Ez Drakula, ezta Batman ere

Ez Drakula, ezta Batman ere

Edurne Elizondo

Ospe txarreko animaliak direla erranez ekin zion Juan Tomas Alcalde biologoak saguzarrei buruzko solasaldiari. Atarrabiako San Andres errotan eman zuen hitzaldia, ostiralean. Lepo bete zuten aretoa parte hartzaileek. Mitoak eta usteak bazter utzi, eta saguzarren errealitatea utzi zuen agerian Alcaldek: ez direla Dakrula, ezta Batman ere; beren habitatei eusten eta aurrera egiten saiatzen direla, gizakien artean. Duela 55 milioi urte agertu ziren planetan, eta 1.300 espezie daude gaur egun. Entzun eta ikusi ahal izan zituzten haietako hainbat Atarrabiako saioan. Herrialdean 27 daude, haietako zenbait desagertzeko arrisku bizian.

Era askotako saguzarrak badira. Kontinente guztietan daude, eta hamaika forma, dieta eta ohitura dituzte. Oro har, ugaztun hegalariak direla nabarmendu daiteke; gauez hegan egiten dutela; buruz behera egiten dutela lo; ekolokazioa baliatzen dutela mugitzeko; anitzek hibernatzen dutela, eta anitz, halaber, migratzaileak direla.

Iberiar penintsulan 30 espezie daude; haietako 27 daude Nafarroan. “Gero eta gehiago dakigu saguzarrei buruz, baina lan handia dago, oraindik ere, egiteko”, azaldu zuen Alcaldek, Atarrabian. Izan ere, duela hogei urte eskas, 8-9 espezie baino ez ziren ezagutzen Nafarroan. “Orain dauden guztiak identifikatu ditugula erran dezakegu”. Hori abiapuntu bat da, baina ezagutza babes bilakatzea falta da, kasu anitzetan, adituek nabarmendu dutenez.

Nafarroan bizi diren espezie horien guztien egoera ez da bera. Dozena bat inguru “mehatxupean” dira. Gizakiek eragindako mehatxuen pean, hain zuzen ere. Nagusia, animalion habitataren eraldatzea. “Saguzarrak ikertzen hasi nintzenetik, animalion 50 kolonia baino gehiago desagertu dira herrialdean”.

Oro har, hiru habitat mota ezberdin dituzte saguzarrek: kobazuloak, zuhaitzetako zuloak eta etxe, zubi edo haitzetan egon daitezkeen pitzadurak. Guztietan, gizakien eragina da saguzarrak baztertu dituena. “Kobazulo batera jende anitz sartzen bada, erabiltzeari utziko diote saguzarrek”. Zuhaitzen kasuan, Lodosan gertatutakoa ekarri zuen gogora Alcaldek. “Barruan 700 saguzar zituen makala moztu zuten”.

Iruñean ere, makalen egoerarekin lotura zuzena izan du gau saguzar ertainen patuak, adibidez. “Duela 15-20 urte gaixotasun batek jo zituen Iruñeko makalak; milaka moztu zituzten. Zuhaitz horietan zeuden zuloetan bizi ziren saguzar horiek, eta, ondorioz, orain, haien egoera kaskarra da. Zuhaitz gutxi dute hirian erabiltzeko”.

Hala eta guztiz ere, penintsulako koloniarik handiena da Iruñekoa. “Europako bertze hainbat herritan gehiago daude, baina penintsulan urria da espezie hori”. Dinamika bitxia dute, gainera, Nafarroako hiriburuan bizi direnek. Arrak daude bakarrik Iruñean, urte osoan. “Emeak orain etorriko dira; alta garaia dute oraingoa, eta martxora arte geldituko dira”. Umatzera, berriz, Europa erdialdeko herrietara itzuliko dira emeak.

Arrak eta emeak udazkenean elkartzen dira, baina ernaltzea udaberrira arte ez da gertatzen. “Orduan obulatzen dute emeek, eta gordetako espermarekin bat egiten dute obuluek”. Emeek kume bat izaten dute urtean.

Arratoi belarriak

Urtean kume bakarra izateak ahul bilakatzen ditu saguzar espezie anitzen koloniak. Nafarroan, gainera, kolonia bakarra dute hainbat espeziek, eta horrek are ahulago bihurtzen ditu. Hori gertatzen zaie, adibidez, arratoi belarri ertainari eta arratoi belarri handiari. Norbanako guztiak toki berean dira. “Espezie bakoitzeko kolonia bakarra dago herrialdean”, azaldu zuen biologoak.

Kobazuloetan bizi dira horiek. Desagertzeko arriskuan da, halaber, zuhaitzak nahiago dituen bertze espezie bat: basoko arratoi belarria, alegia. “Hiru kolonia ezagutzen ditugu, eta bakoitzak 15-20 norbanako baino ez ditu”. Baso helduak maite dituzte saguzar horiek; haritzak eta pagoak nahiago dituzte, pinuak baino. “Zuhaitz zaharrak behar dituzte”, erantsi zuen Alcaldek. Horiek babesteko beharra nabarmendu zuen. Nafarroan, halere, saguzarrentzat babestutako eremurik ez da, oraindik ere. “Saguzarrentzat kutxak jartzea ongi dago, baina ez da nahikoa”.

Animaliok gizakion artean aurkitzea ez da zaila. Atarrabiako saioan, entzun egin zituzten parte hartzaileek, ikusi baino lehen. “Ultrasoinuak egiten dituzte saguzarrek, oihartzunaren bidez espazioan dauden gauzen berri jasotzeko”. Gizakiek ezin dituzte soinu horiek entzun. Alcaldek eta haren kide Iñaki Martinezek soinu horiek jasotzeko gailuak baliatu zituzten. “Frekuentziaren arabera jakin dezakegu zein espezie den”. Gailuak pantaila bat zuen, eta grafiko bat marrazten zuten saguzarren ultrasoinuek. “Kuhl pipistrelo-a!”.

Arga ibaiaren bazterrek bertze espezie bat ikusteko aukera eskaini zieten parte hartzaileei: ur saguzarra. Kontent itzuli ziren denak etxera. “Animaliok hobeki ezagutzea da kontua”, laburbildu zuen Alcaldek. Ezagutu, errespetatzeko.

Argazkia: Juan Tomas Alcalde