunez ikertutako bertze hainbat herrialdetako datuekin alderatu ditu Nafarroakoak. Emaitzak lehena bilakatzen du herrialde hori: “Bertze 37 probintziatan gertatu zenarekin alderatuta, eta errepresioa ezkerreko biztanle kopuruaren arabera neurtuta, hemen inon baino latzagoa izan zen”, nabarmendu du egileak; gogoratu du altxamendua gertatu eta egun gutxira Nafarroa frankisten kontrolpean zela jada.

“Nafarroa, bertze behin, laborategi bilakatu zuten”. Horixe salatu du historialariak, eta, horregatik, hain zuzen ere, auzia modu integral batean aztertzeko beharra jarri du mahai gainean. “Kontuan hartzen ohi ez diren arduradunei so egiteko garaia da. Biktimak biktima dira biktimarioak badirelako”. Eta biktimario horiek diren aldera begiratu du Mikelarenak bere liburuan.

“Laguntzaile anonimoak”

Erantzuleak, laguntzaileak eta gauzatzaileak. Azpititulu hori hautatu du Mikelarenak bere liburuarentzat, hainbat ardura mota bereizten ahal direlako, haren hitzetan, 1936ko garbiketa politikoan: “Lehen mailan dira agintari militarrak”, nabarmendu du historialariak. Erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu ditu bigarrenean; eta hirugarren maila batean, berriz, “bertzeak hiltzeko prest” zirenak. “Heriotza eskuadroiak osatu zituzten; Iruñeko Aguila, edo Tuterako Escuadra Negra, adibidez”. Baina bada arduradun gehiago, Mikelarenak liburuan jaso duenez: “Laguntzaile anonimo haiek guztiak”. Altxamenduaren ondotik, bizilagunaren aurka egiteko prest agertu ziren haiek.

“Zer gertatu zitzaion jende horri? Zer gertatu zen jende hori modu horretan brutalizatzeko?”, galdetu dio Mikelarenak bere buruari; liburuan erantzuna ematen ahalegindu da historialaria. “Nik uste dut erantzule nagusien estrategia izan zela ardura banatzea; erregimenarentzat errazagoa izan zen eskuak odolez zikindu zituzten haien babesa jasotzea, eta, horrela, taldea batzea”. Gehiago erran du Mikelarenak: “Saiatu ziren ahalik eta jende gehien biltzen, arlo guztietan errugabe joko zituztela ziurtatzeko; arlo juridikoan, memoriaren arloan, bai eta historiarenean ere”. Bereziki egin dio so Mikelarenak “pertsona arrunten” kasuari. “Pertsona horiek saiatu ziren, neurri handi batean, haien burua zuritzen, errepikatuz, adibidez, erlijioaren izenean egiten zituztela egiten zituztenak. Erantzule nagusiek jakin zuten gisa horretako laguntzaileak haien ondora biltzen, eta, modu horretan, haien isiltasuna bermatzen”.

Herritarren brutalizazio prozesu hori Erriberan hasi zen mamitzen, Mikelarenak agerian utzi duenez. “Boluntario errekete eta falangista anitzek parte hartu zuten herritarrak atxilotzeko miaketetan”.

Buruzagi karlisten eta falangisten erantzukizuna jarri du Mikelarenak agerian, eta “Nafarroako eliteko ordezkariek ere” errepresio prozesuan parte hartu zutela nabarmendu du. “Ez da zuzena garbiketa politikoaren ardura guztia karlisten eta falangisten buruzagien esku jartzea; karlisten eta falangisten artean ordezkaritza bazuten eliteko kideak ere baziren gertatzen ari zenaren erantzule. Botereari eutsi nahi zioten”.

Han eta hemen bilatu ditu Mikelarenak liburua osatzeko datuak. Hamaika artxibotako agiriak aztertu ditu, tartean hainbat espetxetakoak. Errepresioan parte hartu zutenek idatzita utzitako lekukotasunak ere baliatu ditu historialariak. “Barasoaingo bizilagun baten fitxan, adibidez, 43 urte zituen eta bost seme-alabaren aita zen gizon horrek onartu zuen behin Iruñera joan zela hainbat pertsona fusilatzera”.

Jose Maria Jimeno Juriok 1970eko hamarkadan herriz herri jaso eta grabatutako lekukotasunak erabili ditu Mikelarenak, halaber. “Historialariak gaitasun aparta erakutsi du, gainera, han eta hemen jasotako datu hutsekin informazio zati sendoak osatzeko”, nabarmendu du Gregorio Monrealek. Iturri horiek eman diote liburua osatzeko aukera Mikelarenari. Historiografian hutsuneak badirela salatu du, hala ere. Nahita isilarazitako testuak eta agiriak. Kontakizunetik at utzi nahi izan dituzten erantzukizunak. Arrastoa utzi dute, ordea, eta Fernando Mikelarenak tira egin dio, sendo, hariari. Memoriari ezarritako giltzarrapoa, behingoz, irekitzeko.