Biurdana berria eraikitzen

Asier Azpilikueta

Horregatik ez dut nik kamisetarik erosi”, erran dit lagun batek. “Nik nahiago baitut gainezka dagoen Biurdana zahar bat, hainbat hizkuntz eredutako institutu berria baino”. Orain arte bederen, jende anitz konbentziturik baitzegoen Biurdana institutu masifikatua ikaslez hustuko duen Iruñeko iparraldeko institutu berria ez dela D eredu hutsezkoa izanen, hainbat eredutakoa baizik.

Labur-labur azaldurik. Iruñeko Donibane auzoan dagoen Biurdana institutua gainezka egitear dago. Hala, jatorrizko eraikinean toki nahikorik ez dagoelako, Batxilergoko ikasleak ondoko Lanbide Heziketako Donibane ikastetxeko solairu batean daude 14-15 ikasturtetik. Eta aurreikusita dago 17-18 ikasturtean toki nahikorik ez izatea, ezta Donibane erabilita ere. Alegia, premiazkoa da Iruñeko iparraldean bertze institutu bat egiteko erabakia berehala hartzea.

Biurdanaren masifikazio arazo hau aspalditik abisatua dago. Aurreko gobernuak, ordea, ez zuen inoiz arazoa behin betiko konpontzeko erabakirik hartu. Adabakiak bertzerik ez zituen jarri. Eta, beraz, oraingo gobernuari egokitu zaio aspaldi hartu behar zen erabakia hartzea.

Urteak dira Biurdanaren inguruko eskoletako guraso elkarteek (Patxi Larrainzar, Sanduzelai, Atakondoa, Lekunberri, Auzalar eta Buztintxuri) batzorde bat osatu zutela Biurdanaren masifikazioaz ohartarazteko eta konponbide duin bat eskatzeko. Iragan urtarrilaren bukaeran, Hezkuntza Departamentuak komunikatu zien batzordearen borrokak fruitua eman duela eta institutu berria eginen dutela.

Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusi Juan Ramon Elorzek argi utzi zien guraso elkarteei —eta Biurdanako Zuzendaritzari— gobernuari zegokiola erabakitzea zer-nolako institutua eraikiko zen, baina iritziak jasotzeko prest zegoela. Horri kasu eginez, guraso elkarte guztiek haien artean eskaera batzuk adostu, eta gobernuari helarazi zizkioten otsailean eginiko bertze bilera batean.

D eredu hutsezko institutu berria nahi dute guraso elkarte horiek —baita Biurdanako irakasle eta langileek ere—, ikastetxe berri hori D ereduak Iruñeko iparraldean duen espazio falta arazo zehatz bat konpontzera datorrelako.

Baina mamu bat bazebilen 2014ko urtarrilaren 9tik. Egun hartan, Nafarroako Parlamentuak Ezkerraren mozio bat onartu zuen, funtsean euskara hutsezko ikastetxeen aurka egiten zuena. Soilik EH Bildu osatzen duten taldeek bozkatu zuten haren aurka. Ordutik, modan dago erratea ikastetxe batean hainbat hizkuntz eredu nahastea —eta, beraz, euskararen presentzia zapaltzea— “elkarbizitzaren aldeko” ekintza dela. Eta horri gaineratu behar zaio, orain, oposizio espainolista aldaketaren gobernuaren kontra erabiltzen ari den arma nagusia euskara eta “gaztelaniaren bazterkeria” direla. Beraz, hortik datoz batzuen zalantzak eta kamisetak erosteko gogo eskasak.

Logikak, datuek eta justiziak diote Iruñeko iparraldeko institutu berriak D eredu hutsezkoa izan behar duela. Lerrook idazteko orduan —duela astebete—, Hezkuntza Departamentuak ez du oraindik ofizialki adierazi zein motatako institutua eginen duen. Utz dezagun, bada, itxaropenerako zirrikitu bat.