Edurne Elizondo
Nafarroako ingurumenari mehatxu egiten dioten proiektuen mapa aurkeztu zuen Sustrai Erakuntza fundazioak, martxoaren amaieran, erakunde horretako bazkideen eta lagunen aurrean. 2015eko gatazkei egin diete so fundazioko kideek mapa hori osatzeko, eta hamaika auzi jarri dituzte mahai gainean: abiadura handiko trena, Esa handitzeko proiektua, handik gertu harrobia egitekoa, Aroztegiko egitasmoa, Castejongo zentral termikoak, goi tentsioko lineak, eta abar. Luzea da zerrenda. Sustrai Erakuntzako kide Xabier Zubialdek, halere, denak arazo beraren hainbat aurpegi direla nabarmendu zuen aurkezpen hartan: elkarri lotutako auziak direla, eta egungo gizarte ereduaren ondorio direla denak.
Sustrai Erakuntza fundazioak egindako mapatik kanpo gelditu arren, egungo gizarte eredu horrek ibaiengan duen eragina ere mahai gainean jarri nahi izan zuen, martxoko bilera hartan, Juan del Barrio ekologistak. Zehazki, Argak Iruñetik beheiti duen egoera salatu zuen. Hainbat adituk egindako ikerketek ere agerian utzi dute errealitate hori: 2015erako bete behar zituen helburuak ezin izan ditu bete, ibaiaren egoera ez baita ona, hainbat zatitan, Europak zehaztutako kalitate irizpideen arabera. Ondorioz, 2027ra arte atzeratu behar izan dute kalitate ona lortzeko epea, Argako hainbat zatitan.
Nafarroako herritar gehienak Iruñerrian bizi dira. 350.000 biztanle baino gehiagoko populazioa du eskualde horrek. Eta Arga ibaiari eragiten dio herritar horien bizimoduak, egunero, bertzeak bertze. Arazurin, 1990. urtean araztegia inauguratu zuten, Iruñerriko urak garbitzeko. Arazketa primarioa eta sekundarioa egiten dute azpiegitura horretan, baina ez da nahikoa ibaiak behar duen kalitatea izan dezan.
Garbitzeko gaitasunik gabe
145 kilometro luze da Arga. Goi ibarrean Eugiko presak heltzen dio urari. Handik behera, berriz, Iruñerriko industriak eta bidean dituen presa txikiek eragiten diote, batez ere. Ebroko Ur Konfederazioak berak egindako txostenek argi diote ibaiaren egoera zein den: “Argaren kalitatea aski hondatua dago; horrek harreman zuzena du ibaiak Iruñerrian barrena egiten duen bidearekin; Barañain inguruan dauden gatz ustiapenekin; bai eta bere bidean dauden presekin ere”. Arazuriko araztegiak ez du arazketa tertziarioa egiten, eta, ondorioz, gatzen arazoa ez da konpontzen. Kutsatzaile guztiak desagerrarazteko ahalmenik ere ez du, eta ibaian gelditzen dira herritarrek erabiltzen dituzten xaboi, kosmetiko edo botiken arrastoak ere.
Arazo hori onartu du Uraren Kultura Berria fundazioko kide Fito Jimenezek. Presek eragiten dutena nabarmendu du, bereziki, halere. Zehazki, Garesko udalerriko Sarriako presak aipatu ditu. “Eremu horretan ur lasterrak baziren lehen, eta ura berez garbitzen zen, berez oxigenatu egiten zen”. Egindako presek, ordea, dinamika hori apurtu egin dute, eta, ondorioz, ibaiak berez garbitzeko zuen gaitasun hori galdu egin du.
Sarriako presen aurka Arga Bizirik elkarteko kideek egin zuten borroka, urte luzez, Garesen. Sarriako lursailaren jabe Felix Huarteren familiak 1959. urtean jaso zuen han presa bat egiteko kontzesioa. 1991n, presa horren ordez hiru egiteko proiektua jarri zuen mahai gainean Iniciativas Energeticas izeneko enpresak. Konpainiak 2004. urtean lortu zuen egitasmo hori gauzatzeko baimena.
Kantabriako Unibertsitateak Argari buruzko txostena egin zuen, 2011n, eta Belaskoain eta Gares arteko presa horiek nabarmendu zituen Argak dituen arazo nagusien artean. Jimenezek, halere, ez dio konponbide erraza ikusten auzi horri. “Kantabriako Unibertsitatean egindako txosten horrek ere aipatu zuen garestiegia litzatekeela presa horiek behera botatzea”, azaldu du.
Bertzelako neurriak jarri izan ditu administrazioak mahai gainean, azken urteotan, auzi horri buruz. Adibidez, udan Eugiko urtegiko ura erabiltzea Argaren emaria handitzeko, eta, ondorioz, garbitzen laguntzeko. Uraren Kultura Berria fundazioak ez du neurri horrekin bat egin, ordea. Egindako zenbait txostenek ere ez dutela neurri hori eraginkortzat jotzen nabarmendu du. “Helburua da Iruñerriak Itoizko ura behar duela justifikatzea”, erran du Jimenezek. Are gehiago orain, Iruñerriko Mankomunitateak berak zalantzan jarri duenean Canasarekin duen ituna. Urtean milioi bat euro baino gehiagoko kanona ordaintzen du mankomunitateak “uraren erreserba” gisa, baina Itoizko ura Iruñerriak kontsumitzen duenaren %6,4 baino ez da.
Rios con Vida elkarteko Jorge Tenientek ere presek ibaien berezko ur dinamikak nola aldatzen dituzten nabarmendu du. “Garai batean, iragazkorrak ziren; egun, berriz, hormigoizko paretak dira. Aingirek, adibidez, ezin dituzte gainditu”. Argako berezko espezie anitz desagertu dela nabarmendu du , eta gizakiak kanpotik ekarritako bertze hainbatek hartu dutela haien tokia.
Bertzelako hainbat azpiegituraren eragina ere jarri du Tenientek mahai gainean; uholdeei aurre egiteko erabiltzen diren lubetak, adibidez. “Ibaitik hurbilegi jartzen dituzte; ondorioz, uholdea dagoenean uraren abiadura azkartu bertzerik ez dute egiten; ibaiari gainezka egiteko espazioa eman behar zaio”.
Horrek eskatzen du nekazariekin negoziatu beharra. “Egin, egiten da. Argan bertan, bisoi europarraren habitata hobetzeko kendu dituzte hainbat presa txiki”. Halako neurriak eraginkorrak direla azaldu du Tenientek, eta administrazioari eskatu dio ibaian gora egiten jarrai dezala, gisako neurriak martxan jartzeko.
Urtarrilean, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizalderekin egin zuen bilera Tenientek. Ez zen hagitz kontent gelditu, ordea. Arazoetako bat aurrekontua dela uste du. “Elizaldek berak erran zuen aurrekonturik txikiena duen departamentua dela harena”.
Bidasoan, Life proiektua
Ausardia ere eskatu du Tenientek, eta Bidasoan azken egunotan piztu den eztabaida jarri du horren adibide. Nafarroa eta Gipuzkoa Irekibai izeneko Life proiektuan ari dira parte hartzen. Ia hiru milioi euroko aurrekontua dute egitasmo hori garatzeko. Europak jarriko du %60. Proiektu horren helburua da uraren zuzentarauak zehaztutako helburuak betetzeko neurriak martxan jartzea. Ondorioz, hainbat presa botako dituzte Bidasoa ibaian. Itsasotik gora Endarlatsan dagoena da behera botako dituztenetako bat. Itsasotik Bidasoan gora sortu ziren errekaren bila sartzen diren izokinak harrapatzen saiatzen diren arrantzaleak kontra agertu dira, ordea.
“Elizalderi erran diogu Life proiektu hori betetzen ez badu Europan salatuko dugula”, ohartarazi du Tenientek. “Ibaiak behar du presa horiek botatzea, eta gobernuak ezin du atzera egin 20 arrantzalek ez dutelako nahi”.
Ingurumen Departamentuko Ur arloko teknikaria da Luis Sanz, eta Irekibai proiektuan parte hartzen ari diren profesionaletako bat. “Asmoa da lau presa botatzea, eta bertze batean lanak egitea iragazkor bilakatzeko; bi presa 2016 honetako agorraldian botako ditugu, eta bertze bi 2017. urteko agorraldian”, nabarmendu du.
Sanzek azaldu du Life proiektuak direla Europak estatuetako ingurumen politikak finantzatzeko duen tresna. “Irekibai izeneko proiektuaren bidez, uraren eta habitaten zuzentarauek jasotako helburuen alde eginen dugu”. Habitaten zuzentarauak zehazten du Europaren intereseko tokiak kudeatzeko planak egiten direnean, babes bereziko eremu bilakatzen direla. Halakoa da Bidasoa ere.
Ibaiari mesede handia eginen dio presak botatzeak. Argi eta garbi erran du hori Sanzek. Endarlatsakoarekin batera, San Martingoa botako dute Bidasoan. Erdian bada bertze bat, baina hori ez dute ukituko, hango zentral hidroelektrikoa martxan delako. Hartuko dituzten neurriekin, Bidasoako bi kilometro inguruko tarteari eraginen diote. “Orain ura bilduta dago, baina presak kenduta, ibai askea izanen dugu; horrek on eginen dio”.
Ingurumenaren ikuspuntutik presak ez direla onak berretsi du Sanzek. “Lortzen eta galtzen dugunaren arteko oreka bilatu behar da, ordea”. Argan Iruñetik behera daudenek ere ibaiari eragiten diotela onartu du Ingurumen Departamentuko teknikariak. “Arazoa da Iruñerriko populazioaren presioa jasan behar duela; agorraldian, gainera, ur emari txikia du. Presak badaude, noski, arazoak okerrera egiten du”, azaldu du. Argan zer hobetu badela argi du. “Okerragoak ere badira, halere; Zidakos, adibidez”, erran du.
Europako zuzentarauek ibaien egoerak ona behar duela izan eskatzen duela gaineratu du. “Uraren kalitateak izan behar du ona, baina ez hori bakarrik. Ibaiak izan behar dituen espezieak izan behar ditu, eta bere bidea egiteko aukera”. Hau da, ibaiari ibai izaten utzi behar zaio. Gizakien eta ibaien arteko hartu-emanak ez dira oraingoak. Presioa gehiegizkoa denean, ordea, ibaiak bere izaera gal dezake. Ibai izateko gaitasuna gal dezake.