“Eskaintza handituz doa”

E. Elizondo

Arazoak badirela aitortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzarako zuzendari Imanol Nuñezek; baliabideak urriak direla; eta eskaintza ezberdina dela graduz gradu: ikasle anitz dituztenetan gehiago direla NUPek eskaintzen dituen euskarazko irakasgaiak; ikasle gutxi dituztenetan, berriz, gutxiago. Hala eta guztiz ere, urtetik urtera kopuruak gora egin duela nabarmendu du. “Eskaintza handituz doa”. Hain zuzen, datorren ikasturtean euskarazko bederatzi irakasgai gehiago izanen direla iragarri du.

Baliabideen kontua jarri du Nuñezek mahai gainean. NUPeko errektore Alfonso Karlosenak berak erakunde horren egoera ekonomiko “larria” utzi zuen agerian, duela hamar egun Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. “Ikasturte franko daramatzagu urtean %5,6ko murrizketa ekonomikoak pairatzen, azpiegituretan eta ekipamenduan inbertsiorik egin gabe eta irakasleen galera gelditu ezinik”. Karlosena NUPek onartutako Plan Estrategikoa aurkeztera joan zen parlamentura, hilaren 1ean.

Nuñezek erantsi du baliabideen urritasunak isla ez daukala bakarrik aurrekontuetan. “Giza baliabideak ere urriak dira”. Euskarazko irakasleak kontratatzeko zailtasunak areagotzen ditu egoera horrek, azaldu duenez, bereziki ikasle gutxi dituzten graduetan. “Ikasle asko dituztenetan, ia gradua osorik euskaraz emateko moduan gara; baina ikasle gutxi dituzten graduetan badugu lana, oraindik ere. Hainbat arlotan ez da erraza euskarazko irakasleak aurkitzea”, azaldu du Hizkuntza Plangintzarako zuzendariak.

Ekonomiak eragindako paralisi egoera gainditzeko, bi lan ildo nagusi proposatu zituen NUPeko errektoreak parlamentarien aurrean. Lan ildo horiek badute lotura zuzena unibertsitateak berak azken egunotan mahai gainean jarritako datu batekin: Nafarroan selektibitatea gainditzen duten ikasleen %35 inguru, herrialdetik kanpora joaten dira unibertsitateko ikasketak egitera. 2014. urtean, adibidez, selektibitatea gainditu zuten 919 ikasle joan ziren Nafarroatik at, bertzeak bertze, Euskal Herriko Unibertsitatera (EHU). NUPek berak onartu du euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izateko erabakitzen dutela ikasle horietako hainbatek kanpora joatea.

Unibertsitateak martxan jarri nahi dituen bi lan ildoen helburua da, hain zuzen ere, egoera horri buelta ematea. Horretarako, titulazio berriak eskaini, eta hezkuntza eleaniztuna indartu nahi du NUPek. Karlosenak bere agerraldian onartu zuen ikasketak euskaraz nahiz ingelesez egiteko eskariak gora egin duela, eta, ondorioz, “eskaintza zabaldu eta indartu” beharko dutela uste du.

Ikasketa labeldunak

Plan Estrategikoa onartu eta gero, Nuñezek nabarmendu du tresna bat izan behar duela unibertsitatearentzat. Euskarabidea ere berea prestatzen ari dela azaldu du, eta koordinatuta lan egiteko aukera jarri du mahai gainean. Helburu nagusia euskarari “balioa” ematea dela nabarmendu du, eta, alde horretatik, aipatu du euskaraz egiten diren ikasketei “kalitatezko label bat” emateko aukera, lan merkatuan barneratzeko momentuan ikasle horrek aukera gehiago izan dezan. “Enpresak eta ikasleak lotu behar ditugu, batetik; eta, bestetik, unibertsitatearen testuinguruan ezinbestekoak diren arloetan euskarak duen tokia hobetu behar dugu”.