Kattalin Barber
“Oso ongi dokumentatutako gezurra kontatzen dut Feriatzaileak liburuan”, dio Patxi Larrion historialariak (Bergara, Gipuzkoa, 1964). Lapurreta baten istorioa du ardatz, elkarrizketa biziz horniturik. Patton filma, Iruñea eta Urbasa bera dira kontakizunaren atrezzo.
Nortzuk dira feriatzaileak?
Feriatu hitza existitzen da, eta hainbat adiera ditu. Baina feriatzailea, aldiz, ez. Euskaltzaindiak ez dakit onartuko duen edo ez, baina horra nire proposamena. Ez da lapurtu, baina ez da erosi ere. Zerbait lortzea izan daiteke. Euskaraz birigarro edota pajaru esaten diogu jende horri. Baina feriatzaile bat nor den jakiteko liburua irakurri behar da. Orduan, irakurlea konturatuko da inoiz izan duela bere aurrean feriatzaileren bat. Nik asko ezagutu ditut.
Lapurreta baten gorabeherak kontatu dituzu. Zergatik kokatu duzu 1969an?
Urte horretan bertan Patton film estatubatuar ospetsuaren azken eszenetako batzuk Urbasan eta Iruñean filmatzen ari ziren. Bi gazte dira protagonista, eta Iruñean daude unibertsitatean eta soldaduska egiten. Dena den, ez dira soldadu arruntak. Estatus bat dute. Bi gazteak egonen dira filmaren zerbitzura, eta iruzurra egiten dute. Aurrerago, filmak berak zabaltzen die aukera zerbait handiagoa feriatzeko. Eta hor hasten da kontakizuna. Kontakizunak astebete irauten du: apirilaren 29tik maiatzaren 5era. Hortaz, elkarrizketak biziak dira.
Izan daiteke eleberri beltza?
Esan didate abenturazko nobela dela, eta egia da, baina nik esanen nuke liburu ekonomiko eta politikoa dela. Eta ez bakarrik karlismoak duen pisuarengatik. Ahulak diren batzuek goian dituztenei lapurtu behar diete. Eleberri beltz gisa har daiteke. Ez dago hildakorik, baina bai odol pixka bat.
Hierarkia oso presente dago liburuan?
Bai, eta ez bakarrik protagonisten artean. Lehenbiziko kritika konstruktiboak jaso ditut, eta oso nobela maskulinoa dela esan didate. Egia da: protagonistak maskulinoak dira, eta agertzen diren emakumeak, nire ikuspuntutik, garrantzitsuak eta gakoak diren arren, historia honetan, era berean, menpekoak dira. Erabaki kontziente bat izan zen. Garai horretan baziren menpekoak ez ziren emakumeak, baina kontakizun honetan agertzen direnak nik horrela deskribatu ditut.
Zuretzat gakoa izan zen Patton koktela, ezta?
Bai. Hori izan zen idazteko behar nuen gasolioa. Lagun batek kontatu zidan koktelaren historia: Maisonnave hoteleko tabernariak Patton filmeko langileentzat koktel bat asmatu zuen. Urte berean, Nafarroako txapelketara aurkeztu zuen, eta hirugarren gelditu zen. Koktelak hasiera ematen dio kontakizunari.
Oraindik egiten dute?
Gazteluko plazan dagoen Txoko tabernakoekin hitz egin nuen, eta norbaitek koktela eskatzen badu, hango zerbitzariak prest daude egiteko. Liburuaren aurkezpenean ere prestatu genuen. Whiskia, vodka eta cointreau ditu.
Zinema garrantzitsua izan da zuretzat?
Zinema eta Urbasa. Izan ere, gurasoak Etxabarrikoak dira, eta askotan ikusten genuen nola filmatzen zuten Urbasan. Banuen buruan feriatzaileei buruzko zerbait kontatzeko asmoa, eta zinemarekin lotzekoa. Liburuan agertzen den ia guztia gezurra da, baina oso ongi dokumentatutako gezurra.
Nola dokumentatu zara?
Ahozkotasuna oso inportantea izan da niretzat. Batik bat jakiteko zehatz-mehatz nolakoak ziren kaleak eta ingurunea garai horretan. Hemeroteka asko ikusi ditut, bereziki Iruñeko Udal Artxiboarena. Leku izen asko agertzen dira liburuan. Horrek kontakizunari ea trabarik egiten zion galdetu nien editoreei, eta, ezetz esan ostean, horiek mantentzea erabaki nuen. Zer dela eta? Iruñea edo Urbasa ezagutzen duen irakurleari balio erantsi hori emateko.
Egin daiteke protagonistek egin zuten ibilbidea orain?
Egin dut, baina maletarik gabe. Aurtengo sanferminetan, Iñigo Aranbarri, Alberto Barandiaran, Patxi Uharte eta laurok ibili ginen kale horietatik. Hamaiketakoa hartu genuen liburuan agertzen den ostatu batean, La Navarran. Ni prest nago eleberria irakurri duten lauzpabost lagunekin ibilaldia errepikatzeko eta nirekin liburua ezagutzeko. Maletarekin eta maleta gabe. Gauza bitxia gertatu zitzaidan joan den astean, eta erabat harritu ninduen. Astelehen arratsaldean izan zen, eta Xabier kaleko Karridendatik irteten ari nintzen presaka. Oinez zihoazen bi gazte, nik ezagutzen ez nituenak, eta batek bizikleta bat zeraman. Atera nintzenean, biak jiratu ziren, eta segituan esan zion batak besteari: “Hara! Feriatzailea!”. Tontakeria da, baina sekulako ilusioa egin zidan. Penaz, geratu ez nintzelako. Baina gure hiriaren imajinariorako zer edo zer utzi baldin badut, primeran. Horrekin konplitu dut.
Lehen liburua duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?
Etxean argitaratu dut. Susakoa naiz, eta 25 urte daramatzat kolaboratzen. Arnasa handiko lehen lana da hau, eta gustura aritu naiz. Beharra baino gehiago, momentu batean obsesio bilakatu da, baina dibertimendua izan da niretzat. Patton filma, Iruñea eta Urbasa bera dira kontakizunaren attrezzo. Baina, momentu batean, attrezzo baino gehiago dira, edo hori lortzen saiatu naiz, bederen.