E. Elizondo
Tafalla eta Puiu arteko suteak ez zuen gizakirik zauritu. Bertze animaliek ere pairatzen dituzte halako hondamendien ondorioak, halere. Goiko argazkian orkatz bat ageri da ihesean. Bertze animalia anitzek ez dute suari ihes egiteko ahalmenik, ordea, eta kiskalita hiltzen dira Tafallakoaren gisako suak pizten direnean. Heriotza horien berri, baina, ez da jasotzen. “Naturan bizi diren animaliei ez diegu so egiten; ez gara gertatzen ahal zaienarekin arduratzen. Suteen gisako hondamendietan ezinago ahantziak dira. Bertze animaliak laguntzen ditugu bakarrik gure baliabidetzat ditugunean, eta haien galerak guri eragiten digunean”.
Catia Fariak erran ditu hitzok. Pompeu Fabra unibertsitateko ikerlaria da, Filosofian doktore, eta ekintzaile antiespezista. Naturan bizi diren animaliak laguntzeko beharraz egindako tesiarekin bilakatu da doktore, hain zuzen ere. Argi du hondamendiak gertatzen direnean bertze animaliak zergatik diren ikusezin: “Espezismoa da gure eta bertze animalien artean dagoen muga edo oztopo nagusia”. Fariak uste du espezismoari aurre egiten dionak naturan bizi diren animaliak laguntzen ahalegindu behar duela, beharra dutenean. “Guztiak laguntzeko lan egin behar dugu; naturan bizi direnen alde ere bai”.
Boluntarioen esku
Uda honetako lehortearen gisakoak gertatzen direnean, hamaika espezietako animaliei kalte egiten die egoerak. “Ura lortzeko arazoak dituztenean, egarriak ekartzen du odolaren presioak behera egitea. Animaliek nekea sentitzen dute une oro, eta bihotzaren erritmoak gora egiten du. Harraparien beldur diren animalia anitz egarriak jota hiltzen dira gordelekuetan; ateratzen direnak, berriz, ahul egoten dira, eta harrapariei aurre egiteko aukerarik ere ez dute”.
Fariak protokoloak eskatu ditu naturan bizi diren animaliak lagundu ahal izateko. “Gaur egun, ez daude; animaliok laguntzeko ekinbide bakarrak hainbat boluntariok martxan jarritakoak izan dira”. Galiziako suteetan, adibidez, animalien aldeko ekintzaileek antolatu zituzten kiskalitako eremuetan laguntza behar zuten animaliak artatzeko irteerak. “Protokolo batek aukera emanen luke hiltzen diren animalien kopurua txikitzeko, bai eta zaurituta gelditzen direnek pairatzen duten sufrimendua arintzekoa ere”.
2015eko uholdeak ekarri ditu Fariak gogora. Ebrok gainezka egin zuen, eta milaka txerri, ardi, behi eta zaldi hil ziren, haztegietan itxita. Tras Los Muros proiektuko argazkiek azaldu zuten, bertzeak bertze, Zaragozan (Espainia) gertatu zena. “Gizakion bertze animalienganako bazterketarik gordinenaren lekuko dira argazki horiek”. Nafarroan ere, 2013. urtean, Etxauriko txakurtegian hainbat txakur itota hil ziren, Nafarroako Gobernuak ez zuelako garaiz hustu. “Gure esku dagoena egin behar dugu”, berretsi du Fariak. “Lagundu, aukera dugunean”. Eta animalien arteko mugak ezartzen dituen espezismoa behera botatzeko lan egitea “funtsezkotzat” jo du.