Kattalin Barber
Noaingo San Miguel ikastetxean D eredua eskaintzea lortu zuten, herritarrek urte luzez egindako ahaleginari esker. Gutxika-gutxika, euskararen aldeko urratsak egin dituzte ikastetxean, ahalegin horri esker. Aurtengo ikasturtearen hasieran, ordea, trabak eta eragozpenak izan dira nagusi D ereduan. Halaxe nabarmendu dute LABek eta ikastetxeko guraso elkarteak. Salatu dute D ereduko 3, 4 eta 5. mailako ingeleseko irakasleak erdaldunak direla, eta A ereduko zerrendatik hartu dituztela.
Joan den astean gurasoek egoera hori salatu eta gero, Hezkuntza Departamentuak Noainera euskarako profila duen irakaslea bidaltzea erabaki du, aste honetan. Euskarako C1 maila duen irakasleak emanen ditu ingeleseko eskolak, ondorioz. Denera, 15 ordu. “Arazoa konpondu dute, baina berandu; ekainetik erabakita egon behar zuen”, adierazi du Alberto Goikoa LABeko Nafarroako irakaskuntzako kideak. “Onartezintzat” jo du ikastetxean gertatu dena, eta, bereziki, ikasleek jasan behar izan duten egoera.
Arazoaren berri izan bezain pronto, ikastetxeko zuzendaritzako kideengana jo zuen guraso talde batek. Hezkuntza Departamentuko erabakia izan zela esan zieten, baina Hezkuntza Departamentuak kontrakoa esan zuen, eskolaren eskakizuna izan zela, alegia. “Guri baieztatu digute zuzendariaren erabakia izan dela, eta legearen gainetik jokatu duela; Hezkuntzako Ikuskaritza zerbitzuaren inolako kontrolik gabe, gainera”, gaitzetsi du Goikoak.
Euskaraz ez dakien irakasle batek euskaraz ikasten duten ikasleei ingeleseko eskola emateak ikas prozesua baldintzatu, eta, neurri batean, hondatu egiten duela salatu du Goikoak. “Ikasleek ingelesez zerbait ulertu ezean, gazteleraz solastatu behar dute; murgiltze eredua apurtu dute, eta ikasle hauen hizkuntza garapena kolokan jarri”.
Noaingo San Miguel ikastetxeko zuzendaria Juan Carlos Turunbai elebakarra da. Hark dioenez, Hezkuntza Departamentuari jakinarazi zizkion joan den ikasturtean aurtengorako izanen zituen beharrak, eta horien artean, ingelesa emanen zuen euskarazko irakaslea beharko zutela adierazi zuen. “Nik ikastetxeak dituen beharren berri ematen diot Hezkuntza Departamentuari. Ez dakit zergatik, baina ez zidaten kasurik egin, eta ez dugu lortu euskaraz dakien ingeleseko irakaslea izatea”, azaldu du. D-PAI, G-PAI eta A-PAI ereduak eskaintzen dituzte Noaingo ikastetxe publikoan, gaur egun.
Irakaslerik gabe, aukera bakarra ikusi zuen Turunbaik: “A ereduan ematen duten ingeleseko irakasleei euskarazko ikasleen orduak sartu. Baliabiderik gabe ezin izan dugu gehiagorik egin”. Argi du, hala ere, irtenbiderik egokiena ingeles eta euskara maila duten irakasleak kontratatzea zela: “Niri egotzi didate errua; baina hori ez dago nire esku”. Goikoak adierazi du lan eskubideen urraketa “larria” gertatu dela: “D ereduko zerrendan dauden ingeleseko irakasle batzuk lanik gabe egon dira Noaingo eskolan aritu beharrean”.
LABek uste du Hezkuntza sailak “arduragabekeriaren erantzukizuna identifikatu eta horren araberako erabakiak” hartu behar dituela. Horretaz gain, horrelako kasuak ez errepikatzeko Hezkuntza Ikuskaritzak jarraipen estua egitea eskatu du sindikatuak.
Duela zenbait urte, guraso talde baten lanari esker, Noaingo eskola publikoan Hezkuntza Departamentuak D eredua eskaintzeko baimena ematea lortu zuten. Urratsak egin ditu D ereduak ordutik. Baina, oraindik ere, bide luzea gelditzen zaio. Joan den ikasturtean, gurasoek D eredua beste ereduetatik bereiztea eskatu zuten. Ez zuten lortu, baina bereizketa egin gabe beste lorpen batzuk egon dira: D ereduko ikasketa burua jarri dute, euskarazko ikasgelak elkarren ondoan jarri dituzte, eta guraso elkarte propioa sortu dute.
LABek berretsi du Noaingo ikastetxean oraindik urrats asko egin behar direla “benetako” D eredua lortu arte. “Horien artean, euskararen aldeko jarrera eta euskarazko irakaskuntza bermatzeko prest izanen den zuzendaritza taldea lortzea. Bi ereduen arteko interesekin bat egiten duena”. Orain arte hori ez dela gertatu diote.
“D eredua hainbat lekutan zabaltzeak ekartzen duen ahaleginaren aurrean, zenbaitek oztopoa eta tranpa besterik ez dute jartzen hizkuntzen normalizazioaren ibilbidean”, salatu du Goikoak.
Turunbaik, ordea, nabarmendu du D ereduaren aldeko apustu sendoa egiten ari direla. “Ahal dugun moduan” ari direla erantsi du. 750 ikasle inguru daude San Miguel ikastetxean, eta horietako %20 inguruk ikasten dute D-PAI ereduan. 2009. urtean jarri zuten D eredua Noainen, herritarren eskakizunari erantzunez. Turunbaik argi du Noainen eskainitako hiru ereduek emaitza oso onak ematen dituztela ikasle elebidunak osatzeko. “Egia da familia batzuek eskatu digutela D ereduaren bereizketa, baina era berean esaten digute ingelesa ez dugula ahaztu behar”.