Iritzia: Zerua erre nahi izan duten suak

Izaskun Etxeberria Zufiaurre

Naturaren lege zaharrari ihardetsiz urak, landareek eta suak, erritu bihurturik, babesa eta purifikazioa eskaini digute enegarren aldiz. Guk ere, munduko bazter askotan bezala, Naturari erantzun eta gau ona opa diogu Ilargi Amandreari eta egun ona Eguzki Amandreari bart eta gaur goizean.

Euskal Herriko zenbait txokotako errekan sartu ditugu oinak, iturrietako ur-trago freskoa ere egin dugu, goizeko ihintzaz tipi-tapa busti ditugu gure oin biluziak; ahalmen bereziak dituen uraz gure azala garbitu dugu gaixotasunak sendatuko dizkigulakoan eta baita gure abereak ere goizean goiz larrera atera ditugu urte guztian babesa izan dezaten. Baina Elizak Bataiatzailea ekarri zigun eta herri askotan baseliza eraiki zuen iturrien ondoan ura bedeinkatua izan zedin eta urak bedeinka gintzala.

Gustuko neskei lizarra paratu diegu etxeko balkoietan, elorri zuriaren adarrak jarri ditugu etxeko leihoetan eta atarian iratzea bota dugu eta ateburuan eguzki-loreak iltzatu ditugu; makala igotzen saiatu gara; “orain arte belar, hemendik aurrera gari” ere kantatu dugu; baso ederrak gurtu ditugu. Baina Elizak agindu zuen landareak ere bedeinkatu egin behar zirela.

Suak piztu dira munduko bazter askotan. Guk ere, munduko kultura askok bezalaxe, piztu ditugu gure auzo eta herri guztietan. Bezperetan basotik ekarritako adar ihartuez suak piztu ditugu; ematen zuen sekula bukatuko ez ziren suak piztu ditugu, zeruraino igo nahi eta zerua bera erre nahi zuten suak, mina sendatu nahi zuten suak, sufrimenduari aurre egiten indartu nahi ziguten suak, kartzelatik ihes egin nahi zuten suak, justizia egin nahi zuten suak, homofobia eta genero-indarkeria kiskali nahi zituzten suak; lehergailuek baino indar handiagoa zuten suak, hotz daudenak berotuko zituzten suak; txistu eta danbolinaren erritmoan dantza egin dugu su purifikatzailearen inguruan eta ausartenek salto egin dute brasa goriaren gainetik. Baina Elizak baseliza atarietara ekarri zituen suak eta egutegiko jairik garrantzitsuena, ikuspegi antropologikotik ikusita, bere egin zuen.

Udako solstizioa eguzkiaren festa zen, gau motzenarena eta egun luzeenarena; ura, landare eta suaren festa paganoa izan zen Eliza katolikoak nahi izan zuen arte, Elizak San Joan gaua deitu zion arte; San Joan Bataiatzailearenganako kultu eta mirespena ezarri zuen arte.

Eta guk, katoliko eta apostoliko zintzook, jarraitzen dugu San Joan baselizara joaten udal-taldearen atzetik, udal-txistularien ondoren, eta meza bukatutakoan pizten den lehenengo suaren zain gelditzen gara herriko plazan ospatzen den festa ez-erlijiosoan parte hartu beharrean. Eta hori gutxi balitz, pentsa genezake Osasunako jokalariek, Euskal Herriko beste hainbat kirol-taldek beren santuei nola, eskainiko diotela beren garaipena Frantzisko Xabierkoari, urtero ohi duten bezala lore-eskaintza egiten baitiote Nafarroako patroiari eta aurtengo denboraldiaren hasieran Sabalzak argi utzi baitzuen guztion laguntza espero zutela: futbolari, zale eta Santuarena.

Errauts bihurturik itzali dira suak goizaldean eta guri txilar eta ira berdeak sorturiko ke-usainak lagundu digu etxerako bidean, behar baino gazteago diren zingili-zangala balantzazko pausoak etxarte batean galdu ditugula eta gure oinetako-zola itsaskorrekin etxeko atariko garo freskoa zapaldu dugularik.