Edurne Elizondo
Udako hilabeteek ekartzen ohi duten neurri bat da: Nafarroako Osasun Departamentuak hainbat ohatze kentzen ditu bere ospitaleetatik, oporrak hartzen dituztelako profesionalek, edo eraikinetan obrak egiteko profitatzen duelako administrazioak garai hau, bertzeak bertze. Azken urteotan behin baino gehiagotan hartutako neurria da hori, eta, aurreko aldietan bezala, oraingoan ere erizainak ez dira batere kontent. Atzera egin dezala eskatu dio SATSE Erizainen Sindikatuak Nafarroako Gobernuari, hain zuzen ere. “Zentzuz joka dezatela Osasunbideko arduradunek”, eskatu du Joaquin Fernandez sindikatuko presidenteak.
Aurten, 130 ohe kenduko dituzte udako hilabeteotan Nafarroan. “Gehienak Nafarroako Ospitale Gunean, eta gutxi batzuk, berriz, Tuterako ospitalean; Lizarran, antza, ez dute ohatzerik kenduko”, azaldu du Fernandezek. Osasun Departamentuko arduradunekin hitz egiten saiatu da Nafarroako Hitza, baina ez du lortu.
“Zalantzarik gabe, neurri txar bat da, eta erabiltzaileei egiten die kalte, batez ere”, erran du SATSE sindikatuko arduradunak. “Ondorio nagusia izanen da itxaron zerrendek gora eginen dutela”, nabarmendu du Fernandezek. “Kirurgiarako eta kontsultetarako itxaron zerrendetan izanen du eragina hartutako neurriak”.
Fernandezek argi eta garbi erran du: “Hainbat urrats egin ditu egungo gobernuak, baina, oraindik ere, Osasunbideak duen gaitz larrienetako bat dira itxaron zerrendak. Diskurtsoak gauza bat dira, eta errealitatea, bertze gauza bat”.
Duela urtebete gobernu berria osatu zenetik, Osasun Departamentuko arduradunek mahai gainean jarri dituzten gai nagusietako bat izan da itxaron zerrendena. Martxoan, hainbat neurri iragarri zituen Fernando Dominguez kontseilariak, egoerak hobera egin dezala lortzeko asmoz. Espezialitateetan eta ebakuntza geletan egin zuen ahalegina gobernuak, batez ere, kontsultetarako eta ebakuntzak egiteko ordu gehiago eskainiz. Orduan, Dominguezek helburu gisa jarri zuen itxaron zerrenden batez bestekoa 45 egunekoa izan dadin lortzea, lehen kontsultarako, eta ehun egun ingurukoa, ebakuntzetarako. Helburu horri eutsi zion Osasunbideko zuzendari kudeatzaile Oscar Morachok joan den ekainean. Horrek erran nahiko luke 40.000 pertsona inguruk osatuko luketela kontsultarako itxaron zerrenda, eta 9.000 inguruk ebakuntzetarakoa. Kopuru horiek lortu nahi ditu Osasun Departamentuak urte bukaerarako; orain arteko kopuruak %20 murriztuz kontsulten esparruan, adibidez.
“Gobernuak datuak ematen ditu, baina ez dugu ahaztu behar zain dauden guztiak ez direla beti zerrendan agertzen; hau da, zerrenda hori handiagoa dela”, azaldu du Joaquin Fernandezek. Izan ere, hainbat zerbitzutan “agendak itxi” egiten dituzte. “Kopuru batetik aurrera, izena emateko aukera ere ez duzu; ondorioz, jendea zain egon arren, haien izena ez da zerrendan agertzen. Baina horrek ez du erran nahi esperatzen jarraitzen ez dutenik. Kontua da ez direla zerrendan agertzen”.
Kontratazioak
SATSE sindikatuak nabarmendu du kontratazioetan gertatu diren murrizketak direla arazoaren bertze alderdi bat. “Egia da orain malgutasun handiagoz ari dela gobernua, baina azken urteotako murrizketek ekarri dute aldi baterako hutsik gelditutako lanpostu anitzetan ordezkapenik ez egitea”. Udan egiten dira gehienak, eta horrek zerrendetan diren erizainei egiten die mesede, Fernandezek aitortu duenez. “Urteko gainerako hilabeteetan ia ez dago kontratu bat lortzeko aukerarik”.
Lantaldea sendotzea da, ordea, erizainen sindikatuak Nafarroako Gobernuari egindako proposamenetako bat. Horrekin batera, Osasunbideak dituen azpiegiturei ahalik eta etekin gehien atera beharko liekeela argi du Fernandezek. “Ez du zentzurik ebakuntza gelak %100ean erabiltzea goizez, eta %30ean baino ez arratsaldez. Esparru pribatuan, ebakuntza gelak 24 orduz daude zabalik”.
Itxaron zerrenden arazoari “behingoz” aurre egiteko bidea hori dela berretsi du Fernandezek. “Erizainak txandaka aritzen gara lanean, goizez, arratsaldez eta gauez; egin dezatela gauza bera azpiegiturekin, eta balia ditzatela egun osoz”.
Sindikatuko kideak erantsi du “zentzuz jokatzea” litzatekeela urrats hori egitea. Egungo neurrien aurka agertu da, gainera. “Doako osasun arlo unibertsal baten alde gara gu; ez dugu zerbitzuak pribatizatzea nahi; ez du zentzurik zerbitzuak esparru pribatura bideratzeak, eta Osasunbideak berak dituen azpiegiturak ez erabiltzeak”, salatu du.
2015eko urtarrilean, adibidez, Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako zerbitzuetako langileen haserrea eragin zuen Eguberrietako oporren ondorioz hainbat ohatze kendu izanak. Zehazki, 97 kendu zituzten. Nafarroako Ospitale Guneko oheak beteta zeuden, ordea, eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak klinika pribatuetara bideratu zituen hainbat gaixo. Egun bakar batean, larrialdietako zerbitzuetatik hamabost gaixo bidali zituzten zentro pribatuetara, hain zuzen ere.
“Horrek ez du inolako zentzurik: ditugun ohatzeak kentzen ditugu, gaixoak esparru pribatura bideratu behar izateko”, berretsi du Fernandezek, eta zentzuz jokatzeko eskatu dio, berriz ere, Osasun Departamentuari. “Balia ditzala dituen profesionalak eta azpiegiturak”. Azken urtean gobernuak egindako urratsak ontzat jo ditu; ez nahikotzat, ordea. “Urrats txikiak baino ez ditugu egin, oraindik ere; bide luzea bada egiteko. Lanean jarraitu beharko dute, gogor, Osasunbideko arduradunek”.
Udan, 130 ohatze gutxiago izanen dituzte Nafarroako ospitaleek. Datozen Eguberrietan, bertzelako konponbideak ikusi nahi dituzte erizainek mahai gainean. Ikusteko dago.