Aldaketa garai baterako erak

Aldaketa garai baterako erak

Edurne Elizondo

Molde zaharrak atzean uzteko garaia da oraingoa; orain arteko hainbat egitura zurrun hausteraino tenkatzekoa. Mezu hori bere egin du LAB sindikatuak Nafar Lansareko kontseiluan, eta mahai gainean jarri ditu erakunde horretan egindako lehen urratsak: bertan behera utzi dituzte UGT eta CCOO sindikatuekin langileen formakuntzarako egindako hitzarmenak, aspalditik susmopean zirenak. “Guztiz beharrezkoa zen”, nabarmendu du LABeko kide eta Nafar Lansareko kontseiluko ordezkari Imanol Karrerak.

Nafarroako Kontuen Ganberak aztertu zuen 2008tik 2013ra CCOO eta UGT sindikatuek eta CEN Nafarroako Enpresaburu Elkarteak langileentzako ikastaroak eta bertzelako zerbitzuak eskaintzeko hitzarmenen bidez jasotako dirua: denbora tarte horretan 117 milioi euroko diru kopurua hartu zuten, hain zuzen ere.

Halako datuek islatzen zuten errealitatea behin eta berriz salatu dute LAB eta ELA sindikatuek, azken urteotan. ELAk, hain zuzen ere, auzitara jo zuen iazko udazkenean. Sindikatu horrek Nafar Lansarek izenpetutako hitzarmenak ikertu zituen 2014. urtean, eta egiaztatu zuen hitzarmen horietan hiru erakunde horietako 72 ordezkariren izen-abizenak ageri zirela. ELAren arabera, Nafar Lansare kide horien soldata ordaintzen ari zen, beren barne egitura finantzatzen.

“Nafar Lansare CCOO, UGT eta patronalaren txosna bilakatu zen”, salatu du LABeko Karrerak. Eta, hori dela eta, ontzat jo du Nafar Lansarek sindikatuekin zituen hitzarmenak bertan behera utzi izana. Gogoeta prozesu baten ondorioz erabaki zuen LABek erakunde horretako kontseiluan sartzea. Otsailean bat egin zuen sindikatuak Nafar Lansarerekin, 2017ko abendura arte egoteko asmoz. “Helburuetako bat zen hitzarmenak bertan behera uztea”. Karrerak agerian utzi du, hala ere, guztiak ez direla bazter gelditu: “Patronalarekin lau hitzarmen egiteko asmoa bada; ez bakarrik CENekin, baina erakunde horrek hartzen du 800.000 euroko sailaren zati nagusia”, azaldu du LABeko kideak. Sindikatu horrek gobernuari eskatu dio atzera egin dezala. “Gobernuak dio, ordea, patronalarekin sinatu nahi direnak ez direla hitzarmenak; diru laguntzen esparruan kokatzen ditu. Aurkeztutako aurrekontuak behin-behinekoak dira, oraindik ere, eta hitzarmen horiek kenduko dituzten esperantza txiki bat dugu”.

Karrerak nabarmendu du orain arte CENek eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafar Lansaren izan duten botereak ere ekarri duela langile anitzen “bazterketa”, sindikatu horietakoak ez izateagatik, emakume izateagatik eta abar. “Horren aurka ere egin behar dugu, behingoz”.

Batzordea, plana osatzeko

Sindikatuekin eta patronalarekin sinatutako hitzarmenak ez dira izan, orain arte, langileentzako ikastaroak antolatzeko modu bakarra. Lehiaketen bidez ere antolatu dute arlo hori Nafarroako aurreko gobernuek. LABek argi utzi du bere apustua bertzelakoa dela, eta hori defendatu du Nafar Lansareko kontseiluan: sare publikoa garatu nahi du; bide horretan urratsak egin, urtez urte.

2017rako aurrekontuetan aldaketa sumatu dutela azaldu du Karrerak. “Gobernuaren zentroaren sailak %17 egin du gora, adibidez”. LABeko kideek argi dute Hezkuntza Departamentuaren esku hartzea ezinbertzekoa dela formakuntzarako sare publikoa garatzeko prozesu horretan. Hezkuntza Departamentua Nafar Lansareko kontseiluko kide da, hain zuzen, CCOO, UGT eta LAB sindikatuekin eta CEN elkartearekin batera. ELAk erakunde horretatik at gelditzea erabaki du.

Langileentzako ikastaroen kudeaketa publikoa nola antolatu aztertzeko batzorde bat osatzeko eskatu du LABek. “Batzorde horren helburua izanen da plan bat osatzea oraingo legegintzaldirako”, erran du Karrerak. Kudeaketa publikoaren alde urratsak egiteko asmo horiek CCOO eta UGT sindikatuak eta enpresaburuak “urduritu” dituela erantsi du LABeko kideak. “Argi dago ez daudela eroso”. Ez bakarrik kudeaketagatik. Bertzelako aldaketak gertatu dira Nafar Lansaren. “Orain arte hiru erakundeok beto eskubidea zuten aurrekontuak zehazterakoan; epaile eta parte ziren, aldi berean. Orain, kontseilua kontsultarako organo bat besterik ez da. Ikuspuntu demokratiko batetik, onartezina zen gertatzen zena”. Era berriak behar direla berretsi du.