Edurne Elizondo
Ikurrinak plazan gelditu behar izan zuen, ofizialki, asteazkenean, Iruñeko besten hasiera iragarri zuen txupinazoan. Bandera handi bat eta bertze hamaika txiki erakutsi zituzten han bat egindako herritarrek; herriko etxeko balkoian ere bai. Ez, ordea, mastan. Bost jarri zituzten, baina bat hutsik gelditu zen: Iruñeko, Espainiako, Nafarroako eta Europako banderak zintzilikatu zituzten mastetatik. Ikurrinik, ez, ordea, epaileek itxi egin diotelako erakundeetako atea banderari, eta non grata izendatu dutelako udaletan, 2003. urtetik indarrean dagoen ikurren legea oinarri hartuta. Udalak, halere, bosgarren masta jartzea erabaki zuen, “ikurren legeak aintzat hartzen ez dituen herritarrei eta sentimenduei aitortza egiteko”.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hainbat sententzia plazaratu zituen joan den astean, eta “lege iruzurtzat” jo zuen iazko udan herrialdeko hainbat herritako bestetan —Iruñea, Tafalla, Lizarra, Lakuntza, Berriozar, Etxarri Aranatz eta Leitza— ikurrina udaletxean jarri izana. Epaileen hitzetan, “propio” gonbidatu zituzten EAEko agintariak udaletxe horietara, bandera jarri ahal izateko.
“Sententzia onartzen dugu, baina ez dugu harekin bat egiten”, erran zuten Iruñeko Udaleko arduradunek, ebazpena ezagutu eta gero. Antzeko iritzia agertu zuen Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek ere: “Erabateko errespetua diet epaileen erabakiei, baina horrek ez du erran nahi, berez, haien ebazpenekin bat egiten dudanik”, erran zuen lehendakariak, joan den astean. Bertzelakoa izan zen UPNko presidente Javier Esparzak sententziari buruz egindako analisia, haren berri jaso eta gero: “Barkosen ardura da legea betearaztea; arauak dioena beteko dela espero dugu, baina herriko bestetan ikurrina jartzen badute, gobernuko presidenteari ardura bere gain har dezala eskatuko diogu. Gustatu edo ez, legea bete behar dute”.
Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek, orain arte, ez diote ikurren legea aldatzeko eztabaidari heldu. Indarrean jarraitzen du, ondorioz, 2003an UPNren gobernuak bultzatuta onartutako testuak. Joan den ekaineko Espainiako hauteskundeen harira, legea aldatzeko eztabaida irailera arte atzeratzea erabaki zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, azken horrek eskaera hori egin eta gero. Ahal Dugu-ko Laura Perezek ere nahiago zuen eztabaida hauteskundeen ondotik egitea, legearen erreformari buruzko “interes alderdikoiak” bazter uzteko. Uda baino lehen heldu nahi izan zion EH Bilduk gaiari, hilabeteotako herrietako bestetan Iruñeko txupinazoaren gisako egoerak saihesteko, hain zuzen ere. Ez dute egin, ordea. Eta Iruñean, ikurrinaren masta hutsik zela hasi ziren bestak.
Uxue Barkosek onartu zuen, joan den martxoan, ikurren legea aldatzea ez zela “larrialdiko auzia” egungo gobernuarentzat. Akordio programatikoan jasota dago egungo testua bertan behera uzteko konpromisoa. Hori nola eta noiz eginen duten, ordea, zehazteke dago, oraindik ere.
Eztabaida atzeratzeko hartutako erabaki horrekin ez du bat egin Patxi Zabaleta abokatu eta Aralarreko ohorezko presidenteak, inondik inora. “Taldeen arteko adostasunik ez bazegoen lege berri bat egiteko, gutxienez bazuten 2003. urtekoa bertan behera uztea”, nabarmendu du. Hori egiteko denbora izan dute.
Zabaletak argi eta garbi erran du: “Ikurren legea da nafarrei iruzur egiten diena, ikurrinak gizartearen zati handi bat ordezkatzen duelako, eta herritar horiei beren ikurra edukitzeko eskubidea kendu dietelako. Lege barregarria da. Ikurrinaren aurkako sententziak atzerapauso handia dira, eta argudio faltsua dute oinarri”. Abokatuaren ustez, herritarrentzat hobe da legerik ez izatea, lege bidegabe bat izatea baino. Zilegi jo du, gainera, “herritarrei iruzur” egiten dieten legeei “iruzur egitea”.
1981etik, iaz jarri zuten ikurrina, lehen aldiz, Iruñeko herriko etxeko balkoian, sanferminetako txupinazoaren harira. Duela 35 urte, hain justu, 1981eko abenduan, UPNk bultzatuta, ikurrina hiriburuko udaletxetik kentzeko agindua onartu zuen hiriko udalak. “Ikurrina zegoenean inolako arazorik ez zen; politikari baztertzaileek baino ez dituzte arazoak ikurrinarekin. Ikurrina balkoian egon denean plazan ez da istilurik izan; debekuek ekartzen dituzte istiluak”, gogoratu du Zabaletak, Iruñeko Udaleko Herri Batasunako zinegotzi izandakoak.
“1981ean, UPNrena izan zen bandera baztertzeko ekimena. UCD eta sozialistak presio mediatikoarengatik ez ziren ausartu debekuaren aurka egitera; Diario de Navarra egunkariaren presio mediatikoarengatik ez zuten debekuaren kontra egin sozialistek. 27 botoetatik hamar izan ziren ikurrinaren aldekoak:HBren zazpi, EAJren bi eta Manuel Perez Balda sozialistarena. Bota egin zuten, ondorioz, eta zinegotzi izateari utzi behar izan zion; erabaki horren kontra egin zuen, eta arrazoia eman zioten, baina ordurako legealdia amaituta zegoen”, erantsi du Zabaletak, ordukoei buruz.
2003. urtera arte, 1986ko ikurren legea izan zen indarrean Nafarroan. “Zirrikituak bilatu eta aurkitu egin zizkioten lege horri herrietako udaletan ikurrina jartzeko”. Han eta hemen baliatu zituzten hamaika herritako alkateek zirrikitu horiek, beren herrietan bandera erakutsi ahal izateko. Legeak zituen aterabide horiek itxi egin nahi izan zituen, hain zuzen ere, UPNk. Horixe nabarmendu du Zabaletak. Horixe izan zela, hain justu, 2003ko legea egiteko asmo bakarra. “Miguel Sanz presidenteak Alberto Catalan kontseilariaren esku utzi zuen zeregin horren ardura”. Zirrikitu guztiei atea erabat itxiko zien legea prestatzeko ardura, hain zuzen ere.
“Borondaterik ez”
Zabaletak bezala, Victor Moreno idazle eta irakasleak ere ez du ulertzen 2003ko legeak indarrean jarraitzea, oraindik ere. “Duela urtebete dugu gobernu berri bat; ulertezina da borondaterik egon ez izana UPNren politikak aldatzeko ikurren auzian. Alderantziz izan balitz, UPNk osin batean hondoratu izanen zukeen jada lege hori”.
Gehiago erran du Morenok, ohikoa duen ironia baliatuz, ikurren legeari buruzko eztabaida irailera arte atzeratu izanaz: “Zalantzarik gabe, orain eztabaida horri heldu baino garrantzitsuagoa da San Ferminen omenezko prozesioak antolatzea, frakak eta xisterak garbitzera eramatea, palioaren ibilbideak adostea, eta elizan sartuko diren edo ez erabakitzea; argi dago auzi horiek guztiak direla oso serioak, eta bilera luzeak eta gogoeta saio burutsuak eskatzen dizkietela gobernu batzordeetako kideei”.
UPNren jarrerari buruz, Morenok “normaltzat” jo du. “Alderdi horren koherentzia politikoarekin bat egiten du ikurrina erakundeetatik kanpo uzteko UPNren asmoak. Ez dugu ahaztu behar Nafarroako egungo eskuina dela frankismoaren oinordeko ideologikoa”.
2003. urteko ikurren legeak, hain zuzen ere, ikurrinari buruzko debekuarekin batera, ikur frankisten inguruko neurriak jaso zituen, onartu zutenean. Testuak, zehazki, 2003 hartan, urtebeteko epea ezarri zuen ikur frankistak herrialdeko karriketatik kentzeko. Urte luzez, ordea, agindu hori bete gabe utzi dute UPNren gobernuek.
“Jendeak maite ohi du banderekin eta ikurrekin identifikatzea. Ikurrina umiliatzen badute, eta horrek min egiten badizu, ez da gogoeta handirik egin behar zure nortasunaren mapa zein den jakiteko. Frankistek berdin jokatzen dute. Asaldatzen dira, ikur frankistak haien nortasunaren parte direlako”, erran du Morenok.
Frankismoarekin lotu du Zabaletak ere ikurrinaren aurkako UPNko kideen egungo “amorrua”. “Ikurrinari amorrua diote frankismoaren aurkako bi ikurretako bat izan zelako; bandera gorria izan zen bestea. Horregatik diote amorrua, oraindik ere, ikurrinari. Frankismoaren ondorengoak baitira”, erran du Zabaletak.
Iruñean, plazan gelditu da bandera besten hasieran, epaileen aginduz. Berdin gertatuko da, ustez, herrialdeko bertze hamaika herritan. Ikurren legea noiz aldatu zain da ikurrina.