Bideak energiaren negozioari

Bideak energiaren negozioari

Edurne Elizondo

Bat egin behar dugu inolako zentzurik ez duten proiektuon aurka; bideak zabaldu nahi dizkiote negozioari”. Horixe nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak, energiaren esparruko egitasmo handiei buruz. Baionan izan ziren fundazioko kideak hilaren 15, 16 eta 17an, han egindako Behar Gabeko Proiektu Erraldoi eta Inposatuen Kontrako Foroan. Megaproiektu Energetikoei Erantzuteko Elkarrenganako Laguntza Sareko kide gisa parte hartu zuen Sustrai Erakuntzak, energiaren arloko proiektu erraldoiek kalte eginiko Aragoiko (Espainia) eta Kataluniako bertze hamaika talderekin batera.

“Pirinioetako hegoaldeko taldeak gaude sarean, batez ere; foroan harremanak egin nahi izan ditugu beste aldekoak ere batzeko; urratsak egin ditugu, eta pozik gaude”, azaldu du Zelaiak. Sarea iazko udazkenean sortu zuten, Katalunian eta Aragoin energiarekin lotutako hainbat proiekturen berri jasotzeko bira egin eta gero. Euskal Herrian ere badira gisako egitasmoak, eta haien inguruan ohartarazi nahi izan dituzte herritarrak Sustrai Erakuntza fundazioko kideek. Azken aldian mahai gainean jarri dituzten bertze bi proiektu salatu nahi izan ditu erakunde horrek, orain, bereziki: “Bat, Bizkaia eta Akitania artean ur azpiko kable bat jartzeko; eta bigarrena, berriz, Iruñerriaren eta Landen (Frantzia) artean goi tentsioko linea egiteko”.

Autopista elektriko horrek Pirinioak zeharkatuko lituzke: “Oraindik informazio askorik ez dago egitasmo horri buruz; marra bat marraztu dute mapan, eta proiektuak, antza, Orreaga ukituko luke; edozein kasutan, Pirinioak zeharkatuko lituzke”, salatu du Zelaiak. Asmoa, edozein modutan, argindarra Frantziara eramatea litzateke. “Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso [Gipuzkoa] artean egin nahi dutenak ere, azken finean, helburu bera du”, erantsi du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Horregatik, bi proiektuon aurka egin du fundazioak. “Ez dute inolako zentzurik, ez dira beharrezkoak, eta kalte handiak eraginen lituzkete “.

Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko proiektua da, oraingoz, urrats gehien egin duena. Uda honetan, hain zuzen ere, lanak hasi dituzte Sakanako goi tentsioko dorreetan. “Mantentze lanak dira, egun dauden lineen gaitasuna hobetzeko; proiektuak zehazten du hori egin behar dela goi tentsioko linea berria eraikitzen hasi aurretik”. Uda amaituta bukatuko dituzte lan horiek, antza. “Ondorioz, uste dugu udazken-neguan onar dezatela proiektua, lanak datorren urtean hasi ahal izateko”, azaldu du Zelaiak.

Onartu gabeko proiektua

Hainbat urte joan dira martxan jarri zutela, baina Sustrai Erakuntza fundazioko kideak nabarmendu bezala, onartu gabeko proiektua da, oraindik ere, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko lineari buruzkoa. Espainiako Gobernuak 2011. urtean jarri zuen martxan ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko azterketa egiteko prozesua. Behin betiko bidea erabaki eta gero, 2013. urteko udan alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Espainiako Gobernuak. Nafarroatik eta Gipuzkoatik, hain zuzen ere, 13.000 baino gehiago aurkeztu zituzten. Hamaika udaletxek egin dute bat goi tentsioko linearen aurkako plataforman, eta haren bidez aurkeztu zituzten alegazio horiek guztiak, duela hiru urte.

Plataformako kideek ez dute amore eman. Taldean dira proiektuak kalte eginiko hamaika udal. Nafarroako eta Gipuzkoako 30 udalek baino gehiagok eskatu zuten maiatzean, hain zuzen ere, bertan behera uzteko egitasmo hori. Nafarroako 27 herriri eraginen lieke; eta 127 kilometroko bidean, 85 metro bitarteko 247 dorre eraikitzea ekarriko luke proiektuak, bertzeak bertze. Egitasmoaren hastapenetan, 174 alkatek eskatu zioten Espainiako Industria Ministerioari proiektua bazter uzteko.

Aurrera jarraitu zuen ministerioak, ordea, baina goi tentsioko lineari aurkeztutako 13.000 alegazio horiek ez dute erantzunik jaso, oraindik ere. “Ez dute proiektua onartzeko eta gauzatzen hasteko prozesua amaitu”, nabarmendu du Martin Zelaiak. Hiru urte pasatu dira alegazioak aurkeztu zituztenetik. “Bi urteko epea dago, ordea, gisako proiektuak onartu eta martxan jartzeko; kasu honetan, beraz, epe hori ez da bete”. Hori dela eta, hain zuzen ere, kontu hori baliatuz proiektuaren aurka egiteko modua aztertzen ari da Sustrai Erakuntza fundazioa. “Proiektua oso modu ilunean ari dira garatzen; ez dago batere argi”, erran du Zelaiak. Aipatu du, adibidez, proiektutik kendu omen dutela Deikaztelun azpiestazio bat egiteko asmoa. “Nafarroako Gobernuak egindako energia planaren zirriborroan, berriz, agertu egiten da. Azpiestazioa egin edo ez, linea herritik pasatuko da”, azaldu du.

Bertze auzi bat jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean, proiektuaren kontra: Urbasa eta Andia eta Aralarko kontserbazio bereziko eremuei eragiten diela bideak, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak proiektua moldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, hori dela eta. Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzutik azaldu dutenez, egungo bideak ugatzari, miru gorriari, okil ertainari eta okil beltzari eraginen lieke; eta kalte eginen lieke, halaber, baso-igel jauzkariari eta kiropteroei.

Kalte horien berri eman zion Nafarroako Gobernuak Espainiakoari, joan den apirilean, bidalitako txosten batean. Agiri berean bidea aldatzeko proposamen bat egin zion Ingurumen Departamentuak: “Proiektuak kalteak eragiteko arriskua nabarmen gutxituko litzateke egungo 220 kilowatteko linea baliatuko balute eremu horretan”, azaldu dute Bioaniztasun Zerbitzutik. Horrekin batera, hegaztiei kalte egiteko arriskua gutxitzeko dorre elektrikoetan neurriak hartzeko eskatu zuen Nafarroako Gobernuak, apirilean egindako txosten horretan.

Espainiako Gobernuak ekainean erantzun zien Nafarroako agintariei. “Jakin nahi dute ea proiektuak bat egiten duen legeak aurreikusten dituen salbuespenekin”, azaldu dute Ingurumen Departamentutik. “Aztertzen ari gara, erantzun ahal izateko”, erantsi dute. Ingurumen Departamentuko kideek ez dute uste proiektua aldatuko dutenik: “Red Electricak ez du egungo 220 kilowatteko bidea erabili nahi, ordezkatzea egitean hornidura arazoak izan daitezkeela uste duelako. Ingurumenaren ikuspuntutik anitzez ere egokiagoa litzateke, ordea”, onartu du Nafarroako Gobernuak.

Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko linearen helburu bakarra argindarra Frantziara eramatea dela berretsi du Zelaiak, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa. “Kontsumitzen dugunaren bikoitza ekoizteko gai gara; gisa honetako proiektuen atzean negozioa baino ez dago. Tokian tokiko argindarra produzitzea eta kontsumitzea bilatu behar dugu”. Europak Iruñerritik Landetara bultzatu nahi duen bertze proiektuak ere negozioarekin lotutako xede bera duela gaineratu du Zelaiak.

Europako Batzordeak, 2014. urtean, estatu kideei eskatu zien lortu behar zutela, gutxienez, produkzio elektrikorako instalatutako kapazitatearen %10eko interkonexioa. Iazko azaroan, helburu horrekin lotuta, Iruñea eta Landetako Cantegrit hiriaren arteko linea egiteko proiektua aurkeztu zuen Europako Batzordeak. Asmoa da 2023. urterako martxan jartzea. Red Electrica eta Frantziako RTE etxeek sustatu dute proiektua.

Oraingoz, xehetasun handirik ez dago egitasmo horri buruz, halere. Horixe erran du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Kezkatzeko arrazoiak badirela argi du, ordea. Orreagatik edo Pirinioetako bertze herriren batetik pasatzen bada ere, proiektuak balio handiko eremu bati kalte eginen liokeela salatu du Zelaiak. “Eta asmo bakarra argindarrarekin negozioa egitea da”, berretsi egin du. %10eko interkonexioak lortzeko proposamenari buruz, Zelaiak zehaztu du ez dela gauza bera ekoizten ahal denaren edo kontsumitzen denaren %10a. “Kontsumitzen dugunaren %10a bada, egina dago ja; eta ez dugu gehiago behar”.

Castejongo zentralak

Goi tentsioko linea hori egiteko asmoa Castejongo zentral termikoekin lotu du Sustrai Erakuntzako kideak, bertzalde. Izan ere, Castejondik Muru Artederretara iristen da, egun, 400 kilowatteko linea bat. “Muru Artederretatik aterako litzateke, hain zuzen, Frantziara egin nahi duten hori. Linea hori egiten badute ziur gara Castejongo zentralak orain baino gehiago erabiliko dituztela”. 2015. urteko datuen arabera, Castejongo zentralen kapazitatearen %10 baino ez zuten erabili.

Proiektuen gainetik, ereduari buruz gogoeta egiteko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioak, behin eta berriz. Energiaren esparruan ere bai. Nafarroako Gobernuak 2030era begirako energia planaren zirriborroa prestatu du jada. Iruñea eta Landen arteko goi tentsioko lineari buruzko proiektua zehazki aipatzen ez bada ere, Europako Batzordetik %10eko interkonexioak lortzeko egindako eskaeraren berri jasotzen du. Zirriborroak, zehazki, Espainiako Gobernuak prestatutako 2015-2020rako Argindarraren Garraiorako Sarea Garatzeko Plana ekarri du gogora, hor aipatzen baitzen jada interkonexiak bultzatzeko beharra.

Oro har, Sustrai Erakuntzako kide Martin Zelaiak erran du energiaren inguruko plana ez dela txarra. “Sumatzen da aldaketa bat aurreko gobernuek zehaztutako ildoekin alderatuta”. Energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egiten duela erran du Zelaiak, adibidez. Bertze hainbat auzitan, ordea, UPNko agintarien “joera berberak” sumatzen ditu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Bi adibide jarri ditu mahai gainean hori azaltzeko: batetik, auto elektrikoaren alde egiten duela planak. “Hau da, ibilgailu pribatuaren alde. Guk argi dugu mugikortasunaren arloan garraio publikoaren alde egin behar dugula”, erran du Zelaiak. Trena iruditzen zaio Sustrai Erakuntza fundazioari garraiobide egoki bat.

Bertzetik, bigarren adibidetzat, gobernuaren AHTaren aldeko apustua aipatu du Zelaiak. “Gobernuak AHTaren aldeko apustua baino ez du egiten. Eraikinak berritzeko beharra nabarmentzen du, energia aurrezteko; ohiko trenaren alde egin beharrean, ordea, AHTaren alde egiten du, horrek sekulako energia kontsumoa ekartzen duela kontuan hartu gabe”, salatu du Zelaiak.

Zirriborroa ongi aztertzeko eta zuzenketak prestatzeko bidean dira Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Finean, energiaren auziak ingurumenarekin lotutako hamaika auzirekin zer ikustekoa baduelako. Goi tentsioko lineak egiteko proiektuekin ere bai, noski. Nafarroa ukitzen duten proiektuen aurka lan egiteko beharra berretsi du Martin Zelaiak. “Gisako gainerako egitasmoen aurka ere bai”. Elkarlanean. Sarean.