Madrilera, errealitatea onar eta arau dezaten

Madrilera, errealitatea onar eta arau dezaten

Edurne Elizondo

Berriz saiatu nahi dute. Duela hamar urte sortutako errealitatea dira kalamu klubak Nafarroan, eta errealitate hori onar eta arau dezatela nahi dute Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko kideek. Lehendabiziko aldiz 2014an saiatu ziren hori lortzen. Herri ekinaldi legegile baten bidez, Nafarroako Parlamentura eraman zuten kalamu kluben jarduera arautzeko legea, eta parlamentuak onartu egin zuen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, atzera bota zuen.

Bigarrenez saiatu nahi dute orain. “Arazoa bada Nafarroak auzi horretan eskumenik ez duela, goazen bada Madrilera”, erran du Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko presidente Fermin Lesek. Erran eta egin. Duela astebete aurkeztu zuten kalamu klubak arautzeko herri ekinaldi legegilea Espainiako Kongresuan. Nafarroako legea onartu eta gero, Katalunian ere antzeko bat aurkeztu eta onartu egin zuten, baina, hemengoak bezala, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ezezkoa jaso zuen hangoak ere. “Madrilen aurkeztu dugun testuak bi legeok hartzen ditu oinarri”, azaldu du Lesek.

Espainiako Kongresuko mahaiak hamabost eguneko epea du eskaera onartu edo bazter uzteko. “Atzera botatzen badute, helegitea aurkeztuko dugu”. Onartuko dutela ziur da Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko idazkari nagusi Ramon Morcillo. Hala bada, bederatzi hilabeteko epea izanen dute ekinaldia aurkeztu dutenek milioi erdi sinadura biltzeko.

Kopuru horrek ez ditu gehiegi kezkatzen Les eta Morcillo. “Estatuan 1.000 kalamu klub inguru badira, eta astero sortzen da berriren bat”, azaldu du Lesek. Nafarroan 2006. urtean sortu zen lehendabizikoa, alderdi kannabikoarekin batera. Gaur egun, 60 inguru dira herrialde osoan. “Errealitate bat gara. Existitzen gara, eta gero eta gehiago gara, gainera. Duintasunez kontsumitu bertzerik ez dugu nahi”, nabarmendu du Lesek.

Aurkeztutako herri ekinaldi legegilearen bidez, batez ere, nork bere kontsumorako zenbat kalamu hazten ahal duen zehaztu nahi dute ordezkaritza kannabikoko kideek. “Gaur egun, epaileak erabakitzen du zenbat kalamu izan dezakeen pertsona batek; epaile horren interpretazioaren arabera zara trafikatzaile bat edo ez”, salatu du Morcillok. Adibide bat jarri du: “Zure etxean zuk kontsumitzeko kalamu landareak badituzu, eta bizilagun batek zure kontrako salaketa jartzen badu, polizia sartzen ahal da zure etxera, eta zu epailearen aurrera eraman. Zuk frogatu behar diozu epaileari etxean dituzun kalamu landareak zure kontsumorako direla, eta ez saltzeko. Hau da, errugabetasun presuntziorik ez da existitzen kalamua hazten dutenentzat”.

Herri ekinaldi legegilean kopuru bat zehaztu dute, gisa horretako egoerak saihestu ahal izateko: kanpoan zortzi kalamu landare, edo barruan lau metro koadro, hain zuzen ere. “Oraingo babesgabetasuna bazter utzi nahi dugu, bertzerik ez”, azaldu du Morcillok.

Aldi berean, kalamu klubei “legezko oinarri bat” eman nahi diete, ekinaldiaren bidez. “Jurisprudentziaren menpe gaude, gaur egun; hau da, epaile baten edo bertzearen interpretazioaren menpe, berriz ere”, erantsi du Morcillok. Legez eman nahi dioten oinarri horren arabera, adin nagusikoentzat izanen lirateke kalamu klubak, eta irabazi asmorik gabekoak; ez hori bakarrik: bazkideek aurretik kontsumitzaile izan beharko lukete; eta klubaren barruko kontsumoa, gainera, aldez aurretik mugatuko litzateke.

Halaxe egiten dute egun ere. Les eta Morcillo bazkide diren klubean, adibidez, astean 21 gramoko muga dute; egunean hirukoa, alegia. Egoitzan bazkideak baino ez dira sartzen. Inork ezin du kalamua hartu bertze norbaiten izenean. Gela bat dago bakoitzari dagokion kopurua jasotzeko, eta gela nagusi bat, berriz, kontsumitzeko. “Aisialdirako bertze edozein egoitzaren gisakoa da gurea; bat egiten dugu, lasaitasunez kontsumitu ahal izateko”, azaldu du Fermin Lesek. “Arduraz jokatu nahi dugu”, gaineratu du. Beren jarduera gero eta zailagoa dela jakinarazi du, ordea.

Legeek uzten dituzten zirrikituak baliatzen dituzte kalamu klubek. Arazo nagusia kontsumitzeko kalamua haztea dela nabarmendu dute Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko kideek. “Sistemak berak bultzatzen gaitu merkatu beltzera. Guk hortik atera nahi dugu. Ez dugu ezkutuan ibili nahi”, erran dute.

Azken urteotan, kalamu kluben aurkako jazarpenak gora egin duela nabarmendu dute Lesek eta Morcillok. Beren klubeko egoera jarri dute horren adibide. “Zuzendaritza batzordeko kide guztiak gaude inputatuta. Denon artean, 25 urteko espetxe zigor bati eta milioi eta erdi euroko isun bati egin behar diegu aurre”.

Legeak, berez, ez du autokontsumoa zigortzen. Kalamua bertzeen esku uzteko jarduera dago zigortuta. “Ondorioz, auzitara ailegatzen diren kasu gehienetan absoluzioa erabakitzen dute epaileek”. Mozal legearekin egoerak okerrera egin duela salatu du Morcillok, halere. “Kopuruaren arabera, karrikan kalamuarekin harrapatzen bazaituzte, 600 eta 6.000 euro bitarteko isuna jaso dezakezu, lehen aldia bada. Bigarrenean gora eginen luke isunaren zenbatekoak”.

Bertze arazo bati egin behar izan diote aurre, azken urteotan, kalamu klubetako kideek. “Espainiako Auzitegi Gorenera ailegatu dira hainbat auzi. Martin Barriusorena da kasurik aipagarrienetako bat. Auzi honetan ekintzaile nagusietako bat izan da 1990eko hamarkadatik; EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen, baina Auzitegi Gorenak 18 hilabeteko espetxe zigorra eta 250.000 euroko isuna ezarri zion. Konstituzionalean dago auzia, orain”. “300 pertsonaren aurka egin baino errazagoa da Martin Barriusoren gisako ekintzaile baten edo gurearen gisako klub bateko zuzendaritzaren kontra egitea”, salatu du Lesek. “Espainian kalamua kontsumitzen duten 4,5 milioi pertsona badira”.

Coloradoko legea, eredu

Existitzen den errealitate hori azaleratu nahi dute Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko kideek. Argi dute drogen inguruko politiketan “aldaketarako” garaia dela, eta adibidetzat jarri dituzte Ameriketako Estatu Batuetako hainbat tokitan garatzen ari diren legeak, bertzeak bertze. “Coloradon, adibidez, hagitz lege osoa dute; nork bere kontsumorako sei landare hazten ahal ditu. Medikuaren errezeta dutenentzat ere legezkoa da jada kalamua jasotzea”, azaldu du Ramon Morcillok. Nafarroako klubetan ere kalamua sendagai gisa erabiltzen duten erabiltzaileak badituzte. “Klubetan ez bada, karrikan lortu behar dute; horrek beren eritasunak eragindako egoera okertu bertzerik ez du egiten”, Lesen hitzetan. Coloradon, oraingoz, nork bere etxean hartu behar du kalamua, baina hasi dira legea moldatzen Nafarroako kluben gisako egoitzak baimendu ahal izateko, Morcillok erantsi duenez.

Han egindako lehendabiziko ikerketek erakusten dute kalamua legeztatu izanak on egin diola ekonomiari, eta enpleguak sortzeko ere balio izan duela. Horixe nabarmendu dute ordezkaritza kannabikoko kideek. “Gure egoitzan, adibidez, bost pertsona ari dira lanean, eta gehiago lirateke gure kalamua hazteko aukera bagenu”. Kontsumoak ere hemengoen gisako klubak garatzen direnean behera egiten ohi duela erran dute. “Arriskuak kudeatzeko balio dute gurearen gisako klubek, finean”.

Coloradoko legeak kalamuaren kontsumoak ukitzen dituen arlo guztiak arautu ditu. Ez luke hori eginen, ordea, Madrilen aurkeztutako herri ekinaldi legegileak, aurrera eginen balu. “Kalamu kluben jarduera arautzeko lehen urrats bat litzateke; haren bidez gogoeta mahai gainean jarri nahi dugu, eta lege osoago baten beharra nabarmendu, hain zuzen ere”, erran du Lesek.

Morcillok gogoratu du egun indarrean dagoen estupefazienteen inguruko legea 1967. urtekoa dela. “Horrek, gainera, 1913ko lege bat du oinarri! Erabat zaharkituta dago”. Legeak egungo egoerara egokitzeko ordua dela argi du Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko idazkari nagusiak. “Gizartea legeen aurretik dago, auzi honetan ere. Kalamua kontsumitzen duen jende anitz dago. Arduraz jokatu nahi dugu, eta, aldi berean, lasaitasunez. Klubak arautzeko urratsak gizarte osoari eginen lioke mesede”.

Madrilek du orain hitza. Herri ekinaldi legegilea onartzen badute, sinadurak biltzeko garaia hasiko da ordezkaritza kannabikoko kideentzat. Irrikan dira. Urratsak egiteko irrikan.