Edurne Elizondo
Hau idazten dudan bitartean, pentsatzen ari naiz pertsona ezezaguna naizela, eta, hala ere, liburu hau egiteak ondorioak izanen dituela niretzat; haietako zenbait ez dira atseginak izanen. Badakit neure larruan sentituko dudala buruko gaitzak eragiten duen arbuioa. Ez dut inoiz ezkutatu; ez dut inoiz ukatu; baina ez dut kartelik soinean eraman lau haizeetara zabaltzeko nahasmendu bipolarra dudala. Agian orain hori ari naiz egiten; mahaian kolpea jotzen, neure burua ezagutzeko. Agian egiten ari naizena da saiakera bat erokeriaren bat dudala uste dutenek, zehazki zer den jakin gabe, zerbait ikas dezaten auziari buruz”.
Sergio Saldañak idatzitakoak dira aurreko hitzak, eta Tengo trastorno bipolar (Nahasmendu bipolarra dut) liburuan jaso zituen, 2013. urtean. Bere esperientzia kontatu nahi izan zuen iruindarrak; bere gordinean, baina umorea baliatuz. Apaingarririk gabe, baina eritasunari dramatismoa kenduz. Buruko gaitzen inguruko estigmari aurre egitea izan du beti helburu; eta, horrekin batera, eritasun mentala dutenenganako paternalismoa bazter uzteko beharra nabarmendu du. “Psikiatrak ezin du gaitza duenaren larruan jarri”, erran zuen, liburuaren aurkezpenaren harira. Horregatik, erabakiak hartzeko eta huts egiteko aukera ere aldarrikatu du.
Hitz horiek ederki islatzen dute Mejorana elkarteak egin nahi duen lana, Saldañak aipatutako bide beretik egin nahi baitute aurrera taldeko kideek. Ahaldundu nahi dute; erabaki. Buruko gaitza dutenek osatzen dute Mejorana, eta gisa horretako elkarte bakarra da Nafarroan. 2007tik dago martxan. Orain arte, aisialdiaren esparruan aritu da, batez ere; joan den urrian egindako jardunaldietan, ordea, bertze urrats bat egin zuen aurrera elkarteak, eta orain zehaztu nahi duten norabidean jarri ziren kideak: gaixo izateari utzi, eta subjektu aktibo bihurtu nahi dute; subjektu politiko; euren buruaren jabe izan nahi dute; boteretu, bizi duten prozesuaren gainean kontrol gehiago eduki ahal izateko.
Ez da lan erraza. Ederki dakite Mejoranako kide Eddyk, Josebak eta Maiderrek. Ederki dakite buruko gaitzen inguruan dagoen estigma; eta autoestigma ere ongi ezagutzen dute; nork bere buruari jartzen dizkion mugak. “Ez da erraza armairutik ateratzeko urratsa egitea”. Ahalduntzeko, baina, funtsezkotzat dute. Eta horregatik jarri dira kameraren aurrean. “2016ko lelo bilakatu behar dugu jabetzearen aldekoa; norbera izan ahal izatea da kontua, lanera joateko bertze norbait izateko beharra sentitu gabe”.
Maiderrek erran ditu hitz horiek. Onartu du urduritu egin duela elkarrizketan parte hartzeak. Baina argi du Mejoranak hasitako bidea egin beharrekoa dela. Eta lagundu nahi du. Zenbaitetan gogorra izan arren. 14 urterekin hasi zen buruko osasun arazoak izaten. 34 ditu orain. Nerabezaroan anorexiak jo zuen Maider. “Min egiten dit ordukoa gogoratzeak”, aitortu du. 34 kiloko emakumea zen 14 urterekin. “Familiak hilik nintzela uste izan zuen”. Hiru hilabete egin zituen ospitalean. “Lagun bakar bat etorri zen bisita egitera”, gogoratu du, tristuraz. “Jendeak beldur handia dio buruko gaitzari”.
Botikak eta sokak
Familiari eta senarrari esker aurrera egin duela nabarmendu du Maiderrek. Psikopedagogoa da, eta urriko jardunaldien ondotik bat egin zuen Mejoranarekin. Ordura arte, Eddy bakarrik aritu zen, hainbat urtez, elkarteko ikastaroak eta gainerakoak antolatzen. Hura da Mejoranako presidentea. 45 urte ditu, eta 18rekin erran zioten eskizofrenia zuela. “Ongi nago; duela hamar urte izan nuen azken krisia”.
Azken krisi horren aurretik, hogei aldiz ospitaleratu zuten Eddy. Azkena ekarri du gogora, buruko gaitza dutenak artatzeko egungo sistemaren hainbat gako agerian uzten dituelako, haren hitzetan. Batetik, botikak aipatu ditu; bertzetik, hasieratik ospitaleko gohatzera lotu izana. “Egunak eman nituen lotan; eta ernatzerakoan, lotua nintzela konturatu nintzen”. Ospitaletik zentro batera eraman zuten, eta han egon zen zortzi hilabete luzez.
“Bortxa handiko sistema da; zu ez zara zeure buruaren jabe. Zure izenean bertze norbaitek hartzen ditu erabakiak”, salatu du Josebak. 24 urte ditu, eta Gizarte Lana ikasten ari da NUPen; Espainiako Gobernuaren beka jaso du, eta haren eskutik ari da proiektu bat egiten buruko gaitza dutenek ahalduntzeko duten behar horren ildotik: “Oinarria da ongi prestatzea; jendeak jakin behar du zer eskubide duen, eta eskubide horiek erabiltzeko zer egin behar duen”. Buruko osasun zentroetan garatu nahi du proiektua, egungo arreta sistema aldatzeko urratsak egin ahal izateko.
Proiektu horren bidez bat egin du Josebak Mejoranarekin. Buruko osasunerako arreta sistema duela lauzpabost urte ezagutu zuen. “Denbora horretan, 20-30 profesional ezagutu ditut; aldaketak etengabekoak dira sisteman”. Ez du zehaztu nahi izan zer arazo duen, baina argi du bere gaitzari buruzko prozesuan protagonista izan nahi duela. Eddyk mahai gainean jarri dituen gaiei heldu die, eta bat egin du harekin. “Egungo tratamendu ia bakarra botiken bidezkoa da; hori da nagusi; pilulak ematen dizkigute, zer hartzen ari garen azaldu gabe; zehaztu gabe hartzen dugun horrek zer-nolako ondorioak izan ditzakeen”.
Hori gertatzen da, Josebaren hitzetan, egungo arreta sisteman harremana ez delako batere orekatua erabiltzailearen eta profesionalaren artean. “Psikiatrak du boterea”. Harreman simetrikoagoa eskatu du Mejoranako kideak, eta, batez ere, alde bikoa. “Erabakiak hartzeko gaitasuna izan behar dugu”.
Egoera horrek lotura du buruko osasunari buruz nagusi den ikuspuntuarekin. Horixe nabarmendu du Josebak. “Profesionalek ere onartu dute jatorri anitzeko gaitzak direla buruko osasunari eragiten diotenak; hala ere, biologia bertzerik ez dute kontuan hartzen”. Hori, batetik. Bertzetik, Josebak gogoratu du Ameriketako Psikiatria Elkarteak osatzen duela buruko gaitzen zerrenda; hau da, buruko gaitza zer den eta zer ez den erabakitzen du erakunde horrek. “Homosexualitatea eritasun mentala zen lehen; transexualitatea ere halakotzat dute, oraindik ere”.
Buruko osasunaren ingurukoak egungo gizartearen eta sistemaren barruan ulertu behar direla uste du. “Anorexiaren eta patriarkatuaren arteko lotura agerikoa da, adibidez; generoarekin du harremana. Egungo gizartea gaixo dago, eta gu gaixotzen gaitu. Nork ez du antsietatea sentitu gizarteak ezartzen digun erritmo azkar horretan?”.
Gutxik. Datuek agerian uzten dute errealitatea: lau nafarretik batek badu edo izanen du buruko gaitzen bat. 2012-2016rako Nafarroako Buruko Osasun Planak, adibidez, populazioaren %17 du jomugan. Egoera horretan, Mejoranako kideek argi dute gaitzari aurrea hartzeko lanak izan beharko lukeela lehentasuna. “Baina ez dugu hori egiten; sistemak ez dizkio tresnak ematen herritarrari buruko osasunari buruzkoak kudeatzeko”.
Josebak argi du, adibidez, osasun etxe bakoitzean egon beharko lukeela buruko osasunerako zerbitzu bat. Eta bertze hainbat herritan jada erabiltzen ari diren bertzelako tratamenduen alde egin du, batez ere. Andaluzian (Espainia), adibidez, elkarri laguntzeko taldeak jarri dituzte martxan. “Buruko gaitza dutenek elkarri laguntzen diote”. Laguntzailearen figura sustatu dute, halaber, bertze hainbat tokitan: “Buruko gaitza duen eta jada ahalduntzeko bere prozesua egin duen pertsonak bertzeak laguntzen ahal ditu”, azaldu du Josebak. Gisa horretako esperientziek ospitaleratu beharreko aukera ere bazter uzten ahal dutela erantsi du Mejoranako kideak. “Badira hainbat lan esparru ildo horretan; krisia dutenak, adibidez, naturarekin bat egiteko tokietara eramatea. Antza, luzera onuragarriagoak dira halako metodoak”.
Bide horietan aurrera egiteko prestatu nahi dute Mejoranako kideek. Granadako (Andaluzia) elkarte batekin harremanetan dira jada formakuntza hori lantzeko. “Elkarteko bi kide harat joanen dira, lehendabizi; Granadatik etorriko dira gero, honat”, azaldu du Eddyk. “Lan hori guztia terapia ere bada guretzat”, erran du Josebak. Ikasteko gogoz da Maider. “Hiztegitik ezabatu behar dugu ‘ezin dut’ esaldia. Baliabideak ditugula erakusteko aukera ederra dugu”.