Iritzia: Hilabeteak

Lur Albizu Etxetxipia

Hilabeteak daramatzagu jadanik abesti berbera entzuten. Urte osoa. Batetik atera eta bestean sartu, ez dugu besterik egin. Ematen du ez dagoela besterik; gaia iraunkorki sartu da batzuon bizitzetan, eta ez dago ateratzerik.

Bai. Hauteskundeez ari naiz. Noiz hasi zen aurrekoa? Zenbat egun, aste, hilabete pasa genituen maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina egiten? Nola heldu zen aldaketa? Zenbat esfortzu egin behar izan zen? Erraza da orain horretan pentsatzea, batzuei bizitza osoa kostatu zaien eta lortu duten horri begiratzea, betikoa balitz bezala. Gauzak betikotzen trebeak garelako; memoriak ez digu eskaintza handirik egiten horrelakoetan. Horrelakoetan erraz ahazten zaigu zenbat izerdi bota behar izan zuten eta duten batzuek ditxosozko aldaketa gerta zedin. Orain, guzti-guztion ardura da eta izan behar du aldaketa horretan sakontzea, zerbait eskainiko badigu.

Erraza izaten da, behin aldaketa hori lortuta, norbera etxera bueltatu eta sofan esertzea, zer gertatuko. Telebistaren aurrean jarri eta datorrena datorrela, bata eta bestea(k) kritikatzea. Denok egiten ari gara, espero genituen gauza asko etorri zaizkigulako gainera: Haranbururen kargugabetze bidegabea, oposizioen inguruan sortu den zalaparta, ultrakatolikoak hemendik eta handik, euskarari diru-laguntza eskasak, Iruñeko gaztetxe berriaren aurrean Nafarroako Gobernuak hartu duen jarrera, izendapenekin egondako ezusteak…

Sofan eserita jarraitzen dugu, baina ikusi dugu eta ikusten ari gara nola ateratzen ari diren, indar handiz, oposizioan dauden indarrak eta haien lagun guztiak (Eliza, Diario de Navarra, Navarra Televisión…), eta badakite nola kolpatu. Badakite non eta nola jo behar duten, nola egin tanta batetik itsaso oso bat. Badakite, eta ezustean harrapatu gaituzte. Sofan gaudelako. Sofan gaudelako, nekatuta, indar gutxirekin.

Bada garaia honi buelta ematekoa. Kalean egon behar dugu, telebista itzalita eta geureari indarra emanez. Kalean. Horrela bakarrik lortuko dugu aldaketari benetako izaera ematea, bultzada.

Nahi dugun hori herritarrek erabaki eta sortu behar dugu, behetik, erabakigarritasunez. Protesta egitea erraza da; zaila dena horren alternatibak, proposamenak egitea da. Sortzea.

Lasterketa hasi besterik ez da egin. Hasi besterik ez. Igande honetan gertatuko denak, ni behintzat, itxaropen gutxirekin nauka. Orain egoera zaila bada, hauteskundeek ez dakit deus onik ekarriko duten.

Egin dezagun indar, erabaki dezagun hemen, erabaki dezagun guk geuk. Erabaki dezagun zer, nola, norekin eta nora nahi dugun. Zartakoak Madriletik etorriko direlako. Eta oraingoan ez. Oraingoan ezin gaituzte ezustean harrapatu.