Udaberriko hitzordua errenta kanpainarekin

Udaberriko hitzordua errenta kanpainarekin

Joxerra Senar

Udaberriarekin batera ohikoak dira zuhaitzetako kimu berdeak, polen alergia dutenen doministikuak, ordu aldaketaren ondorengo egun luzeagoak… eta, urtero bezala, Ogasunarekikoak bete beharra. Zergadun gehienek badakite ezin zaiola ihes egin horri. Nahiz eta urte batetik bestera xehetasun nagusiak ez diren gehiegi aldatzen, Nafarroako Gobernuak 2015eko errenta eta ondasun kanpainaren xehetasunen berri eman zuen iragan astean.

NOIZ HASI ETA BUKATUKO DA
KANPAINA?

Apirilaren 7an hasi eta ekainaren 24an amaituko da. Hemendik aurrera, gutun bidez igorriko ditu aitorpen proposamenak.

ZERGADUN DENEI IGORTZEN
ZAIE PROPOSAMENA?

Ez, 179.068 autolikidazio proposamen igorri dizkiete 239.885 zergaduni. Tartean aitorpen bateratuak daude.

ZER EGIN BEHAR DA
PROPOSAMENA ONESTEKO?

Ezer ere ez. Ontzat joz gero, ez da ezer egin behar, Ogasunak ulertuko baitu onartu dela. Alderantziz, ados ez egonez gero, aurrez aurreko ordua eskatu eta aitorpena egiten denean, automatikoki aurrekoa desegingo da.

NOIZ HASIKO DA
ORDUA ESKATZEKO EPEA?

Apirilaren 20an hasi eta ekainaren 24an amaituko da. Proposamen automatikoa jaso ez dutenek edo harekin ados ez direnek egin behar dute aurrez aurrekoa.

NON EGIN DAITEKE?

Ogasunak hainbat bulego ditu: Iruñean, Burlatan, Barañainen, Lizarran, Tuteran eta Tafallan. Dena den, herritarra ez dago derrigortuta haietara jotzera. Ogasunarekin elkarlanean aritzen diren 18 erakundetako 1.300 bulego eta egoitzetan ere egin daiteke. Laboral Kutxa, Kutxabank, Caixabank, BBVA, Ibercaja, Popular, Caja Rural, UAGN, Tradisna, Mutuavenir, Intia, Nafarroako Garraiolari Autonomoen Elkarte edo Nafarroako Ostalaritza Elkartearen egoitzetan egin daiteke, besteak beste. www. navarra.es webgunean eta 948 505 505 / 506 telefonoetan lotu daiteke ordua.

NORK EGIN BEHAR DU?

Behartuta daude errenta aitorpena egitera Nafarroan bizi diren herritarrak. Batetik, lan errentetan iaz 11.250 euro gordin izan zituztenek. Bestetik, iaz 1.600 eurotik gorako kapital higiezineko irabaziak edo ondasun igoerak izan zutenek. Bestelako errentak dituztenak (profesionalak, autonomoak, enpresaburuak edo maizterrak), behartuta daude aitorpena egitera edozein diru sarrera izanez gero.

ETA ONDASUN ZERGARENA
NORK EGIN BEHAR DU?

Ondarearen gaineko zergaren kanpaina herritar gehienek ez dute egin behar, gutxienez 1,5 milioi eurotik gorako ondarea izan behar duelako zergadunak.

ZENBAT ZERGADUN DAUDE
DEITUTA KANPAINARA?

Ogasunaren datuen arabera, errentaren kanpainan 472.547 nafarrek parte hartuko dute, eta 325.395 aitorpen egingo dira. Horietatik heren bati (105.733) ordaintzera aterako zaie, eta gainerako bi herenei (219.662) Ogasunak dirua itzuliko die.

ZENBAT DIRU ITZULIKO DU
OGASUNAK?

Datu hori ez du aurreratu. Dena den, 179.068 autolikidazio proposamenen kasuan, Ogasunak 71,9 milioi itzuliko dizkie guztira 120.700 proposameni. Gainerako 50.000k 36,6 milioi euro ordainduko dute. Hartara, autolikidazio proposamenen kasuan, 35,3 milioi euroko kostua izango du Ogasunarentzat, iaz baino 11 milioi euro gehiago. Agintariek aurreratu zuten orotara iazko kanpainan baino 22 milioi euro gehiago itzuliko dituela Ogasunak. Iaz, PSNren eta UPNren zerga erreforma egon zen indarrean, eta tarifa modu orokorrean jaitsi zen.

ZEIN DIRA ORDAIN EPEAK?

Ordaintzea egokituz gero, bi epetan helbideratuko du Ogasunak: uztailaren 1ean diruaren erdia, eta beste erdia azaroaren 16an. Epe bakarrean ordaintzea nahiago izanez gero, aldez aurretik jakinaraztea komeni da. Aldiz, dirua jasotzea egokituz gero, Ogasunak apirilaren 18tik ordainduko du autolikidazio proposamenen kasuan bederen.

LANGABE SARIA ETA BEKAK
AITORTU BEHAR DIRA

Bai eta ez. Langabezia sariak lan errendimendu gisa kontsideratzen dira. Aldiz, ordainketa bakarreko langabezia sariak zerga ordaintzetik libre daude, baldin eta gutxienez bost urteko jarduera ekonomiko baterako erabiltzen badira; hots, lan sozietate edo kooperatiba baten kapitala bereganatzeko edo autonomo gisa jarduteko. Ikasketa edo ikerketa bekak edo zentro teknologikoetakoak aitorpenetik libre dira.

ZER KENKARI DAUDE?

Hainbat. Nagusia etxebizitzarena da, %15 eta %18 bitartekoa. Norbanakoen kasuan, gehienez oinarria 7.000 euro izango dira, eta 15.000 euro, aitorpen bateratuetan. Etxearen zaharberritzea ere aintzat hartzen da, eta kenkaria handitu egiten da (%20-23 artean) eraginkortasun energetikorako bada. Etxe alokairuaren %15 kenkaria da, gehienez 1.200 euro. Beste hainbat kenkari daude: gizarte edo ongintza arloko erakundeei emandako diruaren %25; hezkuntzan seme-alaben itunpeko ikastetxeei emandakoaren %25; sindikatu kuotaren %25, eta gehienez 600 euro; alderdietako afiliazio kuotaren %25, gehienez 600 euro; biomasako instalazio termikoetan inbertitutakoaren %15…