Edurne Elizondo
Agintearen aurkako atentatua egotzi zieten Esako 8ei, Artiedan (Aragoi, Espainia) gertatutako oldarraldian parte hartu zuten guardia zibilei eraso zietelakoan. Bertan behera gelditu da bertsio hori epaiketan. Isuna jaso dute, halere. Helegitea aurkeztu edo ez aztertzen ari direla azaldu du Sergio Palacinek (Artieda, 1991).
Zer iruditzen zaizu sententzia?
Ez gara kontent. Batez ere epaiketan entzundakoak entzun eta gero. Guardia zibilen eta haien auzi medikuaren testigantzak aditu eta gero, ebazpena bertzelakoa izanen zela uste genuen. Auzi medikuak onartu baitzuen guardia zibilek sinesgarritasunik ez zutela, gezurra erran ziotela. Azaldu zuen ustez oldarraldia gertatu zenean jaso zituzten lesioak aurretik zituztela haietako hainbatek. Finean, Poliziaren azpijokoa agerian gelditu zen.
Hala eta guztiz ere, lesioengatik zigortu zaituztete.
Hala da. Zortzion aurka 37 urteko espetxe zigor eskaera egin zuten, agintearen aurkako atentatua egotzita. Horregatik ez gaituzte zigortu, azkenean, eta, ondorioz, ez dugu espetxe zigorrik jaso. Lesioak ere egotzi zizkiguten, eta horregatik, bai, zigortu gaituzte. Autoaren arabera, epaileak sinetsi egin du guardia zibilek emandako bertsioa, auzi medikuak kontrakoa erran arren.
Horrek harritu zaitu gehien?
Bai. Epaileak, adibidez, ontzat jo du guardia zibil batek niri buruz errandakoa; nik jo nuela erran zuen epaiketan. Bideoek argi eta garbi erakutsi zuten bezala, guardia zibil hori ezkerraldean zegoen oldarraldian; eta ni, berriz, eskuineko aldean. Ezin dut sinetsi epaileak guardia zibilek errandakoari sinesgarritasuna eman izana. Bideoek argi erakutsi zuten guk ez genuela inor jo. Epaileak ikusi ditu, eta aipatu ditu bere ebazpenean. Baina argi dago bere ikuspuntutik egin diela so irudiei.
Auzia Esako urtegiaren aurkako borroka kriminalizatzeko saiotzat jo zenuten epaiketa hasi aurretik; ebazpenak ideia hori berresten duela uste duzu?
Bai, argi eta garbi. Hasi baino lehen argi zegoen gurea epaiketa politiko bat zela, eta helburua zela Artiedako gizarte mugimendua kriminalizatzea eta zapaltzea. Epaiketa amaitu eta gero, aurretik pentsatzen genuena berretsi baino ez dugu egin.
Nolakoa izan da prozesua?
Gogorra izan da. Horrelako prozesu bati aurre egitea ez da samurra. Nik, hala ere, argi nuen epaiketan zer entzun beharko genuen, banekien erranen zituzten gezurrei aurre egin beharko geniela, eta neure burua prestatzen saiatu nintzen. Banekien entzunen nituen gezurrek amorrua eraginen zidatela, baina ezin izanen nuela amorru hori erakutsi.
Epaiketa amaituta, sententzia azkenean jaso duzuenaren gisakoa izanen zela uste zenuen?
Egia erran, ez. Ilusioz atera ginen denak epaiketatik, batez ere, guardia zibilen bertsioa bertan behera gelditu zela ikusi eta gero. Akaso, uste handiegia jarri genuen botere judizialean.
Zigor ekonomikoa jaso duzue.
Denera, 22.460 euroko isuna jaso dugu. Gainera, epaiketaren eta akusazio partikularraren kostuak ordaindu behar ditugu: denera, bertze 13.000 euro inguru. Zigor ekonomiko hori kolpe latza izan da guretzat, baina argi utzi nahi dugu, halaber, kontent egoteko arrazoiak ere baditugula. Izan ere, epaiketaren hasieran, denon zigor eskaerak kontuan hartuta, 37 urteko espetxe zigorra genuen aurrean. Kartzela bazter utzi dugu, eta ez da gutxi. Gure kontra gogor egin dute. Eta espetxearen aukera hor zegoen. Saihestu izana, beraz, poztekoa bada. Eta hori gertatu da, argi eta garbi, jaso dugun babesari esker.
Hamaika tokitatik jaso duzue elkartasuna. Kontent?
Bai. Babes handia jaso dugu. Eta argi dugu babes horrek eragin duela espetxera joan behar ez izatea. Eta hori denon garaipena da. Argi dugu mugitu izan ez bagina eta gure auziaren berri eman izan ez bagenu epaiketa hagitz bertzelakoa izanen zela. Epaiketaren egunetan herritarren eta senideen babesa jaso genuen, eta indar horrek egin du presioa.
Herritarren babesa izan duzue, bai eta hainbat erakunderena ere.
Bai, eskertzekoa da. Urtebetez lan handia egin dugu erakundeekin, eta lortu dugu 50 toki entitatek baino gehiagok babesa ematea. Aragoiko Gorteek ere eman digute, bai eta Nafarroako Parlamentuak ere.
Sententziari helegitea jarriko diozue?
Oraindik ez dugu erabaki. Abokatuekin egon gara, baina oraindik ez dakigu zer egin. Ez gaude ebazpenarekin ados, ez baitu oinarri sendorik, eta gure nahia da helegitea aurkeztea, baina aztertu behar dugu ongi erabaki horrek zer ondorio izanen duen. Ez da erraza. Helegiteak ekartzen du gastu bat, denbora horretan ematea… nork bere egoera kontuan hartu behar du. Hori guztia aztertu, eta ikusiko dugu zer egin.
Bitartean, Esako urtegia handitzeko lanek aurrera jarraitzen dute.
Bai. Obrak ez dira gelditu, eta gure borroka ere ez da amaitu. Herritik ikusten ditugu kamioiak gora eta behera egunero. Presa berria eraikitzeko lanekin jarraitzen dute. Guk argi dugu egun dagoena arriskutsua dela, hautsita baitago. Haiek ere badakite. Presa berriarekin nahi dute magala sendotu, baina argi dugu ezin izanen dutela inoiz egun baino ur gehiago sartu urtegian. Halere, lanean jarraitu behar dugu, uraren politika berri baten alde.
Erakundeetan azken urtean sumatu duzue aldaketarik?
Aragoiko Gorteetan ez da deus aldatu. Zaragozako Udalak, berriz, urratsa egin du, eta Esako ura ez jasotzeko prozesua jarri du martxan. Ez da erraza izanen ur horri uko egitea, aurretik sinatutako akordioak hor baitaude, baina horretan ari dira, eta ontzat jotzen dugu. Finean, Esako urtegia handitzeko argudio nagusietako bat da Zaragoza hornitzea.
Nafarroako Gobernuak urratsik egin al du?
Gobernua babesten duten taldeek akordioa sinatu zuten hauteskundeak egin baino lehen, eta konpromisoa hartu zuten obren ikuskaritza eskatzeko, eta segurtasuna bermatuko zuen ur maila galdegiteko. Jakin badakigu gobernuak eskatu dituela txosten independenteak, Espainiako Gobernuaren aurrean zer jarrera izan erabaki ahal izateko.
Espainiako Gobernuak du erabakitzeko eskumena, baina Nafarroatik ere presioa egin daitekeela uste duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Nafarroak presio handia egin dezakeela uste dugu, eta lor dezakeela egungo egoera aldatzea.
Gaur hasita eta igandera arte, Esfendemos a tierra jaialdia eginen duzue Artiedan.
Jaialdi politikoa da, neurri handi batean, bai eta soziala ere. Artiedako Udalak antolatu du, Bloque Independentista de Cuchas taldearekin batera. Asmo nagusia lurraren defentsa da. Hori lortzeko jarraitzen dugu guk lanean, hain zuzen ere.