Konpromisoa eta kazetaritza uztartzeko tenorean, eskarmentu handia du Sergio Labaienek (Iruñea, 1975). Nabarreria, Ateak Ireki eta Ahotsa.info hedabideetan lan egin du, besteak beste.
Noiz jaso zenuten Espainiako Gobernuko ordezkariaren ohartarazpena?
Irailean izan zen. Carmen Albaren gutun bat zen, eta bertan, azaltzen zigun Espainiako Poliziak salaketa jarria zuela Ahotsa.info-ren kontra, sanferminetan argitaratutako albiste batean Mozal legea urratu genuelakoan.
Eta hala zen?
Legea, berez, oso zehazgabea da. Artikulu batean aipatzen denez, polizien irudiak baimenik gabe grabatzen badituzu, eta irudi horiek polizia edo haren familia arriskuan jartzen ahal badute, isun bat jasoko duzu. Baina Poliziak kalean egiten duena grabatzeak edo argazkiak ateratzeak arriskuan jar dezake polizien segurtasuna? Eta nork erabaki behar du hori? Kasu honetan, Carmen Alba bera izan da epailearen lana egin duena, berak ebatzi baitu legea urratzen ari ginela. Isunik ez jartzea erabaki zuen, baina mehatxu egin zigun, etorkizunean polizien irudiak argitaratuz gero, 30.000 euro arteko isuna jaso genezakeela ohartarazita.
Nolakoa da salaketaren oinarrian dagoen argazki hori?
Ez da aparteko ezer. Bi polizia ikus daitezke, kaskoa jantzita. Ez da deigarria, inondik inora, eta egunero ikus ditzakegu halakoak Espainiako telebista kate guztietan nahiz berripaperetan. Halakoak edo agerikoagoak!
Abisua jaso zenutenean, zein izan zen zuen lehen erreakzioa?
Logikoa den bezala, gure lehen erreakzioa kezkak eta beldurrak baldintzatuta egon zen. Elkartean eztabaida anitz izan genituen, argitaratu genezakeenari buruz, geure buruari ezarri beharreko mugei buruz. Proiektuaren iraupena bermatzea zen gure helburu nagusia, argi baitago 30.000 euroko isuna jasoko bagenu, Ahotsa.info pikutara joanen litzatekeela. Zenbait abokaturekin ere hitz egin genuen, aukera guztiak aztertzeko.
Eta zer esan zizueten?
Ikuspegi interesgarria eman ziguten. Argi utzi zuten ez direla onargarriak ez Poliziaren salaketa ezta Albaren mehatxuak ere, kolokan jartzen baitute informazioa emateko daukagun eskubidea. Eta horren guztiaren helburua ere jakina da: guk geure burua zentsuratzea. Horretara behartu nahi gaituzte.
Zergatik?
Bada, gure hedabideak askotan islatu dituelako Poliziaren gehiegikeriak. Guk grabatutako irudi batzuk auzitegietan erabili izan dituzte; besteak beste, Aingeru Zudaireren auzian. Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen Zudairek pilotakada baten ondorioz, baina Espainiako Poliziak argudiatu zuen haiek ez zutela pilotarik jaurti. Kasu horretan, Ahotsa.info-ren irudiek balio izan zuten bertsio ofizial hori eraisteko eta Poliziaren erantzukizuna agerian uzteko. Eta ez da kasu bakarra. Oro har, irudi horiek deserosoak dira Carmen Albarentzat, eta argitara atera ez daitezen, Mozal legea era arbitrarioan erabili du gure kontra.
Zuek, baina, ez zarete isilik gelditu, eta Espainiako Gobernuaren kontrako salaketa aurkeztu duzue Estrasburgon…
Bai, geure burua zentsuratu beharrean, ofentsibara jotzea erabaki genuen. Gure zereginetako bat Poliziaren gehiegikeriak salatzea dela uste dugu. Poliziaren aurka gaudelako? Ez, jendearen alde gaudelako baizik. Poliziak bortizkeria erabili du behin baino gehiagotan, eta jokabide horrek zaurituak eragin ditu, baita hildakoak ere. Hortaz, uste dugu gizartearentzat onuragarria dela hedabideek funtzionario publikoen egitekoa zaintzea eta, lana gaizki egiten dutenean, salatzea. Ezin diogu funtzio horri uko egin. Horregatik uste dugu aurre egin behar diogula mehatxuari; oraingoan Ahotsa.info izan delako, aurretik Egunkaria, Egin edo Apurtu.org izan ziren bezala. Baina etorkizunean BERRIA ere izan liteke, edo Diagonal, edo beste hamaika hedabide deseroso.
Nolakoa izan zen prozesua?
Hainbat abokatu eta aditurekin hitz egin genuen salaketa aurkeztu aurretik, eta horren ostean, Defendatzen duena defendatu plataformako kideak gurekin harremanetan jarri ziren. Estatu osoko kazetariek eta juristek osatzen dute talde hori, eta aspaldidanik ari ziren Mozal legearen kontrako estrategia orokor bat koordinatzen. Poliziaren jazarpena pairatu zuten fotokazetari batzuekin harremanetan jarriak ziren ordurako, eta lehen urratsak emanak zituzten salaketa bat aurkezteko. Hori izan zen gure oinarria. Plataformako kideek esan ziguten aukera zegoela auzia Estrasburgora eramateko, eta hala egin genuen.
Zergatik Estrasburgora?
Espainiako justiziak ez duelako beste biderik uzten. Guk jasotako mehatxua, berez, abisu administratibo bat da. Eta horren aurka, ezin dugu helegiterik aurkeztu Espainiako inongo auzitegitan. Ez dugu heldulekurik. Beraz, bide bakarra Estrasburgora jotzea da.
Zenbait hedabidek auzia isildu izanak harritu zaitu?
Ez gehiegi, errepresioa oso barneratua dugulako. Zer gertatuko litzateke, adibidez, Nafarroako Gobernuak Diario de Navarra-ko bi kazetariri isuna jarri izan balie? Eta kazetari horiek Estrasburgora babes eske joan izan balira? Aurrekaririk gabeko eskandalua izanen litzateke hori Nafarroan. Baina biktima errepresioa pairatzera ohituta dagoen sektorekoa bada, normaltzat jotzen dugu. Behar duen garrantzia ez diogu ematen, eta hori erronka bat da: agenda propioa ezarri behar dugu, arerio politikoaren dialektikatik urrundu, eta askatasunari auziari konplexurik gabe heldu. Salbuespen egoera bizi dugu Nafarroan, eta hori aldaketaren agendan sartu beharra dago nola edo hala.