Orbaizetan eta Garraldan oroituko dute Zabalza haren senide eta lagunek

Orbaizetan eta Garraldan oroituko dute Zabalza haren senide eta lagunek

E. Elizondo

Orbarako pareta batean margotu du norbaitek Orbaizetako eta inguruko herrietako biztanleek zer sentitzen duten. “Herriak ez du atzenduko”. Mikel Zabalzaren heriotzak zimikoa eragin zien bihotzean, duela 30 urte, eta denbora horretan ezin izan dute atera azalean iltzatuta gelditu zitzaien arantza. “Hori sentitzen dugu. Kolpe latza izan zen Mikel Zabalzaren hilketa bailara guztiko herritarrontzat”, erran dute Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimeneko kideek. Horregatik, urtero-urtero, omenaldi bero eta sentitua egiten diote herrikideari.

Berezia izanen da aurtengoa, nolabait. Bihar eginen dute: Orbaizetako Olan, lehendabizi, ohi bezala, 10:30ean. “Familia arteko ekitaldia izanen da hori”. Garraldako kiroldegian, gero, 12:30etik aurrera. “Garraldan antolatu dugu, han jende gehiagok izanen duelako parte hartzeko aukera”. Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Parlamentuko talde guztiek jaso dute biharko omenaldian egoteko gonbidapena. “Badakigu gobernutik ordezkariren bat etorriko dela”. Ontzat jo dute hori antolatzaileek, bai eta Nafarroako Parlamentuan Zabalza auzia jorratu izana ere. “Oraindik lan asko bada egiteko, hala ere; egia jakin nahi dugu; egia, aitortza, erreparazioa eta justizia nahi ditugu”.

‘Galdutako objektuak’

Mikel Zabalzaren hilketari buruzko egia bilatzen du, halaber, Ahotsa.info prestatzen ari den Galdutako objektuak dokumentalak. Diru bilketa martxan da, Verkamiren bidez. 15.000 euro lortzea da helburua.

Zabalza auzitik harago egin nahi du so lan horrek, eta torturaren erabilera aztertu eta salatu: “Tortura errepresiorako tresna izan da Euskal Herrian, eta modu sistematikoan erabili dute, gizartea beldurtzeko”, azaldu du Ahotsa.info-ko kide Miguel Angel Llamas Pitu-k.

2016ko irailerako prest izan nahi dute lana egileek. Zabalzaren senideen testigantzekin batera, bertze hamaika pertsonarenak jasoko dituzte. Tartean, Paco Etxeberria auzi medikuarenak; eta Nazio Batuen Erakundeko hainbat kontalarirenak, torturari aurrea hartzeko batzordean lanean ari direnak: Theo van Boven, Nigel Rodley eta Mauro Palma.