Aldaketarik nabarmenena

Aldaketarik nabarmenena

Edurne Elizondo

Azken egunotako euri zaparradek giroa freskatzeko balio izan dute, baina ez dituzte anitz arindu udako lehortearen ondorioak. Abuztua bereziki idorra izan da herrialdean; ez du euririk egin; ohikoa denaren erdia ere ez du bota Nafarroan, eta %13 baino ez Iruñean. Egoera horrek segida izan du hilaren hasieran, eta hamaika arazo eragin ditu jada. Agerian utzi du klimarena dela aldaketarik nabarmenena.

Ez hemen bakarrik. Mundu osoko datuak kontuan hartuta, azken 136 urteotako abuzturik beroena izan da aurtengoa. “33 urte ditut, eta orain arte ez dut inoiz ezagutu uda honetan izan dugun beroa. Hemen dugu klimaren aldaketa. Ikusi nahi ez duenak ere sentitu eginen du. Begi bistakoak dira lehortearen ondorioak”, erran du Nafarroako Basozainen Elkarteko kide Xabier Petrirenak.

Udazkeneko koloreek hartu dituzte baso anitz; erreketan eta urtegietan behera egin du uraren mailak; larreak ahitu dira, eta goiko belazeetatik jaitsi behar izan dute ardiek eta behiek, jatekoa amaitu eta gero. Uda honek, gainera, azken 30 urteotako suterik handiena ekarri du: 4.000 hektarea inguru erre zituen, abuztu bukaeran, Tafalla eta Puiu artean.

Nafarroako Gobernuak berak “kezka” agertu du, asteon, lehorteak eragindako egoeraz. “Kezka badugu”, erran du Toki Administrazio, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizaldek. “Ea iraila nola datorren; egoerak hobera egiten ez badu, gure aurreikuspenak aldatu beharko ditugu”. Ur hornidurari buruzkoak nabarmendu ditu kontseilariak. “Bermatuta” dagoela erran du, baina onartu du arazoak eragin dituela lehorteak hainbat herritan. Urdazubin, adibidez, kamioiak erabili behar izan ditu udalak ura Alkerdi auzora eramateko. “Lehorteak eragin du ur eskasia, batetik; bertzetik, Alkerdi auzoko iturburuek ez dute indar handirik, eta horrek ere izan du eragina”, azaldu du udalak.

Beran ere martxan dira ur eskasiari aurre egiteko neurriak. Abuztuan onartu zituzten. Baratzeak eta lorategiak ureztatzea eta autoak garbitzea debekatu du udalak, bertzeak bertze. Mozketak ere egin dituzte gauez, ura aurrezteko.

Bera inguruko paisaia ederki ezagutzen du Petrirenak. Bortzirietan, Baztanen, Malerrekan, Bertizaranan eta Leitza aldean aritzen da lanean. Azken asteotan ikusi duena “larritzat” jo du. “Mila metrotik gora, pagoak eta haritzak hasi dira hostoak botatzen; bai eta fruituak ere. Ez dira ongi heldu, ordea; udazkena aurreratu da, eta horrek ondorioak izanen ditu fruitu horiek jaten dituzten animaliengan”, azaldu du basozainak.

Udazkenak ekarriko duenari buruz kezka agertu du Petrirenak, hain zuzen ere; klimaren aldaketak euria egiteko moduan ere eragina izan duela nabarmendu du basozainak. “Izokinek, adibidez, udazken-neguko uholdeak behar dituzte ibaian eta erreketan gora egiteko, erruteko”.

Udazken-neguan, ordea, gero eta euri gutxiago egiten omen du. Hori da azken urteotako joera. Juan Pablo Rebole nekazaritzako ingeniariak ikerketa egin zuen euri prozesuei buruz, duela hainbat urte, eta agerian utzi zuen epe laburreko eta intentsitate txikiko euri prozesuak behera egiten ari zirela. Halakoak dira udazken-neguan gertatzen ohi zirenak. Azken urteotako joera da sasoi horretan egin beharrean udaberrian egitea euria, batez ere.

“Galera ekonomikoa”

Nafarroako urtegietan ez da alarma gorria piztu orain arte, baina, oro har, azken zortzi urteotako mailarik baxuenean zen ura herrialdeko azpiegituretan, hilaren hasieran: %35ean, batez beste. Nekazari eta abeltzainentzat ere kontuan hartzeko kontua da urarena, Nafarroako EHNE sindikatuko kide Felipe Etxetxikiak nabarmendu duenez. “Larreetan dauden iturri gehienetan ura ez da agortu, baina hainbat tokitara zisternak eraman behar izan dituzte”. Larre anitz ahitu direla gaineratu du Etxetxikiak, eta, ondorioz, negurako gordetako belarra erabiltzen hasi behar izan dutela abeltzainek. Behiak, ardiak edo zaldiak hazi eta saltzen dituzten abeltzainentzat “galera ekonomikoa” ekarri du lehorteak, ondorioz. “Beren poltsikotik ordaindu behar dute janaria”.

UAGN sindikatuko kideen hitzetan, galera ekonomiko hori “handia” da. “500 ardi dituenak 600-1.000 euro gastatu behar izan ditu hilean jatekoa erosteko”, erran du sindikatuko buru Felix Bariainek. UAGNk emandako datuen arabera, Nafarroan haragitarako saltzeko behien 760 haztegi daude; bertze 2.146 haztegitan ardiak esplotatzen dituzte.

Belazeetan uda hasieran egiten da lehen belar mozketa; baina bertze behin edo bitan ere mozten ohi dute belarra, siloratzeko. “Aurten, bigarren mozketa hori egiteko aukera gabe gelditu dira hainbat tokitan”, azaldu du Etxetxikiak. Artoa biltzean ere sumatu dute nekazariek lehortearen eragina. “Ohikoaren erdia baino ez dute jaso”.

Bertze hainbat sektoretan aurtengo uda bereziki idorraren ondorioak ez dituzte anitz sumatu. “Mahatsa biltzen aritzen direnek ez dute arazo handirik. Aurreratu da mahatsa biltzeko sasoia, azken urteotan bezala; aleak ere ohi baino txikiagoak dira, baina egoerak ez dio produktuari anitzik eragin”, erran du. Iaz baino mahats gutxiago biltzea espero dute nekazariek aurten, baina kalitateak gora eginen duela uste dute, ordea.

Iruñerrian, garia eta garagarra ereiten hasiak dira. “Egia da lurra bereziki gogorra aurkitu dutela aurten, lehortearen ondorioz, baina egungo makinekin ez dago lana egiteko arazo handirik. Hemendik aurrera, hori bai, ura beharko dute nekazariek”, erantsi du EHNEko kideak.

Lurrak behar du ura, oro har. Mendi eta basoetan lehorteak eragindakoa zuzenean ikusi du, egunero, Xabier Petrirenak. Kezka eta tristura igartzen zaio hitz egiten duenean. Tafallako sua ezin du burutik kendu. “Ematen du jendeak ez duela egoerari buruzko kontzientzia hartzen; lehorte izugarria dugu, eta sua egiten jarraitzen du, edo zigarro puntak botatzen”. Ura behar dela berretsi du. Eta ikusteko dagoela aurtengo uda idorrak zein ondorio izanen dituen.