Edurne Elizondo
Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen atzokoa. Bertze animalien eta gizakien arteko harremanari buruz hausnarketa eragitea helburu du, hain zuzen, Ekintza Antiespezista taldeak. Iruñean sortu zen, duela urtebete inguru. Taldeko kide da Maria Ruiz (Larrion, 1998).
Nola sortu zenuten taldea?
Duela urtebete inguru izan zen. Animaliak erabiltzen zituen zirku baten aurka bi protesta antolatu zituzten bi pertsona taldek; bat egitea erabaki, eta Ekintza Antiespezista jarri zuten martxan. Iruñerrian gabezia nabarmena zegoen arlo horretan.
Noiztik ari zara zu antiespezismoaren alde?
Nire ama begano bilakatu zen, duela lau urte inguru. Orduan hasi nintzen animalien erabilerari buruzko informazioa jasotzen, eta ni ere begano bihurtu nintzen. Bertze animaliekin dugun harremanaz ohartu, eta espezismoaren aurka lanean hasi nintzen.
Zer erran nahi du zuretzat bertze animalien eskubideen egunak?
Uste dut egun horrek balio duela agerian uzteko urteko gainerako 364 egunetan noren alde eta zer lortzeko ari garen borrokan. Bertze animalien alde, alegia, haien esplotazioaren aurka. Niretzat borroka antiespezista eguneroko kontua da. Ez du etenik. Baina egun horrek balio du ikusgarri bilakatzeko.
Legeak, ordea, jabegotzat jotzen ditu bertze animaliak.
Gizarte espezista batean bizi gara, eta, ondorioz, bertze animaliak erabiltzeko objektutzat jotzen ditu. Gizakiak bertze animalien gainetik jartzen du bere burua, eta ukatzen ditu bertze animalia horiek dituzten eskubideak. Ahaztu egin zaigu gu ere animaliak garela. Ezberdinak gara, baina berdinak, aldi berean.
Zertan berdinak?
Sentitzeko dugun gaitasunak bilakatzen gaitu berdin. Eta bertze animaliek sentitzeko duten gaitasun horregatik hartu beharko genituzke kontuan bizitzeko eta aske izateko dituzten interesak.
Gizarteak oraindik ez du urrats hori egin. Zaila da zuretzat hori onartzea egunerokoan?
Amorrua sentitzen duzu, animalien erabilera erabat txertatua dagoelako gizartearen eguneroko horretan. Ni beganoa naiz, eta bazter utzi dut erabilera hori. Baina, oraindik ere, kosta egiten zaio jendeari hori ulertzea edo hori ikustea. Ezin dugu ahaztu animalien erabileraren atzean dagoena ezkutatzen duela industriak.
Erabilera normalizatu egin da?
Hala da. Gizarteak normaltzat jotzen du animaliak erabiltzea, eta ez du gogoeta egiten horri buruz.
Elkartearen sorrerak erakusten du zerbait aldatzen hasi dela?
Bai. Karrikara ateratzen ari gara, eta, hirietan, batez ere, jendea hasi da bat egiten, eta sortu dira hainbat talde. Gero eta interes gehiago bada.
Bezala dago Gasteizen; Askekintza Donostian… baduzue harremana zuen artean?
Bai. Elkar ezagutzen dugu, eta ari gara saiatzen gauzak elkarrekin egiten. Gutxi gara, eta gure indarrak batzea garrantzitsua dela uste dut.
Beste herri mugimenduekin baduzue harremana?
Horretan saiatzen gara. Beganismoa ez da dieta bat; ideologia politiko bat da, gure borroka politikoa da, eta harreman handia du bertze hainbat bazterketaren kontrako borrokekin. Ni antiespezista naiz, bai eta feminista ere, adibidez. Baina bertze mugimenduei oraindik ere kosta egiten zaie harreman hori onartzea. Urratsak egiten ari gara, hala ere. Sortu berri den gaztetxeak, adibidez, antiespezismoaren alde egin du. Funtsezkoa da. Denontzat izan behar du gune aske bat. Subeltz espazioan ere egiten dugu antiespezismoaren alde.
Iruñean ganadu feriak, entzierroak eta zezenketak badira bestetan. Zer iruditzen zaizu?
Tamalez, hala da, oraindik ere. Alkatea, gainera, zezenketa bateko presidente aritu zen sanferminetan. Talde antiespezista gara gu, eta horren kontra egiten dugu lan. Zezenketek animalia baten tortura ikuskizun bilakatzen dute. Zezena objektu huts bilakatzen dute. Animalia horrek sentitzen du. Baina jendeak normalizatu egiten du haren sufrimendua, joko bat balitz bezala.
Iruñeko alkate Joseba Asironek “irrigarritzat” jo zuen zezenketak debekatzea, hain zuzen ere.
Tradizioaren izenean babesten dituzte zezenketak. Tradizio guztiak onak al dira? Aldatzeko daude tradizioak. Eta hau da garaia. Uste dut gizartea aldaketa horretarako prest dela. Guk horren alde egiten jarraituko dugu.
Zailagoa da etxaldeetan esplotatzen dituzten animalien egoera aldatzea?
Bai, errealitate hori, oraindik ere, ukatu egiten duelako jendeak. Ukatzeak ekartzen du beti bezala jarraitzea; abantailei uko egin behar ez izatea. Eta hori nahi du jendeak. Ez du aldaketarik egin nahi. Ez du orain duen erosotasuna galdu nahi. Baina zapalkuntza ezin da izan gure egunerokoaren oinarri.