Asier Garcia Uribarri
Egungo eskolek ez dute zer ikusirik frankismo garaikoekin, baina Sakanako herrietan horren arrasto batzuk geratu dira. Horrek eragin du herri eskolen aurkako gutxiespen edo mesfidantza puntu bat mantentzea”, azaldu du Amaia Zubiria Iturmendiko eskolako zuzendariak. Garai bateko eskola nazionalen itzalaz gain, Zubiriak adierazi du behin-behinekotasun handia pairatu dutela eskoletan. Bi faktore horien ondorioz, Sakanako herri eskolek nortasun propiorik ez zutela konturatu ziren bertako arduradunak, eta egoera iraultzeko ikasturte hasieran prozesu bat martxan jartzea erabaki zuten.
Apirilaren 28an prozesuaren emaitzak aurkeztu zituzten Lakuntzako kultur etxean. Etorkizunera begira, sei zutabe ezarri dituzte Sakanako herri eskolek: euskara, kultura, publikoa, aniztasuna, zuzentasuna eta errespetua. Hori lortzeko, hezkuntza proiektu berritua ere aurkeztu dute. Gakoetako batzuk izango dira elkarlana, sormena eta hezkuntza komunitatea. Ekitaldian parte hartu zuten prozesuan sartutako pertsonek, besteak beste, egungo ikasle eta ikasle ohiek, irakasleek eta gurasoek. Nafarroako Gobernuko hainbat ordezkari ere izan ziren bertan, hala nola Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria.
Ekitaldian Altsasu eta Etxarri Aranazko ikastolek egindako lana aitortu zuten. “Euren lanari esker Sakana euskalduna da egun, eta herri eskoletan D eredua dugu”, adierazi du Zubiriak. Keinu garrantzitsua izan zen hori. Hainbat arrazoirengatik, Sakanan, ikastolak eta herri eskolak oso banatuak egon baitira.
Parte hartze handia
Orain dela hiru urte elkarlanean hasi ziren Olatzagutia, Urdiain, Iturmendi, Arbizu eta Uharte Arakilgo eskolak. “Eskola txikiak dira gureak, ikasle gutxikoak. Beraz, koordinatzen hasi ginen irteerak egiteko, programazioak adosteko eta eguneroko beharretan laguntzeko”.
Eskolen arteko hartu-eman horietan, zuzendariek ikastetxeen izaera definitzeko beharra sentitu zuten. “Datozen irakasle berriei esan ahal izateko: gu hau gara”. Hor piztu zen talde identitate berria sortzeko beharra. Iazko urrian hasi zituzten bilerak. Prozesuan jende askok parte hartu du, besteak beste, herri eskoletako komunitateak, ikasle ohiek, tokiko erakundeek eta eskualdeko ikastolek.
Hori guztia aurrera eramateko Hezkuntza departamenduaren ILZ Irakasleen Laguntzarako Zentrora jo zuten Sakanako eskoletako arduradunek. Zentro horrek prestakuntza eskaintzen baitie irakasle eta ikastetxeei. ILZak Juan Miguel Ruiz hezkuntza erakundeetarako aholkularia bideratu zuen zeregin horretarako. Lehenengo eta behin, Ruiz Sakanako bost eskoletako zuzendariekin bildu zen. Horiek beren egoera azaldu zioten. Ruizek bi zatitan banatutako prozesua diseinatu zuen. Batetik, iraganera jo zuten. “Iraganari begiratu behar zitzaion. Baina ez epaitzeko, ezagutzeko baizik. Eskolaren funtzioa ez da epaitzea, ikastea baizik. Beharrezkoa da ezagutzea zer-nolako zauriak dauden, horiek ixten laguntzeko. Baina baita herri eskolek izan dituzten gauza onak baloratzeko ere”, azaldu du Ruizek.
Lehen parte horretan, frankismo garaiko ikasle ohiekin saio bat egin zuten. Patxi Betelu Uharte Arakilgo bizilaguna 1950eko hamarkadan joan zen eskolara, eta saio horretan parte hartu zuen. “Gerra diziplina zegoen eskolan. Irakaslea gizon gogor eta indartsua zen, eta egundoko kolpeak banatzen zituen. Beldurra genion”. Diziplina estuaz gain, Beteluk gogoratu du adin guztietako 40 bat lagun zeudela gelan. “Gure garaian ehun ikaslerekin baino gehiagorekin hiru irakasle zeuden. Gaur egun, Uharte Arakilen ez dago horrenbeste ikasle, eta hamar edo hamabi irakasle dira”. Eskolatik lortutako prestakuntza eskasa zela gogoratu du Beteluk. “Oinarrizko lau arauak ikasita baino ez ginen ateratzen eskolatik”. Hala ere, eskolako oroitzapen guztiak ez dira txarrak. “Nik ez dut inongo traumarik. Une latzak pasatu genituen. Baina baita ederrak ere, besteak beste, jolas orduak, frontoia eta jokoak. Zaldikoen gisan ibiltzen ginen, gora eta behera”.
Lakuntzako ekitaldian ere parte hartu zuen Beteluk, eta gauza batek atentzioa eman dio bereziki: egungo irakasleen gogoa. “Harrituta gelditu naiz. Zer-nolako gogoa, grina eta mimoa duten lan egiteko. Ez du zerikusirik nik bizi izandakoarekin”.
Ikastolekiko harremana
Iraganaren atala ixteko ikastolekin ere hitz egin behar zuten. “Herri txiki hauetan, ikasleek ikastolan edo herri eskolan ikasi badute parke batean edo bestean jokatzen dute. Hori ez dugu guk nahi, ezta ikastolek ere. Horregatik zubiak irekitzeko beharra ikusi genuen”, azaldu du Zubiriak. Bide horretan, eskolek beharrezkoa ikusi zuten ikastolek euskararen normalizazioan egindako lana aitortzea.
Beteluk ere begi onez ikusi du herri eskolek ikastolei egindako aitorpena. Haren aburuz, hainbat zentrotako ikasleen arteko harremana normalizatua dago egun. Baina hori ez da erraza izan. “Trantsizioan eskolan zeuden zuzendariek ez zituzten gauzak aldatu nahi izan. Euskararen gaiarekin adibidez, legeak agindu arte ez zuten ezer egin. Denborarekin gauzak aldatuz joan ziren. Gaur egun, eskoletan denek egiten dute euskaraz. Hori lorpena da”.
Behin iraganari aurpegira begiratu eta gero, eskolek oraina eta etorkizuna definitzera jo zuten. Horretarako, eskolako ikasle, guraso eta irakasleekin egin zituzten saioak. Zubiriak nabarmendu du saio guztietan irakasleen klaustroek parte hartu dutela. “Ez genuen nahi hau zuzendarien prozesua izatea. Klaustro osoak kontzientzia hartu behar zuen”. Ruizentzat parte hartze handia izan da prozesu honen ezaugarrietako bat.
Egindako lana borobiltzeko eskoletako guraso musikari eta bertsolari batzuek Sakanako eskola txikien kanta egin zuten. Han, prozesu osoan bizi izandakoa eta amesten duten eskola irudikatu dute.