Bizirik

Lur Albizu Etxetxipia

Zaila egiten zait egoera irudikatze hutsa. Zaila eta mingarria. Dagoeneko ia laurogei urte pasatu dira Artazutik eraman eta hil zituztela.

Lau anaia ziren: Jose, Felix, Ezekiel eta Florencio Bengoetxea Arellano. Antzeko zortea izan zuten denek: hiru Etxauriko hobi komunean daude, eta laugarren anaia, Erreniegan. Lanean zeudela harrapatu zituzten Jose, Felix eta Ezekiel, segan ari zirela, eta atxilo eraman. 1936ko abuztua zen. Handik, Ezkabako kartzelara bidali zituzten. Gerora, Iruñeko espetxera mugitu zituzten, eta handik atera zituzten Etxaurin erailtzeko. Florencio Garesen egon zen preso, Astraingo atakan hil zuten ondoren. Haien delitu bakarra sindikatu bateko kide izatea zen. Akusazioa: “Lurraren Langileen Elkartearen propagandista eta buruzagiak” izatea.

Garesti ordaindu zuten, garestien ordaindu zutenak izan ziren, baina ez bakarrak. Sortzez Artazukoa baina Garesko herritarra zen Clemente Reta Viguriari ere heriotza esleitu zioten, eta Etxauriko hobi komunean dago, lehen aipatu ditugun beste hiru anaiekin batera. Longidan bizi eta jaiotzez Artazukoa zen Zakarias Bengoetxea Ruiz ere hil zuten Elon.

Bengoetxea Arellano anaietatik bi gelditu ziren bizirik; Flaviano eta Timoteo, biak ala biak frontera bidaliak, haien anaiak hil zituztenen ondoan, derrigorturik. Azanza anaiak eta Doroteo Urra, Herriko Etxeko kideak denak, preso izan ziren Iruñean. Valeriano Ugarte eta Pedro eta Victor Bengoetxeak nahiago izan zuten ihes egin; Tomas Aldazek taberna itxi eta Frantziara egin zuen alde (han hil zen bere semeetako bat, nazien kontra borrokan). Severiano Bengoetxeak ere muga pasatu zuen, baina errepublikarrekin borrokara itzuli zen. Santoñako kartzelan egon zen. Ez zen hartaz besterik jakin, baina Errusian ikusi omen zuten azkenekoz, II Mundu Gerran.

Ez zen samurra gure herrian bizitzea. Tradizio karlista handiko herria zen Artazu; gutxi ziren (aurretik ere kasik nahitaezkoa zen) arautik ateratzen ziren herritarrak. Gutxi ziren, baina errepresioa zuzenean jasan zuten. Modesto Azkonak uko egin zion gerrara joateari eta, jazarpenak bultzatuta, Garesera joan zen bizitzera. Ondotik, sei hilabetez izan zen espetxean anaiarekin, Franco eta gerrari buruzko iruzkinak egitea egotzita. Artazuk ez zituen 400 biztanle ere, eta badaude kontatzekoak. Historiaren atzeko aldean egoten diren horiek guztiek ere, emakumeek, izanen zuten zer esana. Izanen zuten zer bizia eta zer sufritua. Gizonen historia kontatzen dugu, baina zer gertatu zitzaien emakumeei? Nolakoa izan zen haien aurkako errepresioa?

Irailean omenaldi txiki bat eginen zaie hildakoei eta Artazuko lurretan erail zituzten beste bi gizon ezezaguni. Isiltasunak hartu zituen gure herriak. Berandu da; senide gutxik ikusiko dute, baina ez gaitzala berriz ahanzturak harrapa. Bizirik jarraitzen dutelako gure memorian.