Edurne Elizondo
Teknologia berrien erabilerak nabarmen eragin dio ornitologiaren esparruari. Hegaztiei so egitea gustuko dutenek, ohiko paperezko libretarekin batera, bertze hamaika tresna dituzte orain eskura, behatutako txoriei buruz jasotako datuak gordetzeko. Horietako bat da eBird izeneko plataforma. New Yorkeko Cornell Unibertsitateak bultzatutako tresna da. Iaz, lehendabiziko aldiz, Global Big Day izeneko hegaztien munduko eguna antolatu zuten: 14.000 pertsona atera ziren hegaztiei so egitera, eta 6.000 espezieren baino gehiagoren berri jaso zuten eBird plataforman. Bihar berriz eginen dute. Nafarroan ere bai. Gorosti zientzia elkarteko ornitologia saila da plataformak herrialdean dituen erabiltzaileetako bat. Ehun inguru dira jada. Gaur, 18:00etan, Civican aretoan eginen dute plataformaren aurkezpena.
“Oso tresna erabilgarria da; informazio zabala jasotzen du, eta denen eskura dago. Munduko edozein txokotan dagoen pertsona batek ikusitako hegaztiei buruzko informazioa sartzen du eBird plataforman, eta nahi duenak erabiltzen ahal du”. Horixe azaldu du Gorka Gorospe ornitologo eta ilustratzaileak. eBird plataformaren koordinatzaileetako bat da. Norbanakoek ez ezik, ikerlariek ere baliatzen ahal dituzte plataformako datuak. “Oso interesgarria da, ikuspegi zabala eskaintzen baitute jasotako datu horiek”, erantsi du. Hegaztien migrazioei buruzko informazioa ematen ahal dute, bertzeak bertze.
Ameriketako Estatu Batuetatik bultzatutako biharko hegaztien munduko eguna ontzat jo du ornitologoak, egun bakar batean informazio anitz jasotzeko aukera eskaintzen baitu. Biharko eguna ospatzeko, 24 orduko maratoia egiteko asmoa du Gorospek. Hau da, egun batean ahalik eta espezie gehien ikusten saiatuko da, Nafarroan. Herrialdeko txoko batetik bertzera joanen da, habitat ezberdinek espezie ezberdinetako hegaztiak ikusteko aukera eskaintzen baitute.
Zaletasunak, gora
Nafarroan hegaztiei so egiteko zaletasunak gora egin duela uste du Gorospek. “Egia da denek ez dutela zaletasun hori intentsitate berarekin garatzen, baina gero eta jende gehiago ateratzen da hegaztien atzetik”, erran du. Orduak eta orduak eskaintzen dizkio Gorospek zaletasun horri. Afizioa ofizio bilakatu du, gainera. Mirua enpresarentzat aritzen da gidari gisa. “Kanpoko jende asko etortzen da Nafarroara, hegaztiei so egitera”. Ingalaterrakoak dira bisitari horietako anitz. “Han, ornitologiak futbolak baino zale gehiago ditu”.
Nafarroara iaz hegaztiei so egitera etorri zirenen artean dago Noah Strycker. Gorospe izan zen haren gidari. Urte batean ahalik eta espezie gehien ikusteko erronkarekin hasi zuen ornitologo horrek 2015. urtea, eta 6.042 zenbatzea lortu zuen. Ordura arteko munduko marka ondu zuen, eta ederki gainera, 4.341ekoa baitzen.
Gorospek Gorosti zientzia elkartearen babesa jaso du hemen eBird plataforma bultzatzeko bidean. Gaurko aurkezpenean ere parte hartuko dute elkarteko kideek. Apirilean amaitu zuten urtero egiten duten ikastaroa, ornitologian trebatzen hasi eta txoriak kantuen bidez ezagutzekoa. Hegaztiei so egiteko harrobia lantzeko tresna da, neurri handi batean. Teoria jasotzeko eskolak eta irteerak uztartzen ditu, Gorosperen gisako adituen laguntzarekin.
2009tik ari dira ikastaro hori egiten Gorostiko kideak. Helburua da trebatzen diren pertsonek gero parte hartzea Nafarroako hegazti habiagileen erroldak osatzeko lanetan, bertzeak bertze. “Aurten ikastaroa bigarrenez egin duten hainbat lagun animatu dira, eta eman dute izena”, azaldu du Gorostiko kide Gonzalo Deanek. Jasotako datuek ere balioko dute eBird plataforma elikatzeko.
Deanek nabarmendu du tresna hori ez dela ornitologoek eskura duten bakarra. Hegaztiak ikusten dituzten tokian haiei buruzko datuak zuzenean jasotzeko aukera eskaintzen dute, adibidez, sakelako telefonorako hainbat aplikaziok. “Anitzez ere erosoagoa da datuak jasotzeko lan hori orain”. Informazio hori gero baliatzeko eta partekatzeko aukera izatea hagitz baliagarria dela erantsi du.
Hegaztiei buruzko datuak jasotzeko, hegazti horiek ikustea funtsezkoa da, noski, eta animaliok aurkitzeko lanetan ere erabilgarri eta lagungarri dira teknologia berriak. Sare sozialetako taldeen eta foroen bidez, adibidez, informazioa zabaltzen da, bertzeak bertze, habitat jakin batean agertzen diren espezie ezohikoen inguruan.
“Bestalde, ohiko tokietatik at ikusten diren espezieen berri jaso dezakegu”, gaineratu du Gorka Gorospek. Irati, Irunberri, Arbaiun eta Pitillas dira hegaztiei so egiteko toki ezezagunetako hainbat, Nafarroan. Baina badira gehiago. Herrialde oso bat bete hegazti.