“Europan giza taldeak ordezkatzeko eredua izan dugu eta badugu”

“Europan giza taldeak ordezkatzeko eredua izan dugu eta badugu”

Edurne Elizondo

Atapuercako aztarnategietako zuzendaria da Jose Maria Bermudez de Castro (Madril, 1952), Juan Luis Arsuagarekin eta Eudald Carbonellekin batera. Biologian doktore da; giza eboluzioaren historian aditu nagusienetako bat.

Ikastaroak Tuterara ekarri du, berriz ere, Atapuercako aztarnategien zati bat.

Bai. Urteak ziren ez ginela etortzen. Krisiak eragin digu guri ere, eta kontent nago aurten itzultzeko aukera izan dugulako. Polita da Atapuercaren berri ematea handik kanpo. Zaila da han gertatzen den guztiaren berri ematea, aztarnategiak duela 1,5 milioi urtetik gaur egunera arteko epea hartzen baitu. Proiektua izugarri handitu da urteotan guztiotan. Ikasturte oso bat beharko genuke guztia jorratzeko!

Hitz gutxitan, nola azalduko zenuke Atapuercak giza eboluzioa ulertzeko duen garrantzia?

Atapuercak 1,5 milioi urtetako historia gorde du. Iraganeko arrasto guztiak desagertzen dira, normalean. Industria litikoaren aztarnak baino ez zaizkigu ailegatzen; harriak, alegia. Gainerako guztia desagertu egiten da, bai eta hortzetako esmaltea ere, gorputzean dugun substantziarik gogorrena izan arren. Kontua da Atapuercan kobazuloak badirela, eta zulo horiek gorde egin dituzte arrastoak. Hezetasun eta tenperatura egonkorra dute. Ondorioz, kanpoan zegoenaren lagin bat gorde dute. Oraindik gauza anitz aurkituko dugu Atapuercan. Eta ez dugu ahaztu behar 1,5 milioi urteko denbora tarte hori dela ia giza eboluzio osoarena, Europan.

Atapuercak giza eboluzioaren irudi bat eskaintzen du?

Atapuercak giza eboluzioaren irudi orokor bat ematen digu. Noski, aztarnategiak ikuspegi lineal bat eskaintzen digu, baina errealitatea bertzelakoa da. Europako giza eboluzioaren historian giza taldeak etengabe aldatuz joan dira; talde bat ailegatu eta alde egin du, edo desagertu egin da, edo bertze batek hartu du haren tokia. Aldatuz joan dira gauzak; teknologia ere bai; ez teknologia horren garapenean urratsak egin dituztelako, baizik eta giza talde ezberdinek teknologia ezberdinak ekarri dituztelako. Gu, beraz, ez gara Europara ailegatu ziren lehendabiziko haien, Cro-Magnongo gizakien ondorengoak. Haiek desagertu egin ziren, eta beste batzuk etorri ziren, eta gero beste batzuk… Eta gauzak ez dira aldatu. Giza eboluzioaren historia biziki konplexua da; giza taldeak ordezkatzeko eredua izan dugu, eta badugu, oraindik ere.

Europako lehen giza taldea, beraz, duela 1,5 milioi urtekoa da?

Atapuercan duela 1,2-1,3 milioi urtekoak dira aztarnarik zaharrenak. Andaluzian 1,4 milioi urteko hortz txiki bat aurkitu zuten. Hori da giza aztarnarik zaharrena. Bertzerik ez dugu, eta, ondorioz, zaila da data zehaztea, giza taldeek erabiltzen zituzten tresnak baino ez zaizkigulako gelditu. Baina nik uste dut 1,5 milioi urteko data zentzuzkoa dela Europako lehen giza taldeaz hitz egiteko.

Duela milioi bat urte ingurukoa da, berriz, Homo antecessor?

Hala uste dugu, duela milioi bat urte inguru ailegatu zela Europara. Gure ustez, eta halaxe argitaratu genuen 1997an, espezie horrek hagitz rol garrantzitsua bete zuen giza eboluzioan, harengandik bereizi zirelako, batetik, neandertalen genealogia, eta, bertzetik, Homo sapiens-ena. Kritika anitz jaso genituen. Berriki, kongresu batean izan naiz, eta garai hartan kontra agertu zen kideetako batek arrazoia eman dit, azkenean. Kontent naiz kideak hasi direlako Homo antecessor-i gure ustez duen garrantzia ematen.

Hezurren leizea da Atapuercako ezagunenetakoa. Harrigarria da han aurkitutako giza aztarnen kopurua, ezta?

Bai, harrigarria benetan. 6.500 giza arrasto inguru aurkitu ditugu han, gutxienez 28 gizakirenak. Zaila da hori azaltzea. Gure hipotesia da gizaki horien gorputzak bota egin zituztela. Nola hil ziren? Ez dakigu. Izan ere, gehienak gazteak dira, 10 eta 35 urte artekoak. Adinagatik uste dugu hondamenezko gertaeraren bat jazo zela. Taldeen arteko borroka bat gertatu zen, akaso.

Noizko giza taldea da leize horretakoa?

Duela 430.000 urte ingurukoa. Hasieran argitaratu genuen espeziea Homo heidelbergensis zela, baina sailkapen horretatik atera dugu. Ez dugu erabat definitu zer espezie den, baina ez du bat egiten Homo heidelbergensis-ekin. Edonola ere, leizekoak antzinako neandertalak dira.

Hezurren leizean aurkitutako giza aztarna horien eta Txinan aurkitutako bertze batzuen arteko antza agerian utzi du ikerketa batek. Zer deritzozu?

Bai, hemengo eta hango hainbat aztarnaren artean antzekotasunak badira. Hasi gara Pekingo ikerlariekin lanean, jorratu eta sakondu beharreko gaia baita. Argitu nahi dugu hain ekialdeko, Txinako, eta Europako giza taldeen artean zer-nolako harremana dagoen. Harremana badela nabarmena da, denboran atzera eginez gero arbaso komuna aurkituko baitugu. Txinpantzeekin bat egin arte egin dezakegu atzera! Kontua da arbaso komun hori non dagoen edo noizkoa den argitzea. Proiektu interesgarria da, eta landu beharrekoa. Txinako aztarnak ezagutzeko interes handia dugu.

Atapuercan ere lanean jarraitzen duzue. Aurten, Mamuaren leizean hasi zarete, ezta?

Bai, eta hasi bezain pronto aurkitu dugu giza aztarna bat, hezur parietal bat. Leize hori aspalditik ezagutzen dugu, baina itxita egon da, duela denbora bat norbait sartu eta lurra mugitzen aritu zelako. Aurten gure asmoa izan da leizea garbitzen hastea, eta indusketekin hasi bezain pronto aurkitu dugu hezurra. Ezusteko handia izan da, eta ziur gara gehiago izanen ditugula.

Zer aurkitu bada oraindik?

Bai, bai. Anitz dago, oraindik ere, lantzeko. Ziur naiz gure ikasleek aurkikuntza garrantzitsuak egiten jarraituko dutela.

Eskola ere badira Atapuercako aztarnategiak?

Bai, zalantzarik gabe. Aurten ia 300 pertsona aritu dira udako indusketa lanetan, 27 herritakoak. Eta 1978an hasi ginenetik 2.000 edo 3.000 pasatu dira aztarnategietatik. Haietako anitzek lanean jarraitzen dute, mundu osoko aztarnategietan.

Gizateriaren ondare dira Atapuercako aztarnategiak; egiten duzuen lanak merezi duen aitortza jasotzen duela uste duzu?

Duela zenbait urte ezetz erantzun izanen nukeen. Orain egoera bertzelakoa dela uste dut. Gure lana zabaltzeko ahalegin handia egin dugu, gure eginbeharra hori dela uste baitugu. Hau da, gizarteari itzuli behar diogula egiten duen inbertsioa. Hala ere, pena ematen dit, oraindik ere, zientziaren esparruan egiten diren inbertsioak urriak izateak. Norbaitek erran zuen Europa iparraldeko herriek ez dutela zientzia egiten aberatsak direlako, baizik eta aberatsak direla zientzia egiten dutelako. Ni ados nago.