Iritzia: Egitekoen zerrenda

Asier Azpilikueta

Duela urtebete, aldaketa politikoaren Nafarroako Gobernua martxan jarri zelarik, batzuok erraten hasi ginen lau urte hauetan ahalik eta gauza gehien aldatu behar zirela, ahalik eta bizkorren, gutxienez lau urtean bertze Nafarroa batean bizitzea zer den ezagutzeko. Berdin pentsatzen segitzen dut. UPN agintera itzul dadin hiru urte bertzerik ez dira gelditzen eta oraindik badira gauza anitz aldatu behar direnak.

Sinboloen legea. Aldaketarako akordio programatikoan egungo sinboloen legea bertan behera uztea jasoa dagoen arren, oraindik ez dute egin. Udazkenerako utzi dute eztabaida eta, beraz, berriz ere herrietako bestetan EH Bilduk malabarismoak egin beharko ditu herritarrek ikurrina udal balkoietan ikus dezaten.

Reyno de Navarra Arena. Oraindik ez dute eraikina dinamitaz lehertu.

Euskararen dekretuak. Aldaketa sostengatzen duten lau indar politikoak ez ziren ados jarri Euskararen Legea baliogabetzearen inguruan eta bere hartan utziko dute. Baina legea ukitu gabe, badira haren azpiko lege testu asko alda daitezkeenak. 2000. urtetik aurrera, Pedro Pegenautek, UPNren euskararen aurkako borrokaren arieteak, goitik behera aldatu zituen testu haiek euskarak administrazioan hutsaren hurrengoko balioa izan zezan. Bada garaia Pegenauteren dekretuak lurrarekin berdintzeko.

UPNren konfiantzazkoak. Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek iragarria du aldaketak eginen dituztela Nafarroako Gobernuaren organigraman. Izan ere, kontseilarietatik beherako karguetan oraindik ere badira pertsona asko UPNren eta PSNren konfiantzazkoak direnak, batez ere Hezkuntza eta Osasun departamentuetan. Ikusteko dago zein mugimendu egiten duten orain.

Erorien monumentua. Haren aitzineko plazari izena aldatu dioten arren, oraindik ez dute eraikina TNTrekin zartatu.

AHT. Abiadura handiko trenaren azpiegiturak egiteko izapide guztiak armairu batean gorde beharko lituzke Nafarroako Gobernuak, eta armairuko giltza Argara bota.

Komunikazio eraginkorra. Aldaketaren Gobernuak aldaketak egin ditu eta eginen ditu. Eta edozer gauza egiten duelarik jaso du eta jasoko du eskuinaren presio mediatiko bortitza. Presio horretatik askatzea falta zaio Nafarroako Gobernuari. Horretarako, komunikazio estrategia osoa diseinatu eta garatu beharko du, komunikazio bide propioak sortu eta indartu beharko ditu, eta eskuineko hedabideek erraten dutenari paso egiten ikasi beharko du.

Los Arcosko zirkuitua. Oraindik ez dute itxi.

Opus Dei. Nafarroako Gobernuak urrats garrantzitsua eta ausarta egin zuen Opus Deirekin zuen hitzarmen nagusia deuseztatzen. Horri esker, nafar guztiok Nafarroako Unibertsitate pribatuko langileen osasun pribatua ordaintzeari utzi genion. Zalaparta handia atera zuen eskuinak hori dela-eta. Baina geroxeago Nafarroako Gobernuak bertze hitzarmen handi bat sinatu zuen Opus Deirekin eta eskuindarrak isildu ziren.