Zer greba?

Idoia Sobrino

LOMCEri buruz anitz solastatu da azken aldian egondako greba eta manifestaldiengatik. Pasa den astekoa, administrazio eta zerbitzuetako langile (AZL) izanda bizi izandako lehen ikasle greba izan zen; hau da, hezkuntza egoitza batean ikasle izan gabe bizi izan dudan lehena. Zenbait gauzak harritu naute.

Alde batetik, AZLen artean, ez profesionalki ezta pertsonalki ere, ez zela grebaz solastatu. Ez aitzineko egunetan ezta gerokoetan ere. Ez greba zegoenik ezta grebaren arrazoiez. Deus pasatuko ez balitz bezala. Grebaren aferak beraiekin (gurekin) zerikusirik izango ez balu bezala. Aipatu beharra dago, hezkuntza legearen baitan eskola liburutegiak eta unibertsitateko liburutegiak ere arautuak gelditzen direla, beraz, liburuzain gisa, gaiak ukitu ukitzen gaituela. Zer erranik ez pertsonalki, bai guraso izanagatik, bai anai-arrebak izanagatik, bai dena delakoagatik ere, hezkuntzaren kalitateak eta funtzionamenduak hurbileko kezka izan beharko lukeela. Baina langileen artean, aipamenik ez.

Bertze aldetik, eta aitzinekoarekin lotuta pentsatzen dut nahiz eta ez duten horregatik bidezkotzat jotzen, lanean nabilen hezkuntza zentroaren sare sozialetan ere ez zen ikasle grebaren inguruko aipamenik egin. Ez alde, ez kontra, ezta txio ziztrin bat erez. Greba? Zer greba?

Jaso nuen bakarra, posta elektronikora ailegatzen diren mezuen artean, irakasle baten mezua izan zen; omen, berak eskola ordua zeukan greba egun horretan eta ikasle gutxi batzuk joan ziren bere eskola entzutera, egun normala izango balitz bezala. Baina greban zeuden bertze ikasle batzuk ere agertu ziren eta irakasleak gelan sartu eta grebaren zergatiak azaltzeko aukera eman omen zien. Lehendabizikoz eta azkenekoz emandako aukera izan zela zioen; greban zeuden ikasleek, manifestaldirako prestatutako bi leloez gain, arrazoi gutxi omen zekiten grebaren aferari buruz.

Tristea iduritu zitzaidan hori gertatzea. Agian ez da ikasleriaren gehiengoaren ispilu izanen. Beharbada anitzek jakinen dute zeren kexu diren, baina nik ikasle horiei langileen antza ere hartu nien. Orduan ulertu nuen, nolabait, zergatik ez zen gure artean grebari, LOMCEri buruz solastatzen: inor gutxik dakielako ezer. Hala izanen ote da? Hori bai dela larria…

Jakingo al dute liburuzainek lege berri honek eskola liburutegiak ez dituela bermatzen? Ez dituela eskola liburuzainak bermatzen? Gure ogibidearen kontrako legea dela? Eta arestian erran bezala, gure xilkotik haratago begiratuta ere, jakinen al dute beraien seme-alabengan, anai-arrebengan, lehengusu-lehengusinengan… horrek denak izanen duen eragina? Hau da, bizi garen gizarte honetan lege honek, eta batez ere bere gabeziek, izanen duten eragina?

Informazioaren garaian bizi garela eta… ez al da hori ere bertze lelo bat bakarrik izanen?