“Gogorra da aurrekoek borrokaz lortu zutena pikutara bidaltzea”

“Gogorra da aurrekoek borrokaz lortu zutena pikutara bidaltzea”

Joxerra Senar

“Barrutik hilda nago”. Pedro Larrea (1968, Agoitz) LABeko ordezkariak 28 urte lan egin du TRWn, baina azken hilabeteetan bizi izandakoa ez du aurrez ezagutu. Otsailaren 24an, ZF-TRWko Iruñeko fabrikan 123 langile kaleratzeko proposamenari baiezkoa eman zioten batzarrean 327 langilek—223k, berriz, kontra—. Azken hilabetea nor kaleratuko zain egon dira langileak. Batzuek euren kontu korrontean jasotako kalte-ordainarekin jakin dute kaleratuak izan direla. Larreak enpresaren krudeltasuna salatu du.

ZF-TRWk Landabenen aldeko apusturik ez zuela egin salatu duzue. Zergatik?

Azken urteetan, TRWk ez du Landabenen etorkizunaren alde apustu egin. Lehenago, produktu berriak jaulkitzerakoan gu izaten ginen lehenak. Apustu teknologikoen lemaburu ginen, eta hori, jakina, inbertsio bati lotuta zegoen.

Noiz nabaritu zenuten?

Orain dela hiru urte, duela gutxi Iruñean izan ziren buruzagi berak heldu ziren, eta estrategia aldaketa sakon bat planteatu zuten. Irudi zuen ez zutela apustu errealik egin nahi hemen. Lana erosi zuten: lana ekartzen da hona, baina bihar hara eraman dezaket. Multinazionalak produkzioa bikoizten du. Lantoki bikiak ditu Europan, eta azkenean etengabeko xantaia bat da.

Lantoki bikien sistema hori berria da?

Bai, arduradun nagusi gisa Maciej Gwozdz jarri zutenetik dago. Gure lantoki bikia poloniarra da, bere herrialdekoa. Orain han egiten dute produkturik aurreratuena.

Multinazional baten indarrari aurre egiteko Europa mailako langileen batasuna behar da?

Europako enpresa batzorde bat dago, baina praktikoki fabrika bakoitza bere burua salbatzera mugatzen da. Adibidez, Livornoko fabrika (Italia) itxi aurreko greban, euren direkzioak egiten zituen lantoki eskirola gu ginen. Krudela eta dramatikoa da, eta pertsonalki kontraesan ugari eragiten dizkizu.

Paul Parnham 2014ko abenduan iritsi zen Iruñera Livornotik. Jabetzen zineten nor zen?

Ez zen kudeatzaile gisa etorri. Gu arazoak genituen Livornon greban zeudelako, eta ezkutuan euren direkzioak egiten ari ginen.

Bazenuten horren berririk?

Ezkutatzen ari zitzaizkigun, baina batzuk jabetzen ginen. Inoiz ez zen esan zer direkzio egiten genuen, eta Fiat Ducato hitza [Livornon egiten zuten direkzioa] ez zen aipatu. Direkzio berri batzuk egiteko makinak azkar batean egokitu behar izan ziren, eta sortutako arazo horiek konpontzera etorri zen. Ustekabea etorri zen ikusi genuenean nor zen. Gizon horrek bi fabrika itxi zituen eta beste bi moldatu. Aurretik gertatutakoek esaten ziguten jokaleku bat prestatzen ari zela.

Aurten, enpresa hurrengo fasera sartu da, eta kaleratzeak iragarri zituen urtarrilaren 12an.

Bitxia da.Abenduaren 31n 250 langile finkorekin eta ehundik gora behin-behineko langilerekin amaitu genuen. Urtarrilaren 12an, berriz, 250 finko eta behin-behinekoak sobera daude. Hori dena hamabi egunean. Ustez, bezeroek 350 langileren lana eskatzeari utzi diote. Azalpen horrek ez du bat egiten egoerarekin. Badakigu gatazka batera goazela eta stockarekin irabazten digutela. Gainprodukzio bat dago, eta hilda gaude. Horren aurka ez dago ezer egiterik.

Zenbat ekoitzi zen TRWrentzat?

Ez dugu zifra zehatzik, baina bi hilabeteko lana bazutela uste dugu. Gainera, Poloniako enpresa bikiaren bitartez, jende gehiago kontratatu zezaketen.

Nolakoa izan zen iragarpena? Lan hitzarmenaren negoziazioari buruzko lehen bileraren azken unean honako hau bota zigun: “A, eta bide batez esan behar dizuet erregulazio espediente bat aurkeztuko dugula”. Ez zuen esan zenbat izango ziren; hurrengo asterako utzi zuen. Oso krudela da. Sadiko bat da.

Iruñean jarraitzen du Paul Parnhamek?

Bai, eta egunero agurtzen zaitu: “Egun on, Pedro”. Aurreko bilera batean denetarik deitu nion. Irain egin diezaiokezu, denetarik esan diezaiokezu, baina bost axola zaio dena. Benetako profesional bat da. Soldatapekoa da, eta edozer jasaten du.

Esaten duena sinesten du?

Ez, esaten duenagatik ordaintzen diote. Gauza bat da sinestea eta bestea esaten denagatik ordaintzea.

Iruñeko goi kargudunek zer funtzio jokatu dute?

Aurreko kudeatzailea atzeko atetik atera zen. Ziurrenik ukatu egingo du, bere kontratuko etete klausulak isiltasuna gordetzea eskatuko diolako, baina ezagutzen genuenok bagenekien bere kabuz ez zela atera. Hala ere, bat-batean ez da ingeles bat iristen eta egin behar dena agintzen hasten. Ez, etxekoen laguntza behar du. Juan Carlos Manresa, giza baliabideetako arduraduna, itzalpeko buruzagia da. Fabrika ezagutzen du, eta funtsezko rola jokatu du.

Nolakoa izan zen gizartearen laguntza?

Eredugarria. Mundu guztia eskertu besterik ez dugu. Denak atera ziren kalera arrazoi ekonomikorik eta etikorik gabeko egoera bat salatzera.

Hala ere, presio horrek ez zuen balio izan.

Espedientearen kontsulta epea gainditzea lortu genuen, eta ondorioz, negoziaziorako leiho bat ireki zen. Oso hilabete zailak izan dira. Negoziaziorako aukera hori irekita, oso zaila zen esatea gizartearekin ez genuela greba etengo.

Eta greba eten zenuten, baina izan al zen negoziaziorik

Ez. Aurretik jakin bagenu, agian gauzak aldatuko ziratekeen, baina konpromiso hori hartu genuen. Europako bi arduradunak etorri zirenean uste genuen Paul Parnham baztertuko zutela. Baina lau eguneko elkarrizketetan ez zen negoziaziorik izan. Aurreko saioetan egindako azken proposamena aurkeztu ziguten: dagoena dago, eta irentsi behar duzue.

Otsailaren 24ko batzarra iritsi zen. Proposamena onartu edo ez erabaki behar zuten langileek. Nolakoa izan zen?

Oso gogorra izan zen. Ez zen interbentziorik izan. Sindikatu bakoitzeko ordezkariek bakarrik hitz egin genuen. LABekoek proposatu genuen grebara itzultzea, eta kaleratze traumatikorik ez izateko helburua berreskuratzea. Jakina, arrisku guztiak gure gain hartuta. Inork ezin dezake esan greba mugagabea irtenbide magikoa dela. Bere arriskua zuen, baina 123 familiarentzat arnasbide bakarra zen.

Gatazkak mugarria ezarriko du Iruñeko fabrikan?

Gauza ugaritan mugarri bat ezartzen du: arlo sindikalean, ez delako orain arte halako prozesurik izan; langileen artean, inoiz ez zaielako agur esan 123 langileri; enpresarekin lan harremanak ere aldatu egingo dira. Baina, gainera, etorkizunera begira mugarri bat da. Oso gogorra da 123 lankideri agur esatea eta aurreko belaunaldiek urtetan borrokaz lortutakoa pikutara bidaltzea, baina, gainera, honek guztiak ez dakar etorkizunik. Lau urte barru ez dago ezer bermatua.