Nerea Perez Ibarrola: “Harreman espazioak sortu, eta zeudenak bere egin zituzten langileek”

Nerea Perez Ibarrola: “Harreman espazioak sortu, eta zeudenak bere egin zituzten langileek”

Edurne Elizondo

Hamaika greba eta protesta egin zituzten Iruñeko langileek 1970eko hamarkadan. Borrokaren orduko eztanda ulertzeko, atzera egin du Nerea Perez Ibarrola historialariak (Iruñea, 1984), eta 1956tik 1976ra bitarteko epean gertatu ziren aldaketak aztertu ditu bere tesian.

Trantsizioa aztertzeko asmoa zenuen, baina denboran atzerago egin duzu, azkenean. Zergatik?

1956-1976 denbora tarteko langileriari buruzko lana egiten hasi nintzen, doktoretza ikastaro baten harira. Trantsizioari buruzko tesia egiteko baliatzea zen asmoa, baina konturatu nintzen tesi baterako mamia bazela hor ere. Jakin nahi nuen 1970eko hamarkadako langile mugimendua nola sortu zen. Atzera egiten hasi nintzen, gertatu ziren prozesuak aztertzeko.

Frankismoan gertatutako prozesuak izan ziren.

Hala da. Ikertzen hasi, eta ikusi nuen 1951n eta 1956an bi greba orokor egin zituztela Iruñean. Txantrea ere, langileen auzo den hori, orduan hasi ziren eraikitzen. 1950eko hamarkadan langileria bazela ohartu nintzen. Fabrikak gero eta garrantzitsuagoak ziren Iruñean garai horretan. Gerora industrializazioaren motore izanen ziren lantegiak hamarkada horretan hasi ziren sortzen.

Zer-nolako urratsak egin ziren 1950eko hamarkadan?

Orduan hasi zen langile identitatea sortzen. Frankismoak aurretik zegoen mugimendua erabat suntsitu zuen, eta errepresioaren bidetik jo zuen. Ez zegoen greba egiteko eskubiderik, eta langileak erregimenaren erakundeen barruan gelditu ziren. Langileak haien langile identitatea garatzeko esparrurik gabe gelditu ziren. Baina gai izan ziren, baziren hainbat esparru horretarako erabiltzeko, eta berriak sortzeko.

Zeintzuk izan ziren esparru horiek?

Langile auzoak, adibidez. Iruñerrian sortutakoak aztertu ditut. Auzo horietan harremanetarako espazioak sortu zituzten langileek, eta lehendik zeudenak bere egin zituzten. Peñak, adibidez. Elkarrekin egoteko eta harremanak egiteko espazioak ziren. Parrokiek ere bete zuten rol hori auzoetan. Sareak osatu zituzten, eta auzo elkarteak sortuz antolatzen hasi ziren. Garrantzitsuak izan ziren langileen identitate hori sortzeko, halaber, Elizaren inguruko hainbat esparru.

Lagundu zuen Elizak?

Estatuan oso garrantzitsua izan zen langile mugimendu berri baten artikulazioan. Elizak bere esparru guztiei eutsi ahal izan zien. Egitura hori bazuen. Hierarkiak bat egiten zuen erregimenarekin, baina oinarrian bestelakoa zen egoera. Aldaketa izan zen, Vatikanoko II. Kontzilioarekin lotuta, batez ere. Aldaketa ez zen, oro har, Elizan gertatu, baina bai hainbat sektoretan. Auzoetako apaizak, adibidez, oso eragile garrantzitsuak izan ziren; herriarekin eta langileekin egin zuten bat. Elizarekin lotutako hainbat erakundek oso ongi funtzionatu zuten langileentzako esparru gisa. Errealitatea aldatzeko konpromisoa hartu zuten, eta konpromiso horrek eraman zituen militantziara. Ez da harritzekoa lantegietan sortutako lehen langile batzordeetako kideak erakunde horietako partaide izatea.

Diktaduraren testuinguruan, zer erantzun jaso zuten?

Gatazkak sortu ziren. 1956ko grebari, adibidez, errepresioarekin erantzun zion erregimenak; hamaika atxiloketarekin. Elizaren inguruko erakunde horien eta hierarkiaren arteko talkak ere izan ziren. Diktadurak berak, hala ere, ez zuen espero esparru horietatik halako mugimendua sortzea, nire ustez.

Aurrera egin zuen, ordea.

Bai. 1956tik 1958ra hamaika greba izan ziren estatuan, eta 1958an hitzarmen kolektiboari buruzko legea onartu zuten. Horrek, bere muga guztiekin, aukera eman zien langileei elkartzeko, lan baldintzei buruz hitz egiteko. Balio izan zuen aukerak sortzeko. Zirkuitu bat sortu zen, eta esparru ezberdinetan, auzoetan, lantegietan, Elizaren inguruko erakundeetan eta abarretan, esperientziak eta ideiak trukatu zituzten. Magma bat sortu zen, eta langileak hasi ziren errealitateari buruzko gogoeta egiten, eta aldatzen saiatzen. Nafarroa, frankismoaren testuinguruan, probintzia garaileen artean zegoen, eta 1970eko hamarkadan, halere, herrialderik gatazkatsuenetako bat izan zen, langile borroka oso errotuta zeukaten herrialdeen atzetik. Atzean dago gizartearen aldaketa, 1950eko hamarkadan mamitzen hasi zen aldaketa hura. Deus ez da hutsetik sortzen, baina 1950eko hamarkadan mamitzen hasi zena langile mugimendu berri bat izan zen.

1964. urtean industrializazio plana bultzatu zuen Nafarroako Diputazioak; zer ekarri zuen?

1960ko hamarkada horretan aurreko hamarkadan sortutako mugimendua sendotuz joan zen. Errealitate sozial berriak sortu ziren. Planak ekarri zuen diru laguntzak eta erraztasunak ematea industriak ezartzeko. Ikusten da Nafarroako industrializazioa bideratu zutela industria astunera, metalgintzara eta automobilgintzara. Sortzen den langileriak badu lotura, noski, industria mota horrekin. Fabrika handietako langileak dira nagusi. Asko izanda, errazagoa da mobilizazioak egitea, eta, aldi berean, gizartearen elkartasuna piztea. Hain handiak ez ziren lantegien rola ez dugu gutxietsi behar, halere.

Zeintzuk, adibidez?

Ona papergintza fabrika, adibidez. 1956ko greba hasi zuen Calzados Lopez lantegia ere bai. Bi horietan emakumeak ziren nagusi.

Zein izan zen emakumeen parte hartzea?

Kontuan izan behar dugu Iruñeko langile mugimendua egon dela, batez ere, Potasas, Super Ser, Imenasa eta orduko Authi enpresetan. Langileak, nagusiki, gizonak ziren. Baina enpresa horietako bulegoetan emakumeak baziren, eta haiek ere osatu zituzten batzordeak. Parte hartu zuten.

1950eko urteetan mamitzen hasi zen mugimenduak 1970eko hamarkadan egin zuen eztanda; erregimenaren kontrolari nola egin zion ihes?

Frankismoak, hasieran, ongi zekien nor zen nor; zer langile zegoen UGT sindikatuan, adibidez. Baina 1950eko hamarkadan belaunaldi aldaketa bat gertatu zen. Langile militante berriek ez zuten aurrekoen beldur bera. Beldurra bazuten, baina ez deus egin gabe gelditzeko adina beldurrik. Erregimenak, gainera, ez zituen hain ongi kontrolatzen. Elizaren inguruko erakundeetan eta sindikatu bertikaletan ere ari zirenez, esparru horiek haien alde erabiltzeko, erregimenaren kontrol horri ihes egin zioten. Norbait atxilotzen zutenean, bazen atzetik beste norbait ardura hartzeko prest. Denborak aurrera egin ahala, langileen aurkako errepresioak haienganako elkartasuna ere piztu zuen.

1970eko hamarkada hartan, zeintzuk izan ziren gatazka nagusiak?

Motor Ibericako langileei elkartasuna adierazteko greba orokorra egin zuten 1973an. Giltzarri izan zen. 1974ko udazkena ere beroa izan zen; greba asko egin zituzten. 1975ean, berriz, Potasaseko langileek egin zuten itxialdia. Langileriak bat egin zuen.

Zer gelditu da mugimendu hartatik?

Iragana miresteko joera dugu, eta ez da bidezkoa. Baina ikasi behar dugu harremanak egiteko eta sareak osatzeko garaian garaiko aukerak identifikatzen. Frankismoaren garaian gai izan baziren hori egiteko, zergatik ez dugu gaur eginen?