Existitzen ez diren langileak

Existitzen ez diren langileak

Edurne Elizondo

Ez gara existitzen. Gizarteak ez dio ematen duen balioa guk egiten dugun lanari”. Errealitate hori aldatzea helburu hartu du Caridad Jerezek. Etxeko langilea da, Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko presidentea, hain justu. Aitortu du Maiatzaren Lehena ez dela egun berezia beretzat. Ez duela uste igandean karrikara aterako diren sindikatuek ordezkatzen dutenik. “Langile izaera ere ukatu egiten digu egungo sistemak”, salatu du.

2011. urtean onartu zuen Espainiako Gobernuak egun indarrean dagoen etxeko langileen inguruko legea. Araudi horrek ez du haien egoera aldatzen lagundu, Jerezen ustez. Alderantziz. “Orduko 3 eta 5 euro bitarteko soldata ezartzen du; ez dugu lan hitzarmen kolektiborik; ez dugu langabezia jasotzeko eskubiderik; eta langileen estatutuan ere ez gara agertzen”. 1985eko araudia ordezkatu zuen 2011koak, baina, oraindik ere, urrats anitz badela egiteko argi du Jerezek. Esaldi bakar batean laburbildu ditu etxeko langileen aldarrikapenak: “Bertze edozein langileren pareko izan nahi dugu”.

Bide horretan urratsak egiteko sortu zuen Jerezek elkartea, 2012. urtean. Onartu du, hala ere, kosta egiten zaiela etxeko langileak elkartera batzea. “Anitzek ez dute erran nahi etxeko langile direla ere; lotsatu egiten dira, gizarteak berak ez duelako gure lana onartzen. Hori da arazo nagusia”, salatu du Ada Cabanillasek, elkarteko presidenteordeak.

Jerezekin bat egiteko zalantzarik ez zuen izan Cabanillasek. “Guk ez badugu gure eskubideen alde egiten, nork eginen du? Gu ez gara ari gure alde bakarrik, gu denen alde ari gara”, erran du. Perun jaioa da, baina duela 30 urte ailegatu zen Iruñera. Sorterrian baino denbora gehiago egin du hemen. Etxeko langileen kolektiboaren barruan migratzaileen egoera are okerragoa dela argi du, hala ere. Horixe nabarmendu zuen joan den otsailean, Nafarroako Parlamentuan. “Gehiegikeriak gertatzen dira, eta paperik ez dutenak babesgabe dira”, salatu zuen, Jerezekin batera parlamentarien aurrean egindako agerraldian. Hil honen 7an, berriz, Iruñeko Udalak jorratu zuen etxeko langileen auzia. Haien eskubideak onartzeko eskatu zuen udalak egun hartako osoko bileran. Gehiegikeriak salatu, eta etxeko langileen Gizarte Segurantzako erregimena erregimen orokorrarekin parekatzeko ere galdegin zuen, bertzeak bertze.

“Parlamentuan agertu eta gero, hainbat langilek deitu dute, elkartearekin bat egiteko prest”, erran du Jerezek. Nafarroan 14.000 etxeko langile inguru badirela azaldu du elkarteko buruak, “baina haietako 9.000 inguru baino ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda”. Gehienak emakumeak dira.

“Etxekoa emakumeen lantzat jo izan da. Lan ikusezina izan da, ondorioz, eta onarpenik gabekoa. Gizarte klasista eta matxista baten isla da egoera hori”. Horixe nabarmendu zuen Iruñeko Udaleko Berdintasun zinegotzi Laura Berrok, hilaren 7ko osoko bileran. Palafolls herriko (Bartzelona) PPko zinegotzi Oscar Bermanek Bartzelonako alkate Ada Colauri errandakoak gogoratu zituen. Gizarte “serio eta osasuntsu” batean Ada Colau “zoruak garbitzen” ariko litzatekeela bota zuen PPko kideak, “eta ez Bartzelonako alkate”.

Gizarte matxista batean emakumeak ustez etxean egin beharreko lan horren jarraipen gisa ulertu izan da etxeko langileen jarduera, hain zuzen ere. “Etxeko lanak dira, eta emakumeak egiten ohi ditu. Etxeko andrearen gauzak dira. Etxeko tresnatzat hartzen da etxeko langilea”. Irene Sotosenak dira hitzak. Argi eta garbi mintzatu da. Egoera ikusten duen bezala azaldu du. Ez da hagitz baikor etorkizunari buruz. Zaharrak zaintzen lan egin izan du, batez ere, baina orain lanik gabe da. “Lanik eta langabezia saririk gabe”.

7 egun, 24 ordu, 840 euro

Argentinan jaioa da Sotos, baina, Cabanillasek bezala, aspalditik du Nafarroa bere etxe. Lan bila ari da orain. “Caritas erakundearen bitartez, bat eskaini didate. Pertsona zahar bat zaindu beharko nuke, eta haren etxean gelditu. Asteko zazpi egunetan. Eguneko 24 orduak. 840 euroko soldata eskaini didate”, salatu du Sotosek. Gisako lanak izan dituela onartu du. “Bizitza osorako espetxe zigor baten gisakoak dira. Etxeko zaharra zaintzeko kontratatu, baina denetarik egin behar duzu, bai eta txakurra zaindu ere, txakurrik bizi bada etxean”.

Sotosen hitzak entzunda haserretu egin da Jerez. “Ezin dugu onartu Caritasen gisako erakundeek halako zubi lana egitea familien eta etxeko langileen artean, eta gure eskubideak kontuan ez hartzea. Horregatik erabaki nuen nik elkartea martxan jartzea, etxeko langileek nora jo izan dezaten, haien eskubideen alde eginen duen elkarte baten babesa izan dezaten”.

Babes horren bila bat egin zuen Cabanillasek Jerezekin. Eta, batez ere, babes hori bertzeei eskaintzeko. Perutik Nafarroara etorri zenean, bi urtez aritu zen familia baten etxean lanean. “Zazpi pertsona bizi ziren han; ni ere bai. Esperientzia ez zen hagitz ona izan. Bakarrik nintzen Nafarroan, eta ia ez nintzen etxetik ateratzen ere. Jateko anitz ez zidaten ematen, eta gose izaten nintzen”, gogoratu du.

Bertze familia batekin denbora luzez aritu da Cabanillas lanean, eta egoera bertzelakoa izan dela onartu du. Maria Gomezek ere esperientzia on gehiago izan ditu, txarrak baino. Galiziatik etorri zen Iruñera, duela 30 urte. Dekorazioaren esparruan aritu zen lanean sorterrian, baina hemen ez zuen halakorik aurkitu etorri zenean. Etxeko langile bilakatu, eta horretan aritu da, orain arte. “Haur bat zaindu nuen urte luzez, eta azken hamarrak gizon bat zaintzen eman ditut. Etxeko gauza guztiak egiten nituen, botikak ematen nizkion eta janaria ere prestatzen nion. Dietetika eta nutrizio ikasketak hasi nituen. Etxeko langileok halakoak egin behar izaten ditugu”.

“Gizona neska-lagunarekin bizitzera joan da orain, eta lanik gabe gelditu naiz”. Erretiroa hartzeko aukera aztertzen ari da Gomez. Egoera ez dela erraza aitortu du. “Soldata urria dugu, eta kotizazio baxua. Pentsioak ere halakoak izaten dira”. Gomez, halere, ez da kexu, eta egoera txarragoan direnak ezagutzen dituela nabarmendu du. Horregatik erabaki zuen berak elkartearekin bat egitea, hain zuzen. Kolektiboaren lan baldintzak hobetzen laguntzeko. “Lagun bat urte luzez aritu da ikasleentzako egoitza batean lanean; ustez, Gizarte Segurantzan izena emanda. Istripu bat izan zuen, eta kanporatu zutenean konturatu zen ez zela egia”.

Gomezek argi erran du: “Lan baten kategoria lan hori egiten duen pertsonak markatzen du. Oraindik ere, 60ko hamarkadako pentsamoldeak badituzte etxeko langileak hartzen dituzten anitzek, eta hori da bazter utzi behar duguna”.

Iritzi horrekin ados da Jerez. Sotosen eta Gomezen kasuen harira, etxeko langileen jarduerak eten anitz izaten ohi dituela nabarmendu du. “Hori ere arazo bat da langile anitzentzat. Hainbat hilabeterako lanak izaten ditugu, anitzetan”.

Ez da hori haren egoera. Azken 24 urteotan ibili da etxe berean lanean. Astelehenetik ostiralera aritzen da, egunean hiru orduz. “2011ko legea atera zenean egin zidaten kontratua, geroztik nago Gizarte Segurantzan. Nagusia beldurtu zen. Zortzi euro kobratzen dut orduko, geroztik”. Soldataren zati bat, ehun euro inguru, etxetik lanerako bidaian gastatzen du. “Kontent naiz, halere, bai baitakit bertze anitzek baino egoera hobea dudala; soldatak, halere, ez digu autonomia ekonomikoa izateko aukerarik ematen”. Etxeko langileen egoera nagusien borondatearen araberakoa izaten dela erantsi du. “Hori gertatzen da legeak ez dizkigulako langile gisa ditugun eskubideak bermatzen”, salatu du.

Profesionalizazioa

Profesionalizazioaren auzia jarri zuen mahai gainean Iruñeko Udalak, hilaren 7an etxeko langileen egoerari buruz egindako eztabaidan. Erakunde horrek Nafarroako Gobernuari eskatu zion neurriak har ditzala etxeko langileen sektorearen profesionalizazioa errazteko eta bultzatzeko. “Profesionalizazioa? Noski, guk ere nahiko genuke ikastaro bat egin eta titulua jaso. Baina non ematen dute? Inon ez. Nire titulua dira lanean egin ditudan 24 urteak”, erran du Jerezek. Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteak auzi horri heldu nahi diola argi utzi du presidenteak, hala ere, “langileon baldintzak hobetze aldera”.

Langileen baldintzak hobetzeko asmoz, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak osoko bilerara eramanen du auzia. Joan den astekoan eztabaidatzekoa zen Ahal Dugu-k aurkeztutako mozioa, baina atzeratu egin zuten, azkenean. Hurrengo astean landuko dute gaia, seguruenik. Mozioaren helburua da, zehazki, Espainiako Gobernuari eskatzea Lanaren Mundu Erakundearen 189. hitzarmena berresteko. Iruñeko Udalak ere eskaera bera egin zuen hilaren hasierako osoko bileran.

189. hitzarmen horrek lantzat jotzen du etxeko langileen jarduera, eta, ondorioz, etxeko langileek baldintza duinak izateko duten eskubidea nabarmentzen du. 2011. urtean onartu zuten, baina Espainiak ez du berretsi, oraindik ere.

“Lan anitz dugu egiteko”, aitortu du Jerezek. Bera prest da, baina “denen artean” errazagoa izanen dela argi du. Horregatik eskatu die etxeko langileei elkartearekin bat egin dezatela. “Elkarri laguntzeko, elkarri babesa emateko, denen alde aritzeko”. Cabanillas, Sotos eta Gomez ondoan ditu. Bakoitza bere errealitatetik, bakoitza bere bizi eta lan baldintzekin. “Langileak gara, eskubideak ditugu; ez dezagun ahaztu, gizarteak ez dezala ahaztu”. Gomezenak dira hitzak; bertzeek bere egin dituzte.