“Gure inguruaren nahiak asetzen ditugu, gureak alde batera utzita”

“Gure inguruaren nahiak asetzen ditugu, gureak alde batera utzita”

Pertsona helduago baten azaletik kontatu du Esti Martinezek (Iruñea, 1991) haurdun geratu nahi ez duen baina gizarteak haurduntzen duen emakume baten istorioa. Horregatik, irakurle asko eta epaileak harritu egin dira Zuberoa Oteiza izenordearen atzean Martinez zegoela jakitean: 24 urteko gazte bat. Arratsalde batean gertatzen da guztia, baina, lerroz lerro, bederatzi hilabete igaro direla sinetsarazi dio egileak bere lana eskuetan hartu duen orori. Baita epaileari ere. Azkenean, Martinezen Silikonazko sabela narrazioak jaso du 25. Pedro Atarrabia literatur lehiaketako saria.

Nola jaso duzu sariaren berria?

Epaileetako batek, Felipe Juaristik, deitu zidan duela pare bat aste, eta haren ahotik jakin nuen euskarazko narrazioen saria niri ematea erabaki zutela. Bere iritzia ere esan zidan, baina orduan ez nuenez uste dei hori jasoko nuenik, ez dut ondo gogoratzen zer esan zidan [barre artean]. Badirudi norbait helduagoa espero zutela, idazteko moduagatik eta kontatzen den istorioagatik. Egia esan, nahiko balorazio ona egin zidan, eta hori ere sorpresa polita izan da niretzat.

Baina ez da jaso duzun lehenengo saria.

Esan daiteke lehenengo sari handia Pedro Atarrabia izan dela. Horrez gain, duela bi urte Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako sormen saria irabazi nuen Deiaren zain lanarekin, eta, horren aurretik, Iruñeko Udalak aipamen berezia eman zidan idazle berrien lehiaketan; baina handiena hau izan da, zalantzarik gabe.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Betidanik gustuko izan dut irakurtzea, txiki-txikitatik. Nerabea nintzenean hasi nintzen gauzak idazten, eta azken lauzpabost urteotan ipuinekin hasi naiz, edo, behintzat, lehendik idazten nuenari forma eta itxura pixka bat ematen.

Silikonazko sabela ipuinak jaso du azken saria. Amatasuna edo amatasunik eza da narrazioaren ardatza. Nola bururatu zitzaizun gaia?

Aspalditik idatzia nuen; ez nuen sariketa honetarako idatzi bereziki. Berez, beste istorio batekin hasi zen guztia, baina pixkanaka forma aldatzen hasi nintzen, eta hau da atera den emaitza. Amatasunaren gaiarekin adierazi nahi nuen askotan gure inguruaren desioak asetzen ditugula, gureak alde batera utzita. Uste dut amatasunaren kontuarekin jende asko horrela senti daitekeela. Behar bat iristen denean edo adinera iristerakoan, badirudi tokatzen zaizula eta hori dela zure inguruak eskatzen dizuna. Nahiz eta zure benetako nahia ez izan.

Nola laburbilduko zenuke istorioa?

Normalean, zail samarra egiten zait istorioa zertan datzan azaltzea. Protagonista neska gazte bat da, eta bat-batean, espero ez duenean, haren inguruko lagunak haurdun geratzen hasten dira, tantaka-tantaka. Konturatu gabe, puntu kritiko horretara iristen da, eta inguruak nolabait haurduntzen du neska. Badirudi haurdunaldi horietaz kutsatzen dela. Ipuina denboran, berez, arratsalde bateko kontua da, baina egun horretan haurdunduz doa, eta ipuina erditzearekin amaitzen da.

Baina ez da haurdunaldi erreal bat, ezta?

Beste modu batera ere interpreta daiteke agian; ireki samarra da. Nik ezetz esango nuke, ez dela benetako haurdunaldi bat. Arratsalde bateko istorioa da, eta ez bederatzi hilekoa. Aipatzen den guztia ilusio moduko bat da, sinbolikoa. Ardatza silikonazko sabela da. Horrekin benetakoa ez den zerbaiti erreferentzia egin nahi izan diot. Gainera, azkenean badirudi pertsonaia silikona zati bat maitatzera heltzen dela.

Amonaren bizimoduarekin hasi duzu istorioa.

Belaunaldien arteko harremana dago lerro artean, amona-bilobek elkar ezagutu ez zuten arren. Protagonistaren amona inudea zen, eta, seme-alabak etxean utzita, Santanderrera joan behar izan zuen beste batzuen haurrak elikatzera. Protagonistak ere, hein batean, bere inguruaren desioak elikatzen ditu. Erditzera iristen da, eta badirudi bera ere ongi sentitzen dela, eta horri esker lagun artean onartuko dutela.

Zertan dira berdinak amona eta biloba?

Bakoitzaren izaera ez dut askorik landu. Hasieran, islatu nahi izan nuen amonak etxean hutsune bat utzi zuela, eta nolabait berak ere jasotzen duela amonak utzitako zulo hori bere belaunaldian. Amona oso bakarrik sentitzen da hartzen duen erabaki horretan, eta protagonista ere, jendez inguratuta egon arren, nahiko bakarrik sentitzen da.

Gorka bikotekidea dauka ondoan. Errealitatean maiz gertatzen den moduan, Gorkak aita izan nahi du, baina protagonistak oraindik ez.

Istorioan muturrera eramaten da kontu hori, eta, azkenean, neskak silikonazko sabela erabiltzen du, haien harremanean dagoen hutsune hori betetzearren edo. Bikote harremanean uste dut askotan iristen dela momentu bat non batak nahi duen eta besteak ez. Era berean, badaude bikote asko haien hutsuneak betetzeko seme edo alaba bat edukitzen dutenak. Kasu honetan, antzeko zerbait gertatzen da, baina benetako umerik gabe.

Zuk ere noizbait sentitu duzu zeure burua zerbait egitera behartua, ingurukoek behartua?

Behin baino gehiagotan. Pertsonaiaren kasua ez da nire errealitatera hurbiltzen, baina bai egoera orokorra. Haurdunaldiaren kontuarekin inguruaren eragina islatu nahi izan dut, baina ez da gai horretan bakarrik gertatzen den zerbait. Lagunartekoen eragina, eta, oro har, gizartearena oso handia da gure kulturan. Askotan zuk zerbait egin nahi duzu, baina ingurukoen beldurrez ez duzu egiten. Gehiegitan gertatzen da hori.