“Artearen bidez komunikatzeko gaitasunak batzen gaitu”

“Artearen bidez komunikatzeko gaitasunak batzen gaitu”

Edurne Elizondo

Pedagogiaren eta artearen esparruan aditu diren hamar profesionalek osatzen dute Atena fundazioaren arte eskolako lantaldea. Arantxa Garatea da zuzendaria (Iruñea, 1962).

Zer ekarri dio zuen eskolari gobernuaren erregistroan onartu izanak?

Urte luzez egindako lana aitortzea ekarri digu. Atena 2001. urtean sortu zuen guraso talde batek, eta ordutik aritu gara lanean eta borrokan aitortza hori lortzeko; artea adierazteko eta komunikatzeko tresnatzat onar dezatela nahi izan dugu beti; onar dezatela arteak aukera berdintasuna ekartzen duela pertsona guztientzat.

Artea eta pedagogia uztartzen dituzue. Nola sortu zen proiektua?

Arteak berdintzen gaitu denok. Komunikaziorako tresna bat da. Emoziotik eta sentimendutik abiatzen da, anitzetan, garunetik baino gehiago. Horregatik , denok batzen gaitu. Guk bide honi ekin genionean egia da bazela konfiantza anitz ez zuen jendea, ez zuten uste artearen bide horrek balioko zuela adimen urriko pertsonekin. Erakutsi behar izan dugu baietz. Artearen bidez pertsonak gai direla komunikatzeko. Honat etortzen diren pertsonek gaitasun ezberdinak dituzte, bai eta komunikatzeko modu ezberdinak ere. Denak ez dira gai hitz egiteko, adibidez. Baina gorputzaren bidez badira gai nahi dutena adierazteko, eta horrek lotura sortzen du denon artean. Batzen gaitu. Ez dugu ahaztu behar ezintasunak dituzten pertsonen eskubideen adierazpenak argi uzten duela denok dugula artea ezagutzeko eskubidea. Artea kontsumitzeko eta sortzeko eskubidea dugu denok.

Zuen lanak balio duela erakutsi behar izan duzuela diozu; gizarteari?

Egia da urrats anitz egin ditugula, baina, oraindik ere, arteari buruz aritzen garenean, ez da eskubidetzat edo lehentasuntzat hartzen. Ezta beharrezkotzat ere. Ez diote duen balioa ematen. Guk kontrakoa uste dugu. Egunero ikusten baitugu hemen pertsona anitzi bizia ematen diela arteak. Egiten duten gauza bakarra da, eta honat etortzeko gogoak baino ez ditu ohatzetik altxatzen.

Zein diziplina lantzen dituzue hemen?

Dantza, musika, antzerkia eta makillajea lantzen ditugu eskolan. Ikasle guztiek lantzen dituzte esparru horiek guztiak. Gainera, ikasgai bakoitzeko edukiak osatzeko, tailerrak egiten ditugu. Tailer horien bidez, hain zuzen, eskolatik kanpo aritzen gara. Guk argi baitugu artearen helburuetako bat dela pertsona guztiak gizartean barneratzea. Ideia horren harira gure ikasleek egiten duten lana kanpora eramaten dugu. Margo erakusketak egiten ditugu, adibidez. Horrek aukera ematen digu gizarteak gure ikasleak artista gisa ezagutzeko, eta bazter gelditzen da anitzetan adimen urrikoenganako erakusten dugun erruki edo pena sentimendu hori.

Egunerokoan zailagoa da sentimendu hori bazter uztea?

Zaila izaten da, bai. Argi dago adimen urriko pertsonek laguntza behar izaten dutela anitzetan. Baina horrek ez ditu ezberdin bilakatzen. Nik betaurrekoak erabili behar ditut, bertze batek makulua beharko du ibiltzeko. Denok behar dugu gauza baterako edo bertzerako laguntza. Adimen urrikoen kasuan, gakoa da bertzelako baliabideak eta moduak bilatzea haiekin bat egiteko, harreman bat sortzeko, komunikatzeko. Hori hemen profesionalen laguntzarekin lortzen dugu, bai eta boluntarioen eta praktikak egitera etortzen direnen laguntzarekin ere. Haien parte hartzea hagitz garrantzitsua da.

Ikasturtea bukatu berri duzue; zer-nolako aldaketak sumatzen dituzu ikasleengan?

Ikasturteak lan handia du atzean. 4 eta 67 urte bitarteko 94 ikasle izan ditugu. Taldeka banatzen ditugu; talde heterogeneoak osatzen ditugu, gizartea bera halakoa delako. Talde bakoitzarentzat programazio zehatz bat prestatzen dugu; programazio horrek, gainera, bi ildo ditu, pedagogikoa bat, eta artistikoa bertzea. Aldi berean, ikasle bakoitzaren neurrira egokitzen dugu programazio hori, ikasle bakoitzak lehentasunezkoak diren helburuak dituelako ikasgai bakoitzean. Artea, pedagogia eta norberaren autonomia lantzen ditugu ikasturte osoan. Irailean zaila izaten ohi da ikasturteari hasiera ematea, baina denborak aurrera egin ahala agerikoak dira ikasleek egiten dituzten urratsak. Guretzat artea da tresna bat gure ikasleek egunerokoan behar dituzten ezagutzak jaso ditzaten. Eta harrotasunez erran dezakegu bide horrek lortzen duela helburua betetzea. Noski, pertsona bakoitzak bere erritmoa du. Ezin da azkartu. Baina hori ez da arazo bat. Ikasturte batean betetzen ez den helburua hurrengoan lor daiteke.

Erran izan duzu etika duzuela eskolan ardatz.

Guretzat hagitz inportantea da. Horrek erran nahi du guretzat justizia eta autonomia direla funtsezko balioak; hemen dauden pertsona guztiek dituztela eskubide berberak. Hau da, ikasle bati ezin eskaini dioguna bertze bati ere ez diogu eskaintzen. Gurasoak daude proiektu honen atzean, haien babesa dugu egunerokoan, eta horrek sendotasun handia ematen digu. Proiektu honetan sinisten dugu.

Zerk motibatzen zaituzte eguneroko lanean?

Nik uste dut gakoetako bat dela hemen aritzen garen profesionalok beti saiatzen garela egunean egoten, eta geure burua birziklatzen. Enpatia anitz sentitzen dugu. Eta helburu nagusitzat dugu eskolak aurrera egin dezala.