Kattalin Barber
Azken egunak ditu Nafarroako sor-markaren mahats bilketak. Iaz baino kilo gutxiago bilduko dituzten arren, “kalitate handikoa” izanen da aurtengo uztaldia David Palacios (Erriberri, 1978) Nafarroako sor-markaren lehendakariaren ustez. “Parametro guztiak lagun izan ditugu”.
Azken txanpan sartu da aurtengo mahats bilketa. Zer moduzkoa izan da?
Oraindik astebete falta da mahats guztiak biltzeko, baina esan dezakegu oso ongi joan dela. Uztaldia hasi baino lehen esan genuen aurtengo produkzioak behera eginen zuela, baina, era berean, mahastien osasuna oso ona da, eta erabat helduta dago. Oraindik, Behe Mendialdean, Izarbeibarren eta Lizarraldean biltzen ari dira. 73 milioi kilo mahats biltzea espero dugu.
Negua leuna izan da. Nola eragiten du horrek mahastietan?
Udazkenak ere lagundu du. Leuna izan da, eta tenperatura alturik gabekoa. Hori dela eta, mahatsaren umotze prozesua motela izan da. Azken finean, gurea erregosi bat egitea bezala da. Hobe egitea su motelean eta poliki-poliki, presio eltze batean baino. Zaporea beti hobea izanen da egosaldi leun batean. Mahastiek aroma gehiago finkatu dute. Egia esan, parametro guztiak lagun izan ditugu mahats bilketa on bat izateko.
Uda, berriz, beroa eta lehorra izan da. Mesede egin dio?
Landareak izaki bizidunak dira, eta 30 graduren gainetik ez dute lanik egiten. Horregatik, aurten beranduago hasi dugu mahats bilketa. Mahatsaren umotzean lehorteak ere eragina du, baina zortea dugu, Nafarroako mahastien %60k ureztatze sistema lokalizatua baitute. Uste genuen baino gutxiago eragin du. Landareek oso ongi erantzun dute.
Beti hegoaldetik iparraldera hasten da biltzen?
Urtero hasten gara Nafarroako hegoaldean. Chardonnay eta moskatel izaten dira lehenengoak. Aurten, kontua izan da hainbat eremutan beste zenbaitetan baino atzerapen handiagoa izan dutela. Nafarroako sor-markaren iparraldeko eremuak proportzioan atzerapen gutxiago izan du hegoaldearekin alderatuz. Uda leunagoa izan da hor, eta landareak egun gehiago aritu dira lanean.
Zenbat mahastizain daude Nafarroan sor-markarekin?
Egun, Nafarroan 100 upeltegi inguru ditugu, upategi pribatuak eta kooperatibak kontuan hartuz. Denera, 11.300 hektarea ditugu, eta 3.200 mahastizain ari gara lanean.
Zein da Nafarroako Sor-Markaren Kontseilu Arautzailearen helburua?
Gure lana bikoitza da. Alde batetik, mahastien kalitatea kontu handiz zaintzen dugu Nafarroako sor-markako ardoak onak izateko. Bestalde, hemengo ardoak sustatzea eta ekitaldiak antolatzea da gure lana. Bai hemen eta baita atzerrian ere. Nafarroako sor-marka Espainiako zaharrenetarikoa izan arren, aitzindariak gara komunikazio arloan eta ekitaldiak antolatzen. Gazteen artean gehiago ezagutzeko lan egiten ari gara. Kanpaina gehienak 20-45 urte bitarteko pertsonentzat bideratzen ditugu. Momentu batean, gazteak ardoaren mundutik aldendu ziren, eta berriro hurbiltzea nahi dugu.
Lortzen ari zarete?
Bai, fruituak jasotzen ari gara orain. Gero eta gazte gehiago ikusten ditugu ardoarekin poteatzen. Gozatzeko eta haien aisialdirako izatea nahi dugu. Badaramatzagu hamar urte baino gehiago honekin, eta jarduera asko egin ditugu: La Noche del vino, Vinofest, La Calle en Rosa… Gainera, oso garrantzitsuak dira formakuntza ikastaroak. Urtero, 2.500 pertsonak parte hartzen dute.
Nafarroan bidea egina duzue, baina nolakoa da Nafarroako ardoen egoera atzerrian?
Nafarroako sor-markak ibilbide luzea eta esperientzia handia du atzerrian. Produkzioaren %40 esportatzen dugu. Merkatu ohikoenak Ingalaterra, Alemania, Suitza eta Herbehereak dira. Baina azkenaldian AEBek eta Txinak pisua hartu dute. 70 herrialdetan baino gehiagotan saltzen ditugu Nafarroako ardoak.
Zertan desberdintzen dira Nafarroako ardoak?
Ezagunak gara ardo gorriarengatik. Nafarroan bakanak gara egiteko orduan. %100 mahats beltzekin egiten dugu, nahasketarik gabe. Eta erabiltzen dugun metodoa koskatzearena da; ez dugu inoiz prentsatzen. Hori dela eta, muztio lorearekin gelditzen gara, esentziarekin. Horrez gain, ardo txuri eta beltz oso onak ditugu. Iparraldean gaude, eta klima atlantikoaren eragina dugu. Ardo freskoak dira gureak, garratz ukituarekin eta bizitza luzearekin.
Dena den, Nafarroan ez da ardo gorria hainbeste edaten. Zergatik?
Nafarroan gehien saltzen dena ardo beltza da. Gorria jendeari kosta egiten zaio, izan daiteke ohiturarengatik. Baina Europan orain modan dago ardo gorria. Noizbait iritsiko da hona. Niri neuri ardo gorria gustatzen zait, oso egokikorra delako eta edozein janarirekin edan dezakezulako. Gainera, oso freskoa da.
Aurrera begira, zein dira erronka nagusiak?
Hemen beti ilusioa dugu, baina gehiago komertzializatzea gustatuko litzaiguke. Beste erronka garrantzitsu bat ardoen balioa handitzea da. Askotan, prezio oso baxuetan saltzen dugu, baina arazoa ez da Nafarroako sor-markarena: arazoa endemikoa da. Esaterako, Espainian ardo litroa batez beste 1,5 euroan saltzen da. Frantzian, aldiz, 5,5 euroan. Kalitate handiko ardoak egiten ditugu, eta balioa eman behar diegu.