E. Elizondo
Iruñeko karriketan bizi direnen egunerokoa ongi ezagutzen dute Esther Villarrek eta Patxi Martinezek. Iruñeko Udaleko hezitzaileak dira, eta etxerik ez dutenekin egiten dute lan. “Karrikan bizi direnak hamabost inguru dira Iruñean; bertze anitzek karrikan ematen dute eguna, baina badute lo egiteko gela bat”, azaldu du Villarrek. Guztiak artatzen dituzte udaleko hezitzaileek. Eta guztiek antzeko beharrak dituzte. “Babesa; medikuarengana edo arropa erostera laguntzea; nork lagundu ez dute izaten karrikan diren pertsonek; alkoholarekin eta drogekin arazoak dituzte anitzek, bai eta buruko osasun arazoak ere; bakardadeak gogor jotzen ditu, eta biziki eskertzen dute tarte batez norekin hitz egin izatea”. Gizartearentzat, oro har, ikusezinak baitira. “Inork ez du etxerik gabeko bat nahi bere atarian”.
Martinezek erran ditu azken hitz horiek. Eta errealitate gordina hori dela nabarmendu du. “Lezkairu ondokoak ez dira gisako etxoletan bizi diren bakarrak; bada jendea abandonatutako etxeetan bizitzen; edo zubi baten azpian. Horien ondoan auzolagunik ez dagoenez, inork ez du haien berririk, ez dira existitzen”.
Udalak dituen programen bidez, pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzea da hezitzaileen helburua; baldintza duinak eskaintzea; non lo egin, non garbitu, zer jantzi eta zer jan ematea. Lezkairuko errumaniarrengana joan den urrian joan ziren Martinez eta Villar, lehendabiziko aldiz. Bertze bi bisita egin dituzte, geroztik, eta itzuliko direla azaldu dute. “Haien egoeraren jarraipena egin nahi dugu, zer behar dituzten aztertu”.
Lehendabiziko bisitaren helburu nagusia txaboletan adingabekorik ote zegoen ziurtatzea izan zen. “Ez dago. Baldintzak, hala ere, kaskarrak dira han bizi direnentzat ere; gutxieneko higienerik ez dago; txorrotako urik ez dute, bertze nonbaitetik eramaten dute harat, garbitu ahal izateko; zikinkeria bada inguruan”, erran du Villarrek.
Ez dute deus eskatu
Errumaniarrek ongi hartu dituzte udaleko hezitzaileak, joan diren bakoitzean. “Pertsona ezberdinekin mintzatu gara, eta guztiek egin digute harrera ona. Zenbaitek ez dute ongi egiten gaztelaniaz, eta hizkuntza muga izan da, neurri handi batean”. Martinezek onartu du harritu egin dela etxoletan bizi direnek ez dietelako deus eskatu, ez diotelako deus galdegin udalari. “Ez dutela deus behar erran digute, ongi daudela”.
“Inork ez du etxola batean bizi nahi; ez da hori nahi delako egiten den hautua”, argi utzi du Martinezek. Aitortu du, ordea, errumaniarrek diren tokian gelditu nahi izateko izan ditzaketen arrazoiak zeintzuk diren ez dakiela. “Txatarrarekin egiten dute lan, Errumanian utzi dituzten seme-alabei dirua bidali ahal izateko; hangoa Iruñean dutena baino errealitate gogorragoa dela erran digute”, azaldu du Villarrek.
Iruñeko etxerik ez dutenentzako aterpera joatea, edo udalaren programetan sartu ahal izateko erroldan izena ematea dira hezitzaileek mahai gainean jarri dituzten aukeretako zenbait. Villarrek argi utzi du aukera horien alde egiten dutenek ezin dutela jarraitu karrikan eskean, edo errumaniarrek egiten dutenaren gisako lanetan.