E. Elizondo
Iruñea Harrera Hiria plataformako kide da Txantreako Auzo Elkartea. Haren eskutik, hitza hartu zuen Dani Burgi fotokazetari iruindarrak, joan den astean, auzo horretako liburutegian. Lepo bete zuten aretoa haren azalpenak entzutera joan zirenek. Jakin-minez ziren. Turkian eta Grezian izan zen Burgi 2015 urte bukaeran; Alemaniaraino egin zuen bidaia iheslariekin. Hamaika galdera egin zizkioten entzuleek. Burgik ez du zalantzarik: “Argi izan behar dugu une historikoa dela oraingoa; ulertu behar dugu Europa betiko aldatzen ari dela. Gizarte oso bat ari da mugitzen”, azaldu zien.
Burgik Turkian ikusitakoa nabarmendu zuen bere hitzaldian; Lesbosera jendez beteta ailegatzen ziren ontziak ateratzen ziren tokian gertatzen zena, alegia. Batetik, Izmir hiriko errealitatea jarri zuen Burgik mahai gainean: “Etorbide handi bat zegoen, iheslariz beteta; han mafiak ez ziren ezkutatzen; eta dendetan ere agerikoa zen errefuxiatuen kontura egiten zuten negozioa; plastikozko txalekoak eta antzekoak saltzen zituzten nonahi”.
Bertzetik, iheslari horiek ontziratzeko unekoak azaldu zituen fotokazetari nafarrak. Asos izeneko herrixka batean izan ziren Burgi eta haren bi lankideak. “Izmir hiriko etorbidean ikusitako jendetza ez zen inon ageri; egunean, ordea, 70 ontzi ari ziren Lesbosera gurutzatzen; non zegoen jendea?”. Basoan aurkitu zuten erantzuna. Han ezkutatzen ziren iheslariak, txalupan sartzeko unea ailegatu arte.
Une horretan gertatzen zenaren lekuko izan zen Burgi. “Beldurgarria zen; pertsona horiek 1.500 edo 2.000 dolar ordaintzen zuten 10 kilometro eskaseko bidaia egiteko, eta inolako segurtasunik ez zuten”. Giza eskubideak etengabe urratzen zirela azaldu zuen Burgik: “Mafietako kideek plastikozko hodiekin kolpatzen zituzten. Labanak eta pistolak ere bazituzten”.
Emakumeak eta haurrak jartzen zituzten ontzien erdian. Haien inguruan, berriz, gizonezkoak. “Tokia ahalik eta ongien aprobetxatzeko, bizkar-zorroa bota behar izaten zuten anitzetan. Hondartza ihes egin nahi zuten pertsona horien oroitzapenez beteta gelditzen zen. Zuten apurra, bota egin behar zuten”.
Milaka hildako
Urduritasun handiko momentuak zirela erantsi zuen Burgik. “Ontzi bakoitzaren ardura zuen pertsonak ez zuen bidaia iheslariekin egiten; ontzian zirenen artean bat izendatzen zuten arduradun, eta hark gidatu behar izaten zuen ontzia, deus jakin gabe ere”. Txalupen egoera ere kaskarra izaten da. Elementu horiek guztiek egiten dute 10 kilometro eskaseko bidaia hain arriskutsu. “2016. urtea hasi zenetik hilaren 15a bitarte 456 pertsona hil dira, gutxienez, Mediterraneo itsasoan; 2015ean 3.695 hil ziren”. Iaz, hain zuzen, milioi bat pertsona sartu ziren Europan. Iheslarien kopurua, munduan, 60 milioira ailegatu da jada.
Errealitate horren aurrean, herritar guztiek duten ardura nabarmendu zuen Burgik bere hitzaldian. “Gizarte gisa erantzun bat eman behar diogu gertatzen ari denari”. Kazetariak kezka agertu zuen iheslarien aurkako jarrerengatik. “Gorrotoaren diskurtsoak gora egin du, eta herritarrok ezin dugu horrelakorik onartu. Ez dago gure esku Siriako gerra gelditzeko boterea, adibidez, baina gure ardura da gerra hori geldi dezatela eskatzea; nire auzoan mezu hori zabaltzeko egin behar dut lan, eta, batez ere, iheslari horien larruan jartzeko ahalegina egin behar dugu”. Turkian eta Grezian ikusitakoak gogora ekarri zituen: jendearen beldurra, txalupatik jaisterakoan laguntzen zituzten ezezagunei ematen zizkieten besarkadak… eta, batez ere, aurrera egiteko duten gogoa.