Iritzia: Imajina dezagun

Lohizune Amatria

Imajina dezagun fantasiazko mundu bat. Imajina dezagun mundu hori pertsonaia beltz, ilun eta maltzur baten mendean dagoela. Edozein ipuinetan bezala. Haren garretan gatibu pertsonaia zuriak bizi dira, eta egunero pertsonaia beltzarentzako lan egin behar dute, bizirik irauteko, etxeko mahaian ahora eramateko janaria eduki ahal izateko. Urteak, ez, mendeak dira horrela bizi direla. Baina ez daude triste; batzuk zoriontsu ere badira. Garai batean pertsonaia zuriek zituzten helburu pertsonalak ahaztu dituztelako agian, edo ez dutelako kolektiboaren inguruan hausnartzen, egin beharreko lana ongi egin, eta janaria lortzen dutelako.

Mundu imajinario hori sortu zenean, baina, denak berdinak ziren, ez zegoen pertsonaia zuri eta beltzaren arteko desberdintasunik. Haien arteko trukeak egiteko txartelak erabiltzen hasi zirenean, guztiz aldatu zen mundu horren egitura. Gutxika, pertsonaia beltzak txartelak esleitzeko ahalmena eskuratu zuen, eta mendean hartu zituen zuriak.

Gogorrak izan ziren garai horiek gure fantasiazko munduan; pertsonaia zuriak gogor oldartu ziren beltzaren kontra, haien eskubideak urratzen zituelako, ez zutelako hori nahi. Baina erabaki garrantzitsu bat hartu zuen beltzak: txartelak banatzeari utzi zion. Eta gosez hil ziren asko. Zuri asko. Gehiegi. Baina ez zuten protesta utzi. Beltzak proposamen bat egin zien orduan: “Txartelak banatuko ditut berriro, baina niretzat egin beharko duzue lan, zuen irabaziak nik kudeatuko ditut, eta egiten duzuenaren arabera lortuko duzue janaria”. Eta borrokatzeari utzi zioten zuriek. Bazuten janaria lortzerik. Garaipena lortu zuten.

Mundu itsusia izanen litzateke imajinatutakoa, gustuko ez dugun horietakoa. Imajina dezagun orain pertsonaia beltzaren ordez, kapitala hitza jartzen dugula; zurien ordez, langileak jartzen ditugula; txartelen ordez, dirua… Gure mundua da, bai, era sinple batean irudikatua, baina oso ezaugarri antzekoekin. Fantasiazko munduan irudikatu dugunaren antzeko adibide ugari ditugu. Kapitalak gidatzen du mundua, eta langileek, haren menpe, ia ez dute mugitzeko aukerarik. ZF TRW enpresak langileei egindako azken proposamena garaipen bat bailitzan har daiteke, esaterako. Baina egungo sisteman hainbestetan erabiltzen den tranpan harrapatuak egonen ginateke horrela pentsatuz gero.

Proposamen larri eta tragiko bat plazaratu zuen lehenik enpresak. Langileek protesta egin dute, negoziatzen saiatu dira, eta lortu al dute zerbait? Esanen nuke enpresak lehenengo momentutik 123 langile kaleratzeko asmoa zuela, baina, langileak nolabait “kontent” uzteko, gehiago planteatu zituela. Hilabetez “negoziazioetan” egoteko stocka bermatuta, helburua lortu du enpresak. Ez du galerarik izan, eta asmoak bete ditu. Zein paper du orduan langile mugimenduak, langile borrokak?

Ez dut esan nahi langile borrokak ez duela inoiz garaipenik lortu. Baina egun sistemak ezartzen dituen mugetatik kanpo begiratu beharko genukeelakoan nago. Guk nahi dugun munduaren araberako moldeak erabili beharko genituzke kapitalaren aurka egiteko, harrapatua denak berdin jarraituko duelako bestela. Agian hausnarketa behar da. Zer sistema nahi dugun erabaki, orain arte egin duguna nahikoa ote den zehaztu, benetan lortu duguna zerrendatu. Baina, betiere, imajinaziotik ekintzara eginez.