Asier Garcia Uribarri
Nafarroa eta Aragoi (Espainia) artean 50 kilometro koadroko potasa eta gatz meategia egiteko proiektua. Hori da Geoalcali enpresak esku artean duen egitasmoa, Erreniega eta Bailo artean. Lur horien egoera aztertzeko ia baimen guztiak lortu ditu. Zangoza eta Xabier inguruan kokatuko litzatekeen Muga meatzeko proiektua da garatuen dagoena. Aurreko udan, ingurumenean izango lukeen eraginaren azterketa aurkeztu zuten, eta hamaika erakunde eta instituzio publikok helegiteak aurkeztu zituzten. Hala ere, inguruko herritarrek proiektuari buruzko informazio falta salatu dute. Horregatik, Nafarroa eta Aragoiko gobernuei prozesu parte hartzaile publiko bat martxan jartzeko eskatu diete. Aurreko astean egin zuten agerraldia.
Ingurumen eraginaren azterketaren barruan, legeak dio enpresak prozesu parte hartzaile bat ireki behar duela. Proiektuaren informazioa publiko eginez eta herritarren iritziak jasoz. Enrique Miranda Undioko herri batzarreko eta Bal d’Onsella eta Erreniegako potasa meatzeen aurkako plataforma bateratuko kide da. Haren arabera, enpresak ez zuen horrelako prozesurik aurrera eramateko inolako asmorik, baina Nafarroako Gobernuak behartu egin du. Hala ere, Mirandak salatu du prozesu horrek gabezia ugari dituela. “6.000 orrialdeko txostena publiko egin zuten iazko udan, jendea oporretan dagoenean. Hala ere, ehunka helegite jarri genituen hainbat gizarte eragile eta instituzio publikok”.
Nafarroako Gobernuak enpresa behartu du prozesu parte hartzailea martxan jartzeko, legeak horrela agintzen baitu. Hala ere, Mirandak salatu du enpresak eta gobernuak prozesua nolakoa izango den adostu gabe Geloalcali lanean hasi dela. “Soziologia enpresa bat kontratatu dute, eta galderak egiten ari dira herrietan. Ez proiektu osoaren inguruan, Muga meatzeari buruz soilik. Jendeak ez du informaziorik, ez dakite zein den proiektua. Beraz, hitz egiten dute entzuten dutenaren arabera, besteak beste, 800 lanpostu egongo direla eta proiektua 47 urterako dela. Baina txostenean jasota dago lanpostuak 250 izango direla, eta lana hemezortzi urterako”.
Egoera hori zuzentzeko, plataformak babesa eskatu die alderdi politiko, hautetsi, diputatu, talde ekologista eta gizarte eragileei Nafarroa eta Aragoiko gobernuek egin dezaten prozesu parte hartzaile eta publiko bat. “Astebetean ehun atxikimendu baino gehiago lortu ditugu”.
Prozesua eskatzeko dokumentuak aurreko astean entregatu bazituzten ere, martxoan Isabel Elizalde Ingurumen kontseilariarekin bilera egin zuten plataformako kideek. Orduan, proiektu osoari buruzko prozesua egiteko beharra nabarmendu zioten. Baina ez zuten jaso espero zuten erantzuna. “Kontseilariak Ana Ollorengana jotzeko esan zigun. Bera baita Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria. Azkenean, hainbat departamentutako gaia dela iritzita, Uxue Barkos presidentearekin eta Aragoin bertako presidentearekin bilera eskatu dugu”. Mirandak gogoratu du Nafarroako Gobernua proiektu handietarako parte-hartze plan bat osatzen ari dela. “Guk horri heldu diogu, eta espero dugu gobernuaren erantzuna positiboa izatea”.
Zulo ugariko proiektua
Geoalcali enpresa 2011. urtean hasi zen potasa meatzeak egiteko ikerketa baimenak eskatzen. Hurrengo urtean, horiek jasotzen hasi eta jabeek enpresa saldu zioten KGL Australiako enpresari. Hortik gutxira, bigarren horrek Geoalcali saldu zion baita ere Australiako Highfield Resources etxeari. Azken hura burtsan sartu eta haren akzioek gora egin dute Nafarroa eta Aragoiko lurretan egon daitekeen potasa kopuruari buruzko berrien arabera. “Pertsona batzuk dirua irabazten ari dira ezer egin gabe”, salatu du Mirandak.
Lehenengo ikerketa lanak Erreniega inguruan egin zituen enpresak, 2013an, baina bertan potasa meatzeen aurkako kontzientzia oso handia dela gogoratu du Mirandak. “Erreniegan badakigu zer diren potasa meatzeak, 30 urtean bat izan baitugu eta ezagutzen ditugu ondorioak. Adibidez, uren gazitzea, lurren hondoratzea eta etxeetan arrakalak”. Tokiko erakundeek lanei zailtasunak jarri zizkieten, eta enpresak Zangoza eta Xabier aldera jotzea erabaki zuen.
“Zangoza eta Xabier Nafarroan, eta Undoze Lerda eta Urries Aragoin dira kaltea jasango luketen herriak. Kontuan izan behar da meatzea Esako urtegitik bi kilometrotara egongo litzatekeela eta Xabierko gazteluaren azpian aritzeko asmoa dutela”. Mirandak azaldu du azken asteetan enpresak esan duela Xabierren ez dutela lanik egingo, baina aurkeztutako txostenean horrela agertzen dela. “Gendulain azpian meatzeak egin, eta etxeak bota behar izan zituzten. Gaztelua eta eliza ere nahiko egoera kaskarrean dira”.
Muga proiektuak Esako urtegitik duen gertutasunak alarma ugari piztu ditu. “Urtegiko maldek duten egonkortasun arazoa ikusita, ez dut uste ideia ona denik bertan meatzeak egitea”, azaldu du Iker Aramendia Esa+Ez Lanak Gelditu plataformako kideak. Haren arabera, enpresak aurkeztutako ingurumen eraginari buruzko txostenean arazo geologikorik ez dela egongo azaltzen duen zatia “motz-motza” da. Aramendia ez dago lasai.
Mirandak erantsi du, hain zuzen, ingurumen eraginari buruzko azterketak ez duela sismikotasuna ongi landu. “Loitiko faila dago bertan”. 1923. urtean, orduko Mercalliren eskalan VIIIko intentsitatea izan zuen lurrikara gertatu zen Martesen (Aragoi).
Erreniega, Zangoza eta Bal d’Onsellako biztanleak hasi dira mobilizatzen proiektuaren aurka. Hala ere, eztabaida publikoa eskatu dute. Uste baitute jendeak ez duela nahikoa informazio, eta hori ezinbestekotzat jo dute gisa honetako proiektuetan. Hitza hartu nahi dute.