Ander Perez
Baratze bat hiriaren bihotzean. Ametsa dirudi, baina errealitatea izateko bidean da: Iruñeko Udalak hiri baratzea sortzeko espazio bat utziko die Alde Zaharreko bizilagunei. Aurreratu dutenez, Pellejerias zokoa izeneko plazatxoa atonduko du, eta Piparrika herritar taldearen esku utzi, baratzea egin dezan. Espazioan oinarrizko konponketa lanak egiten dihardute orain udal langileek, eta, ongi bidean, udaberrian jarriko da martxan ortua.
Piparrika herritar taldea orain dela bi urte hasi zen baratze komunitario baten aldeko aldarrikapena zabaltzen. Eta orain, helburua lortuta, “zoriontsu” agertu da Andrea Rozo taldeko kidea. Azaldu duenez, 2014an abiatu zuen taldeak bere jarduna, “Alde Zaharrean erabili gabeko espazio asko” zeudela ikusita. Egoera horretan, “kudeaketa komunala” izango zuen baratzea sortzea otu zitzaien, eta orduko udalari egin zioten proposamena. Bide luzea izan da ordutik aurrerakoa: “Ez genuen espazioa okupatu nahi, eta dena burokratikoki egin nahi genuen. Eta horrek denbora asko eskatzen du”.
Dioenez, “ateak jotzen” hasi ziren, baina ate horiek ez ziren irekitzen. “Leku batetik bestera bidaltzen gintuzten, eta zaila zitzaigun norengana jo behar genuen jakitea”. Azkenean, UPNren udal gobernuarekin biltzea lortu zuten, iaz. Eta ezezkorik jaso ez zuten arren, ez aurrera ez atzera geratu zen egitasmoa: “Arazo asko jartzen zituzten. Badirudi beldurra zaiola pertsonek espazio publikoak kudeatzeari”.
EH Bilduk gidatutako udal berriaren eskutik heldu da orain egitasmoaren aldeko erabakia. 1.500 metro koadroko espazio bat utziko du udalak herritarren esku, Kondestablearen jauregiaren atzealdean, Jarauta kalearen eta Santa Ana plazaren artean dagoen Pellejerias zokoan. Orain arte, horma batek itxita egon da espazioa, luzaroan.
Baratzearen bidez, auzokideen arteko harremanak eta elkartasun balioak sustatu nahi ditu Piparrikak: “Bizi garen garaian, zaintza eta elkartasun gabezia handia dago gizartean. Jendeak ez du bere burua zaintzen, ez eta komunitateko beste pertsonak, eta are gutxiago atzerrian jatorria dutenak. Hiri baratze batek harremanak susta ditzake, erabat altruista den proiektu baten bitartez”. Izan ere, “elkartzeko, ahalduntzeko eta ikasteko” balio dezake baratzeak Rozoren ustez, “modu sortzaile eta dibertigarri baten bidez”.
Piparrikak berak hartuko du proiektuaren ardura, baina Rozok argi utzi nahi izan du “edozeinentzat irekitako” egitasmoa dela. Azaldu duenez, “norberak nahi duena eta ahal duena eman diezaioke proiektuari”. Hain zuzen ere, herritarren kudeaketan datza proiektuaren berezitasuna: “Beste baratze batzuk partzelaka banatzen dira, eta pertsona bakoitzari berea ematen zaio. Alde Zaharreko hiri baratzea, ordea, komunitate osoak kudeatua da, denona izango da lur saila, jendearena. Auzotik sortutako proiektua da, auzoarentzat”. Alde Zaharreko bizilagunek topaketak egin zituzten joan den urrian, eta han “zilegitasuna” eman zioten ortuaren proiektuari.
Parte hartzeko gonbita, hain justu, auzo osoari egin dio Piparrika taldeak, baina, batez ere, hiru kolektibo ditu Rozok buruan. “Alde Zaharrean adineko pertsona asko bakarrik bizi dira, eta baratzea beste auzokide batzuekin egoteko elkargunea izan daiteke”. Gainera, auzoko ikastetxe eta umeentzat leku aproposa izan daitekeela uste du Rozok, “ingurumenarekin bestelako modu batean izan dezaten harremana”. Eta langabezian dauden bizilagunak ere gogoan hartu ditu Piparrika taldeko kideak: “Denbora pasa dezakete baratzean, eta jakinduria transmititu”. Oro har, “laborategi sozial” bilakatu nahi dute egitasmoa.
Goiz da baratzeak zer emango duen jakiteko, oraindik ez baita lursaila atondu, ez eta produkturik erein. Baina ortuak emandako produktuak Alde Zaharreko jantoki sozialen eta beharra duten pertsonen esku uzteko asmoa du Piparrika taldeak. “Badakigu ez dugula Alde Zahar osoa elikatuko, baina beharra duen jendearengana iritsi nahiko genuke”. Eta, Rozok dioenez, arlo horretan egin beharko dute lana, “indibidualismoak” ezabatzeko: “Baratzera joan naiteke lanera, baina ez dut trukean letxuga bat eramango etxera, egongo baitira nik baino gehiago behar dutenak”.
Gainera, ekoizpen ekologikoa bultzatuko du ortuak, eta genero ikuspegia zainduko du, emakumeen parte hartzea sustatuz.
Lehenago, Arantzadin
Eraikin artean eta hiriaren erdigunean sortutako lehen baratzea izanagatik, Iruñean badira adibideak baratzeen kudeaketa kolektiboari dagokionez. 2012ko udan, Arantzadi Auzolanean taldeak elkarlanean landu zuen baratze bat Iruñeko gune horretan, orduko udalaren hirigintza planei aurre egiteko. Parke bat eta baratzeen inguruko interpretazio zentro bat eraikitzeko, ordura arte han zeuden ortu asko suntsitu zituen UPNk zuzendutako udal taldeak. Protestetan hainbat pertsona atxilotu zituen Poliziak.
Orain, udalak baratzeari lekua uzteko hartutako erabakia salatu du UPNk, “udal espazio bat nahieran banatzeagatik”.