Asier Garcia Uribarri
Beharrezkoa da Nafarroako emisioa berehala etetea”. Horrela dio Espainiako Industria Ministerioak ETBri helarazitako aginduak. Nafarroako Gobernuak apirilaren 21ean izan zuen horren berri, eta berehala hasi zen lanean neurri hori behin-behinean gelditu ahal izateko. Era berean, ministerioari eskatu dio txostenean “kaltetu gisa” parte hartzeko aukera. Hala ere, egun, auzia ETB eta Industria Ministerioaren artekoa da. Auzia konpondu arte, ministerioak izango du azken hitza.
Iazko hauteskundeak baino bi hilabete lehenago UPNren gobernuak salatu zuen ETBren seinalea Iruñerrira heltzen ari zela. Hori posible zen Kanpezuko (Araba) hedagailua Nafarroa alderantz jarri zutelako. UPNk ez zuen salaketaren berri eman.
Ekainean Industria Ministerioak eskutitza igorri zion Nafarroako Gobernuari. Ministerioak galdetu zuen ea Nafarroak gai horretan ba ote zuen Eusko Jaurlaritzarekin nolabaiteko itunik. “Legeak dio bi erkidegoren arteko itunak egonez gero posible dela erkidego bateko telebista beste batean ikustea”, adierazi du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. UPNk ezetz erantzun zuen, hitzarmena hautsia zela.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanerako protokolo bat sinatu zuten 2009an. Orduan, Patxi Lopez zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea. Protokoloak hainbat puntu zituen, besteak beste, ETBren emisioa. Hori aurrera eramateko, bi gobernuek konpromisoa hartu zuten Industria Ministerioarekin hitz egiteko, horrek “emisiorako beharrezkoa den multiplexa planifikatu eta esleitzeko”. Era berean, emisioak baldintza zehatzak zituen. Adibidez, “ETBren emanaldi guztiek Nafarroako errealitate politikoa, soziala, erakundeak, sinboloak eta nortasuna errespetatu” behar zituzten. UPNren gobernuak 2013ko martxoan jakinarazi zuen ETB Nafarroan ikusteko negoziazioak hautsi zituela, eguraldiaren mapa aitzakiatzat hartuta. Baina Ollok dio gobernuak ez duela inolako dokumenturik hori adierazten duenik.
Hala ere, ekainean jardunean zegoen Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzarekin hitzarmenik ez zegoela adierazi, eta horrela heldu da Espainiako Gobernuaren agindua. Nafarroako Gobernuak adierazi zuen ez zutela salaketa horren berri, eta hura berehala kenduko zutela. Hala ere, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak esan zuen salaketa egon edo ez gobernuak “legez kanpoko jardueren aurka” egin behar duela. “Salaketa kentzeak ez du eragingo zigor txostena etetea”.
Arazo tekniko eta politikoa
Urriaz geroztik ari da ETB Iruñerrian lurreko telebista digitalean emititzen, Erreniega eta Ezkabako hedagailuen bidez. Akordio programatikoan jasota dago Iruñeko Gobernuak “erraztu” egingo duela ETB Nafarroan ikustea.
Aurreko legealdian, Nafarroako Parlamentuak bi aldiz egin zuen eskari hori, eta astelehenean nahi hori berretsi zuen. Gobernua irailetik ari da lanean arazo horri legezko irtenbidea emateko, eta, hori lortu bitartean, erabaki zuen ETBren emisioari oztoporik ez jartzea. Ulertzen baitute, ETBk Nafarroan emititzeko lizentziarik ez badu ere, horrek ez duela legearen aurka egiten. “Emisioak alegalak dira. Ez daude legeztatuta, baina ez dute legearen aurka egiten”, adierazi du Ollok. Haren aburuz, garrantzitsuagoak dira herritarren “informazio eta hizkuntza eskubideak”.
Azken hilabeteetan hamaika bilera egin ditu Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin, ETBrekin eta Industria Ministerioarekin. Baina Ollok adierazi du gai konplexua dela “alderdi tekniko eta politikoan”. Lehenengo aukera litzateke 2009ko protokoloak proposatzen zuena. Hau da, Industria Ministerioak Nafarroan bigarren multiplexa jartzeko baimena ematea. Baina ministerioak ezetz esan zuen. “Erantzun orokorra izan zen; ez dio inongo erkidegori bigarren multiplexa eman”.
Lehen bide hori itxita, bigarren aukera da Nafarroak berezkoa duen multiplexaren bitartez emititzea. Egun, multiplex horrekin ikus daitezke Nafar Telebista, Navarra Television eta Vaughan TV. “Ministerioari beste bi kate sartzeko eskatu diogu. Baina borondatea behar da”.
Hirugarren aukera ere aztertzen ari da gobernua: ETB tokiko multiplexen bitartez emititzea. “Aukera hori teknikoki landu behar dugu, eta politikoki bideragarria izateko protokoloa aldatu beharko genuke”. ETB Nafarroan modu normalizatuan ikusteko lanean ari da gobernua. Baina, atzo bezala gaur ere, borondate politikoa da gakoa. Auzia konpondu arte, Espainiako Gobernuak erabakiko du nafarrek ETB ikus dezaketen edo ez.