Kattalin Barber
Egun batean, lantegiko lana utzi, eta pinturan murgildu zen Tomas Sobrino (Elizondo, 1963). 20 urte baino gehiago pasatu dira ordutik, eta Baztango paisaiak margotzen ditu. Abuzturako, aire zabaleko pintura ikastaro bat antolatu du, Baztanen.
Noiztik antolatzen duzue ikastaro hau?
1995ean hasi ginen ikastaroa antolatzen. Baztanen beti egon dira margolari asko, eta, udan, erakusketak antolatzen ditugu. Guk aire zabalean margotzen dugu, eta egiten dugun hori transmititu nahi dugu ikastaro honekin. 1995ean, Jose Mari Apezetxea Erratzuko margolaria eta biok hasi ginen honekin. 2010. urtean, Apezetxeak atsedena hartzea erabaki zuen, baina ez du lotura eten ikastaroarekin. Udaro, Erratzura joaten gara, eta berarekin margotzen dugu.
Nola erabakitzen dituzu margotuko dituzuen tokiak?
Aldez aurretik erabaki behar ditut, denborarekin. Izan ere, ezin dut bakarrik kontuan izan ea tokia gustatzen zaidan edo ez; hamar pertsona inguruk egiten dugu bat, eta tokiek aproposak izan behar dute denok mugitzeko. Giro polita sortzen da, eta Baztango txokoak ezagutzeko balio du. Hemengo jendeak ere leku desberdinak ezagutzen ahal ditu ikastaro honen bidez. Turismoa egiteko modua da.
Baztangoak izaten ohi dira izena ematen dutenak?
Batzuk hemengoak dira, baina etortzen dira Iruñetik, bai eta atzerritik ere. Aurten ez dator, baina urte askotan etorri da Italiako pertsona bat. Nahi duten guztientzat egiten dugu ikastaroa. Dena den, gomendagarria da oinarrizko ezagutza batzuk izatea. Ezin diozu naturari aurre egin inoiz pintzel bat eskuan hartu ez baduzu.
Ikastaroak irauten duen bi aste horietan zenbat leku bisitatzen dituzue?
Hamar egun dira denera, eta bost leku desberdin bisitatuko ditugu. Bi egun leku bakoitzeko. Normalean, lehenengo egunean tokia ezagutzen dugu, eta bigarrenean, lana burutu. Interesgarria da, bigarren egunean askotan begirada aldatzen delako, eta, leku bat berriro begiratzean, gauza berriak deskubritzen ditugu. Gainera, ikastaro hau ez da abuztuan amaitzen. Irailean hasita, hileko hirugarren larunbatean topaketa egiten dugu aire zabalean margotzeko. Edonor etor daiteke, ekinbide hori guztien artean sortu delako. Horrela, gure arteko loturak jarraitzen du, eta jende berria animatzen da. Oso aberasgarria izaten da.
Lantegi batean ari zinen, eta lana uztea erabaki zenuen, gehiago margotu ahal izateko. Zer dela eta?
Betidanik margotu dut. Baina iritsi zen momentu bat ezin nuela asteburura arte itxaron margotzeko. Denbora osoz margotu nahi nuen. Jauzi arriskutsua izan zen, baina pozik nago orain. Nire bizitza garatzeko modu bat da. Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen.
Zure blogean kontatu duzu: “Hasieran, zuk kontrolatzen duzu koadroa. Gero, koadroak berak eskatzen dizu kolore bat edo bestea sartzea”.
Nik esaten diet nire ikasleei koadroa entzun behar dutela. Haiek hasieran ez dute ulertzen, baina margotzen hasten direnean konturatzen dira koadroak zerbait esaten diela. Pinturak berak esaten dizkizu gauzak… Askotan, zuk ideia bat duzu buruan, eta gero bestelakoa margotzen duzu. Aldatzen da, eta harritzen zara egiten duzunaz. Margotzea koadroarekin elkarrizketa bat izatea da. Entzun behar diozu.
Zein txoko maite dituzu Baztanen margotzeko?
Gustuko ditudan lekuek argiarekin dute zerikusia, eta urteko sasoiarekin. Asko gustatzen zait paseoak ematea, eta beti esaten dut leku berberetara joaten naizen arren beti zerbait berri aurkitzen dudala. Gainera, Baztanen, argia aldakorra da. Hori pintoreentzat opari bat da. Nik zuhaitzak eta ura maite ditut; beti agertzen dira nire koadroetan. Uraren inguruan bizi gara hemen, Bidasoa ibaiaren inguruan. Uraren azala deituriko erakusketa bat egin nuen, eta urak islatzen zuena margotu nuen. Gustatzen zaizkit ikusleari parte hartzeko aukera ematen dioten koadroak. Udan gutxiago margotzen dut, batik bat denbora gutxiago dudalako. Baina, udan, hemengo margolariek gure koadroak kalera ateratzen ditugu. Uda honetan, adibidez, hamabi erakusketa ditugu Baztanen. Ibarreko beste erakargarri bat dira erakusketak. Paisaiak, gastronomia eta artea.
Zergatik daude hainbeste pintore Baztanen?
Beti egiten didate galdera hori, eta, egia esan, inoiz ez dakit nola erantzun… Paisaiak bidea ematen du. Ez dakit, nik uste dut Baztanen badugula sentsibilitate artistikoa. Musikarekin du zerikusia horrek, nire ustez. Hemen badago Juan Erasok sortutako abesbatza bat, eta berak sortu zuen halako sentsibilitatea ibarrean. Hori transmititu egin da belaunaldiz belaunaldi.
Esan dezakegu zu zarela Bidasoko eskolako laugarren belaunaldikoa. Badago bosgarren belaunaldirik?
Bai, badago. Bidasoko eskolak Javier Zubiaurrek abiatutako tesi batean du oinarria. Hasieran, nahiko uzkurrak ginen termino horrekin, hemen margolari bakoitzak bere estilo propioa duelako lan egitean, eta eskola esatea asko esatea da. Ez gara estilo berekoak margotzean, baina egia da paisaiak elkartzen gaituela. Azkenaldian hainbat erakusketa egin dira Bidasoko eskolaren inguruan, eta konturatu naiz bertan ez dutela tokirik izan belaunaldi berrikoek. Badaude gazteak Baztanen margotzen dutenak eta erakusketak egiten dituztenak, baina ez dituzte aipatzen. Uste dut konpondu gabeko kontu bat dela hori, eta berrikusi egin beharko dugula. Horregatik, adibidez, sortu zen ikastaro hau. Jarraitutasuna nahi genuelako, eta belaunaldi berriei transmititzea.