Urratsez urrats, Perura heldu arte

Urratsez urrats, Perura heldu arte

Kattalin Barber

Boluntarioa izateko grina izan du Iraide Sagardiak betidanik, eta, uda honetan, bere ametsa errealitate bihurtu du Peruko Pamparomas eskualdean hilabeteko boluntariotza egin eta gero. Are gehiago, bere esperientziaren ostean, Pamparomas Creciendo Juntos gobernuz kanpoko erakundea sortu berri du, beste bost kiderekin batera. Joan den larunbatean aurkeztu zuten proiektua Etxaurin, jai giroan, eta, orain, urratsez urrats baliabide ekonomiko zein materialen bila ari dira, eta baita Perura joan nahi duten boluntarioen bila ere.

Hilabete osoa eman zuen Sagardiak Peruko mendialdean dagoen eskualde batean, eta, hango egoera eta herritarren beharrak ikusirik, ez zuen egonean gelditu nahi. “Zerbait egiteko beharra sentitu nuen”, adierazi du. Gizarte hezitzailea da, eta Isterria hezkuntza bereziko eskolan lan egiten du. Udako oporraldiak baliatuta, Mujeres en Mision Humanitaria elkartearekin harremanetan jarri zen, eta uztailaren 6an iritsi zen hara. Goizetan eskolako umeekin aritzen zen Sagardia, eta arratsaldeetan, berriz, emakume taldearekin ahalduntze prozesua garatzen. “Inoiz ez dut ezagutu ikasteko hainbesteko gogoa duen umerik”, nabarmendu du.

Poliki-poliki, hango umeen beharrez ohartu zen Sagardia, eta erakundeak proposatu zion ikasteko arazo gehiago zituzten umeekin lan egin eta haiei laguntzea. “Gurasoek ere planteatu zizkidaten beren egoerak, beldurrak, beharrizanak… Egoera latza da hangoa”. Konturatu zen bazirela haur asko ikasteko arazoak zituztenak, eta hango hezkuntza sistemak ez duela ezer egiten haiek laguntzeko: “Hezkuntza han oso zaharkitua dago. Mendialdean dago Pamparomas, eta bakarrik ikasle onenak joan daitezke hirira ikastera. Hortaz, behar gehiago dituzten ikasleei ez zaie kasu handirik egiten”. Horrez gain, irakasleek ez dutela behar berezietan formakuntzarik jakinarazi du Sagardiak.

Horretan arreta jarri zuen, eta behar bereziak zituzten umeen erregistroa egitea otu zitzaion. Arazoak izan zituen, hala ere, hasteko. “Osasun etxera eta udaletxera joan nintzen informazio eta erregistroen bila, baina bertan ez zuten ezer. Herriz herri joatea izan zen aukera bakarra”.

43 herrik osatzen dute Pamparomas eskualdea, eta horietako bederatzi bisitatu zituen Sagardiak, hain zuzen ere: “Ez nuen denbora gehiagorik izan, eta behar bereziko hogei kasu ikusi nituen. Umeak ikusezinak ziren han, ez zegoelako inolako erregistrorik”.

Nafarroara itzultzeko egun gutxi gelditzen zitzaion Sagardiari, eta, buruari bueltak eman ostean, Rosa Villar hango herritarrarekin batera gobernuz kanpoko erakunde bat martxan jartzea erabaki zuen: Pamparomas Creciendo Juntos. “Orain behar ditugu boluntarioak nik hasi nuen erregistroa jarraitzeko, eta herriz herri kasuak aztertzeko eta diagnostikoak sortzeko”. Datorren udara arte ezinen da itzuli hara.

Aurrera egiten ari dira pausoz pauso. Sei kide dira, eta GKEak badu talde teknikoa Nafarroan, AEBetan eta Perun bertan. Lankidetza proiektua lantzen eta garatzen ari dira orain, eta GKEaren lan ildo nagusiak hezkuntza, osasuna eta turismoa dira. Nafarroako talde teknikokoak dira Luis Garcia eta Borja Luque psikologoak. Sagardiaren bidez jakin zuten proiektuaren berri, eta birritan pentsatu gabe bat egin zuten hark osatutako gobernuz kanpoko erakundearekin.

“Nire interesekin bat egiten du GKEak bere osotasunean, eta ahal dudan guztian murgilduko naiz proiektuan”, azaldu du Luquek. Esperientzia du psikologoak gizarte eta integrazio proiektuetan, eta gustatuko litzaioke sexu jokaerak aztertzea Pamparomasen. “Hau ez da karitatezko egintza bat; guk nahi duguna da hangoei erremintak ematea haien artean laguntzeko”.

Laguntza bila

Sorrera zaila izaten ari dela dio Garciak, baina ilusio handiarekin ari direla. Talde gaztea da Nafarroakoa. “Hau da gure momentua, eta egoera aldatu behar dugu”, adierazi du. Haren ardura izanen da komunitatearen arazo eta beharrizanak antzematea, eta ebaluazioa egitea, hain zuzen ere. Oraingoz, “beharrezkoak diren beste hamaika kontutan” dabil, eta gustatuko litzaioke Pamparomasera joatea egoeraren analisia egiteko.

Oraingoz, halere, aurrera egiteko laguntza behar dute erakundeko kideek: “Mota guztietako laguntza behar dugu. Gure ideia da lanari segida eman ahal izateko Perura joan nahi duten boluntarioak bilatzea, baina, horretaz gain, finantzaketa ere lortu behar dugu. Baliabide logistikoak, ekonomikoak eta giza baliabideak behar ditugu”. Lanean hasteko prest dira.