Kattalin Barber
30 urte daramatza Francisco Jose Padillak (Logroño, Espainia, 1967) arroilen jaitsierak egiten. Nafarroako “altxor” gehienak bisitatu ditu espeleologoak, eta amildegiak ezagutaraztea du helburu, orain, bere liburuaren bitartez. Hainbat urtetako hutsunea bete du Padillaren lanak, gisako azken liburua 1991. urtean argitaratu baitzuten Nafarroan.
Esan izan duzu gida bat baino askoz gehiago dela zure liburua. Zergatik?
70 jaitsiera bildu ditut, horietako asko argitaragabeak, eta, gainera, arroila bakoitzean dagoen fauna eta landaredia aipatzen ditut, bai eta bisitatzeko guneak, pasadizoak eta hainbat bitxikeria ere. Istorio asko berreskuratu ditut, eta 450 argazki ageri dira liburuan. Gainera, 25 urte pasatu dira mota honetako libururik argitaratu gabe. Beharrezkoa zen.
Esan bezala, Nafarroako 70 arroila bildu dituzu. Dauden guztiak dira?
Gehiago daude. Hau bilduma bat da, eta, nire ustez, Nafarroan dauden adierazgarrienak eta interesgarrienak jasotzen ditu. Badaude ezin jaits daitezkeen arroilak, babes eremuetan daudelako, eta, ondorioz, debekatuta dagoelako; horiek ez ditut aipatu. Horretaz gain, badaude nik ezagutzen ez ditudan amildegiak ere. Badakit hainbat talde badirela Nafarroan esploratzen eta amildegi berriak aurkitzen dituztenak. Nik liburuan azaltzen diren guztiak jaitsi ditut, batzuk behin bakarrik eta beste batzuk hamar aldiz. Urtaro desberdinetan, baldintzak asko aldatzen direlako.
Ez du zerikusirik arroila berak udan edo neguan, adibidez?
Asko aldatzen dira urtaro bakoitzean; hortaz, baldintzak guztiz desberdinak dira, eta kontuan hartu beharrekoak. Amildegi batera joan aurretik, pentsatu behar duzu ea urik egonen den edo ez… Badaude behin betiko aldatu diren inguruneak, eta arroila batzuk dagoeneko ez dira existitzen. Ingurune bizia da natura, aldakorra. Horregatik, material egokia eramatea oso garrantzitsua da.
Noiz hasi zinen arroilen jaitsierak egiten?
30 urte daramatzat honetan. Espeleologian hasi nintzen, Barañaingo lagun batzuekin. Geroago ezagutu nituen amildegiak, eta ordutik ez dut jarduera hori bazter utzi. Zeharo harrapatu nau, erabat erotzen nau. Mundu erdia zeharkatu dut amildegiak ezagutzeko. Ez naiz honetaz bizi, baina nire pasioa da. Beste herrialde batzuetara esploratzera joatea eta amildegi berriak irekitzera joatea da gehien gustatzen zaidana.
Zerk liluratzen zaitu hainbeste?
Dudarik gabe, naturak berak. Ingurunea eta natura modu paregabean ikustea. Nik ikus dezaket ur jauzi bat errepidetik, baina ur jauziaren barnean sartzea guztiz desberdina da. Harrigarria da. Beti ezustekoak daude, eta gauza berriak deskubritzen dituzu. Gainera, bidaiatzean, amildegiez gain, jendea ezagutzen duzu, kultura, tradizioak…. Hainbatek bidaiak egiten dituzte monumentuak ikusteko; nik bidaiak egiten ditut arroila jaitsierak egiteko.
Zein da ezagutu duzun herrialderik bereziena jaitsierak egiteko?
Mundu osoan badaude amildegiak. Frantzian, Italian eta Suitzan amildegi interesgarriak daude, baita Espainian ere. Suitzako Ticino izeneko eremua ere asko gustatzen zait. Europatik at, berriz, AEBetan egon naiz, eta baita Kuban ere. Agian, egon naizen lekurik bitxiena Saharako basamortua izan da. Guztiz desberdina da toki hori. Leku batera esploratzera joan eta bertan zer aurkituko duzun ez jakiteak gozarazten dit niri, betiere natura errespetatuz.
Eta Nafarroako lekurik gogokoena arroila jaitsiera egiteko?
Hemen klasikoak direnak ikusgarrienak dira. Adibidez, Artazulgo amildegia eta Diablozulokoa, mundu guztiak ezagutzen dituenak. Bestela, Malloako ingurua, Aralarren, gustuko dut. Oso ezaguna ez den eremu bat da, eta jaitsiera oso interesgarriak daude. Dena den, bakoitzak bilatzen duenaren arabera nahiko ditu batzuk edo beste batzuk. Kirolaren arloko erronka bat bilatzen duenak ura nahi du, eta paisaiaz gozatzea nahi duenak jaitsiera soil bat nahikoa izanen du. Nik azken hori nahiago dut, baina noizean behin adrenalina izatea ongi dago. Faunari, landarediari eta geologiari erreparatzen diet nik. Horregatik ez naiz aspertzen, urik ez badago ere.
Liburua ez da bakarrik profesionalentzat, ezta?
Jaitsiera errazak daude, edonor egiteko modukoak. Baina gutxieneko ezagutza bat izatea beharrezkoa da; horregatik, oso garrantzitsuak dira materiala eta taldea. Gure lurra ezagutzea eta sustatzea da nire helburua, bai Nafarroako herritarrei, bai eta kanpotarrei ere. Abentura enpresentzako eta landetxeentzako liburu interesgarria dela uste dut, halaber. Tokiko toponimia errespetatu dut. Gehienak euskarazko izenak dira, eta SITNA Nafarroako Lurralde Informazio Sisteman oinarritu naiz.
Asko egiten den kirola da Nafarroan?
Modan dagoen kirola da, onerako eta txarrerako. Modek mundu guztia harrapatzen dute, eta badago jendea ez duena ez esperientziarik ezta formakuntzarik ere. Oso arriskutsua da. Taldean egiten den kirola da; komenigarria da gutxienez bi edo hiru pertsona egotea. Izan ere, taldeak markatzen du maila. Horregatik, ikastaroak bultzatu behar ditugu. Hemen ur gutxi dugu udan, eta ohikoena Huescara [Espainia] edo Frantziara joatea da. Gainera, gero eta emakume gehiago animatzen dira arroila jaitsierak egitera.
Nafarroan ez da existitzen arroila jaitsieraren federaziorik. Beharrezkoa dela uste duzu?
Agian federazioa izatea gehiegi da, baina uste dut beharrezkoa dela kirola laguntzea eta sustatzea. Goraldian dagoen kirola da. Nafarroan Mendi Federazioa eta Espeleologia federazioak daude, eta horien bien erdian dago gurea. Haiek arroila jaitsierak egiteko aseguruak dituzte. Oso gomendagarria da aseguratzea.
Anekdota eta pasadizoak bildu dituzu liburuan. Baten bat kontatzeko?
Oso bitxia izan zen Unzelaia amildegia bisitatu genuenekoa, Genbe herrian. Ehiztari batzuekin topo egin genuen, eta galdetu genien ea zergatik zen hain zaila ura aurkitzea arroila horretan. Esan ziguten euria egiten zuela baina inoiz ez zela betetzen. Eta 60 urteko ehiztari horietako bat oroitu zen 60ko hamarkadako uholde batekin. 7 urte zituen berak gertatu zenean, eta ibaiak eraman zituen herriko zubiak. Naturaren indarra izugarria da. Inguruneari errespetua zor diogu. Izan ere, gu gara bisitariak, eta ezin dugu natura menderatu; integratu behar dugu.