Argindarra bermatuko duen merkaturatzailea abian jarri nahi du Iruñeak

E. Elizondo

Lehen urratsa egin du Iruñeko Udalak, argindar merkaturatzaile publikoa sortzeko. Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailaren barruan dago Energia Berdearen Zerbitzua, eta, haren eskutik, martxan da argindarra merkaturatzeko balizko udal zerbitzu baten bideragarritasunari buruzko ikerketa. Otsailerako eginen dute txostena. Pobrezia energetikoari aurre egiteko tresna izan nahi du udal merkaturatzaileak, irizpide etikoak, gardentasuna eta parte hartzea bultzatuz.

Badira Nafarroan bertan antzeko adibideak. Urdazubin, adibidez, izen bereko argindar merkaturatzailea du udalak. Iruñeak bere zerbitzu propioa abian jartzea lortzen badu, “jauzi handia” litzateke, hiriaren tamainagatik. “%100ean energia berriztagarria merkaturatuko lukeen udal zerbitzua litzateke”, azaldu du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradun Joel Dozzik.

Aranzadik egin du proposamena, baina udal gobernua babesten duten bertze taldeek ongi hartu dutela azaldu dute taldeko kideek; Euskal Herritik kanpo ere, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilen, bertzeak bertze, antzeko proiektuak aztertzen ari dira.

Ekoizle ere bai

“Ideia da udala argindar merkaturatzaile izatea, eta, ahal den neurrian, energia ekoizle ere bai”, azaldu du Dozzik. Onartu du Iruñean herri txiki batean baino zailagoa izan daitekeela ildo horretan urratsak egitea, baina energiaren esparruan burujabe izateak “askatasun handiagoz” jarduteko aukera ematen duela erantsi du. “Bere energia baliabideak kontrolatzen dituen hiriak erabakitzeko eskumen handiagoa du”, erran du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradunak.

Gizarte zerbitzuekin eta gizarte mugimenduekin elkarlanean ariko litzateke merkaturatzailea, gainera, “pobrezia energetikoari modu eraginkor batean aurre egiteko”. Udalak argindarra bermatuko lukeela nabarmendu du Dozzik. Ez hori bakarrik. “Udala izanen litzateke lehen bezeroa, baina nahi duten herritar eta enpresa guztiek izanen lukete zerbitzua jasotzeko aukera. Bai eta merkaturatzaileko parte hartzaile izatekoa ere”.

Goiener eta SomEnergiaren gisako kooperatiben adibidea jarri du Dozzik. “Azken horrek 30.000 bezero ditu estatuan, eta 25.000 bazkide. Bazkide bakoitzak boto bat du”. Jorratu nahi duten ildoa hori dela azaldu du Dozzik, “gardentasunaren eta etikaren izenean”.

Europatik ere “interes handiz” egin diote so Iruñeko Udalak garatu nahi duen proiektuari, Dozzik azaldu duenez. “Energy Cities elkarteak gure egitasmoaren berri jaso nahi duela erran digu”.