“Iheslariek eurek zehaztu behar dituzte helburuak”

“Iheslariek eurek zehaztu behar dituzte helburuak”

E. Elizondo

Greziatik hamalau iheslari ailegatu ziren ekainaren 1ean Nafarroara; joan den astean, berriz, bertze sei, Turkiatik, eta asteon ailegatu da azken familia. Gerra ez da, hala ere, sorterritik ihes egiteko arrazoi bakarra. Denek egiten duten prozesua azaldu du Josune Anozibarrek (Iruñea, 1980).

Zenbat iheslari ailegatu dira Nafarroara?

Gure programan 53 pertsona artatu ditugu urritik. Orduan jarri genuen martxan harrera egiteko programa hori. Egun, 43 pertsona daude, eta haietako hamasei adingabeak dira. Hainbat herritakoak dira: Siria, Irak, Ukraina, Jordania, Palestina, Kamerun, Txad…

Zer-nolako arreta eta zerbitzuak jasotzen dituzte programa horren bidez?

Harrera programak hainbat fase ditu, eta bakoitzak eskaintzen ditu hainbat zerbitzu. Gizarte laguntza ematen dugu, bai eta laguntza juridikoa eta psikologikoa ere, bertzeak bertze. Asilo eskatzaileak prozesu bat jartzen du martxan eskaera hori egiten duenean.

Zeintzuk dira urratsak?

Lehendabizikoa balorazioa egitea da. Asilo eskatzaileari informazioa ematea da kontua. Inportanteena da haien beharrak ezagutzea. Zenbaitek babes sare bat izan dezakete hemen, senideak edo lagunak. Akaso tramiteak egiteko laguntza bertzerik ez dute behar. Bertze batzuek halako sarerik ez dute, laguntza gehiago behar dute. Haientzat dago lehen harrera deitzen dugun hori.

Zer da hori, zehazki?

Pertsona baten asilo eskaera tramitatzen duten bitartean, haren oinarrizko behar guztiak betetzen ditugu; haren mantenua eta ostatua. Eta, aldi berean, zentro batean toki bat eskatzen dugu harentzat. Hori guztia Madrilgo Errefuxiatuen Arretarako Bulegotik kudeatzen da, eta erakunde horrek egokitzen dio zentro bat eskaera egiten duenari. Ez du zertan hemen egon. Tokia dagoen zentrora bidaltzen dute. Une horretan prozesuan bertze urrats bat egiten du, eta behin-behineko harrerako programan sartzen da.

Nafarroan ez da programa hori eskaintzen?

Urrira arte, ez. Hemen, hasierako harrera egiten genien, lehen, asilo eskatzaileei, eta, gero, behin-behineko harrerarako, bertze nonbaitera joan behar zuten. Baina urritik, hemen ere badugu zentro bat zerbitzu hori eskaini ahal izateko. Errefuxiatuen krisiak eragindako erabaki bat izan da. Hasieran hamasei toki lortu genituen, behin-behineko harrera egiteko, eta, orain, 60 ditugu.

Eskatzaileak toki horietako bat lortzen duenean, zer bide egiten du?

Hainbat fase badira programa horretan ere. Harrera bera da hasierakoa, eta sei hilabete irauten du; bederatzira ere luza daiteke. Denbora tarte horretan eskatzaileen behar guztiak betetzen ditugu. Hemen, zentro bat dugu, eta, gainera, harrerarako hainbat etxebizitza. Denbora horretan, halaber, hizkuntzaren gaia jorratzen dugu, helburua baita pertsona horiek ahalik eta autonomoen izatea. Anitzetan, ailegatzen direnean, hemengo errealitateaz deus ere ez dakite, eta helburua da ingurua ezagutzea, errealitate horren parte izatea, harremanak sortzea.

Lehen fase hori amaituta, zer?

Integrazio fasea deitzen diogu hurrengoari. Gure zentrotik edo guk kudeatutako etxebizitzetatik at, familiak edo norbanakoak nor bere etxebizitzara joaten dira. Une horretan, helburua da haien esku jartzea tresnak etxebizitza propioa eta lana bila ditzaten. Asilo eskaera egiten dutenean hemen egoteko baimena lortzen dute; eta bigarren fase horretan, berriz, lan egiteko baimena ere badute. Baimen hori lortuta, formakuntza lantzen dugu haiekin, eta aholkularitza zerbitzua ere badugu, lana aurkitzen laguntzeko. Bigarren fase horrek bertze sei hilabete irauten du. Hurrengoa, bertze sei hilabetekoa, autonomia fasea litzateke. Haientzat erreferentzia bat gara oraindik, baina gure esku hartzea kontu zehatzetan baino ez da gertatzen. Egoeraren arabera, laguntzak jasotzen jarraituko dute, baina kontuan hartuta beren bidea egiteko autonomia nahikoa badutela. Hori da helburua, hasieratik. Nork bere bidea egiteko tresnak jaso ditzala.

Asilo eskaera egiteak ez du erran nahi beti jaso eginen dutela, ezta?

Ez. Asilo eskaera egitea nahikoa da, hala ere, programan sartzeko. Eskatzaile izateak bermatzen du babes hori izanen dutela, erantzuna jaso bitartean.

Eta erantzuna ezezkoa bada?

Asilo eskatzaile izateak ematen dion babesa galduko luke pertsona horrek, eta arautu gabeko egoera batean geldituko litzateke. Une horretatik aurrera, atzerritarren legearen menpe geldituko litzateke. Argi izan behar dugu legeak zehaztu egiten duela errefuxiatu nor diren: beren ideologiagatik, erlijioagatik, sexu orientazioagatik eta abar jazarriak diren norbanakoak. Noski, asilo eskaera egiten duten denek ez dute soslai horrekin bat egiten, eta kasu horietarako existitzen da bertze figura bat: nazioarteko babesa. Babes hori ematen zaie sorterrira itzuliz gero kalte bat jasoko dutenei. Hor sartzen dira gerratik ihes eginda sorterritik atera direnak. Goseteak edo klimaren aldaketak bultzatuta ihes egiten dute bertze anitzek. Prozesua, edonola ere, bera da bi kasuetan.

Zaila da errefuxiatu izaera hori edo babesa jasotzea?

Bai. Orain arte, txikia izan da baiezkoen kopurua. Guk uste dugu egoera hori aldatuko dela orain, egungo krisiaren testuinguruan. Sirian, Afganistanen eta Iraken gertatzen dena dugu denok buruan, baina Ukrainatik ere, adibidez, jende anitz etorri da asiloa eskatzera. Nafarroan anitz daude.

Ez luke zentzurik izanen orain pertsona horiek hartzeak, gero eskaerari ezezkoa emateko, ezta?

Ez, hala da. Baina argi izan behar dugu asilo eskatzaileak baduela aukera beti prozesua bertan behera uzteko, eta sorterrira itzultzeko, hango egoera aldatu bada, adibidez. Kasu horietan ere badira sorterrian aurrera egiteko laguntzak. Sorterritik alde egitea ez da erabaki erraza, eta itzultzeko ideia beti dago mahai gainean. Nafarroan, adibidez, Kosovoko albaniar talde bat izan zen ia urtebetez, eta, hango gatazka amaituta, itzultzea erabaki zuten anitzek. Edonola ere, haiek zehaztu behar dituzte beren helburuak. Haiek erabaki behar dute non egon nahi duten. Guri dagokigu zer nahi duten entzutea.