Iritzia: Gailurretik

Idoia Sobrino

Lortuko dugulakoan nago”, erran nuen azaroan. “Lortu dugu”, erraten ahal dut orain. Bertze behin, Iruñeko Alde Zaharreko Liburutegi Publikoaz ari naiz. Orain bai, publikoaz. 2016ak ekarri digun lehendabiziko berri ona hau izan baita: kudeaketa pribatua moztu, eta kudeaketa publikora pasatu da hiriaren erdiguneko liburutegia.

Bidea, baina, luzea izan da; 2011ra arte, Nafarroako Liburutegia Iruñeko San Frantzisko plazan egon zen, Nafarroako ondarearen bilketa eta zaintza egiteaz gain auzoari liburutegi publiko baten zerbitzuak emanez.

Egoitza txiki gelditu zen, eta UPNk kulturari zegokion lursaila Corte Ingles etxeari saldu eta gero, liburutegia hiriko bihotzetik atera eta Mendebaldea auzoan jartzea erabaki zuen.

Politika horrekin liburutegien arloko nazioarteko erakundeek gomendatzen dutenaren kontra egin zuen UPNk, baina horrekin nahikoa ez, eta gainera Alde Zaharra liburutegirik gabe uztea ere bidezkoa iduritu zitzaion.

Motxila horrekin hasi genuen bidea. Zaila. Baina gailurrean gara. Beheko kanpalekura auzoak liburutegi bat lortzearekin iritsi ginen. Hasierako esfortzua beti da gehien kostatzen dena, eta emaitzak, gainera, anitzetan ez dira pentsatutakoak: gobernuak ez zuen liburutegi publiko berria bere gain hartu nahi izan, eta pilota udalari pasatu zion. Horrek, auzokide eta liburuzainen presioaren ondorioz, zerbitzua bere gain hartu zuen, eta hilabete batzuz Kondestablearen Jauregian modu txarrean liburutegi bat-edo jarri zuen, San Frantziskoko egoitza zaharberritu bitartean.

2012ko azaroan, liburutegi berria egoitza moldatura mugitu zuten, baina kudeaketa pribatua eman zion Iruñeko Udalak. Liburutegi berria eri sortu zen. Gailurra egiteko oxigenorik gabe. Harekin batera, enpresa pribatua lan baldintza prekarioan zeuzkan langileak itoz joan zen, zerbitzua bera ere modu eskasean emanez eta Alde Zaharreko bizilagunei merezi ez zituzten kalteak eraginez.

Mendian gora segitzen genuen, baina 2015ean bai, aldaketa iritsi zen, lehendakari, alkate, zerbitzuburu eta bertze hainbertze langile berri ekarriz. Horiek denek urte hauetan guztietan kalitatezko liburutegi publiko baten alde borrokan genbiltzanen hotsak aditu zituzten, eta astelehen honetan, azkenean, gure mendira igo gaituzte, Mikel Urdangarinen kantak erraten duen bezala.

Baina Mikelen hitzak oroituz, zenbaitzuek, udalean eta gobernuan, jakin beharko lukete ez direla jainko lurtiarrak. Eskertuak gaudela egindako esfortzuarekin, baina espero dugula gailurraren lilurak itsutu ez ditzan.

Azken egunetan zenbait erabaki kaxkar hartu dira, tontorrera lehenbailehen ailegatzeko gogoz. Gailurra egin dugu, eta izandako gorabeheretan pentsatzeko aukera ematen digu. Har dezala nire animorik beroena liburutegia kudeatzen hasi den liburuzain berriak. Animo, eta eutsi!