Hamar metrora

Lohizune Amatria

Amorrua izan daiteke sentitzen dudana biribildu dezakeen hitza. Imajinatzen dut, gainera, ez dela soilik nire sentimendua izanen. Aurreko astean ezagutu nuen errealitate batek eragin du nire haserrea eta harridura. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren legediaren aginduz, aurten ezin izan dute Ezkarozen dagoen haur eskola zabaldu. Ez dira legeak ezartzen duen ratiora iristen; ez dago nahikoa haurrik.

Pirinioetako egoeraren inguruan idatzi dut jada esku artean duzuen astekarian. Ez da batere ona. Gero eta biztanle gutxiago bizi dira Nafarroako Pirinioetan. Daudenak zaharrak dira, eta ez du ematen egoerak onera egingo duenik. Normala da, beraz, haur gutxi egotea. Diagnostikoetan argi azaltzen da joera hori dela, eta Zaraitzuko ibarra horren adibide garbia da.

Ezkarozen 200 metro koadroko eraikin berri bat altxatu zuten, 2011. urtean; eta 2012-2013ko ikasturtean inauguratu zuten haur eskola. Zaraitzu eta Nabaskozeko hamabi haur jaso zituen lehenengo ikasturtean. Eta Pirinioetako biztanleek ospatu egin zuten notizia. Hamar urteko eskaera egia bihurtu zela ikusi zuten. Haur eskolarik ez zuen Pirinioetako eskualde bakarra zen orduan, eta gainerako eskualdeek dituzten aukera berberak izateko bidea ireki zitzaien.

Baina legeak, berriz ere, itxi egin du bidea. Hiru haurrek eman zezaketen izena 2015-2016ko ikasturtean, eta, legeak gutxienez sei izan behar direla dioenez, itxi egin behar izan zuten zentroa. Araua bera da Nafarroako ikastetxe guztietarako. Argi dago, baina, ikastetxeak eta horiek dauden eskualdeak ez direla berdinak. Demografikoki eta soziologikoki ezaugarri ezberdinak dituzte, eta horietara egokitu beharko litzateke legea. Lege eta araudiak Pirinioen aldeko bereizketa eginez egin daitezke, agian.

Aurreikuspenen arabera, hurrengo ikasturtean antzera gertatuko da. Lau haur daude Zaraitzun eta Nabaskozen; beraz, ez dira minimora iritsiko. Haur eskolako ateek itxita jarraituko dute. Eta ondoko bailaretan ere mugara iristear dira. Zazpi haur izanen dira Erronkarin, eta soilik sei Aurizberrin. Arriskua bada.

Harrigarria da Nafarroako Gobernuak izan duen papera ere. Ezkarozeko haur eskola eraikitzeko diru laguntza eskaini zuen, eta, udalaren arabera, ia osotasunean finantzatu zuen. Arraroa. Zergatik lagundu zuen gobernuak haur eskola hori eraikitzen diagnostikoek biztanleriaren gainbehera iragartzen dutenean? Ez al da merkeagoa legedia aldatzea eta aukerak zabaltzea?

Zaraitzu eta Nabaskozeko gurasoek irtenbide bat bilatu behar izan dute. Hezkuntza Departamentuaren babesik gabe eta gizarte zerbitzuen mankomunitatearen laguntzarekin, udalak lokal bat prestatu du haurrek haur eskolan egin ezin dutena egiteko. Eraikin berria dute, baina eskolatik hamar metrora dagoen etxabe betera doaz goizero. Penagarria.